Beatriz Artolazabal: “Enplegua funtsezko elementua da gizarte-ongizate duina eta aukera berdinak izango dituen etorkizuna bermatzeko”

2022-07-15
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du Ijitoen Idazkaritza Fundazioak bultzatutako Acceder prestakuntza eta enplegu programaren 20. urteurrenaren ospakizunean
  • Diskriminazioari aurre egitea eta ijitoen integrazioan aurrera egitea, haien aniztasuna errespetatuz, 2022-2026 Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia berrian jasotako helburuetako bat da

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek parte hartu du gaur Gasteizen, Acceder programaren 20. urteurrena ospatzeko topaketan. Ijitoen Idazkaritza Fundazioak sustatutako prestakuntza- eta enplegu-programa da, eta ijitoak lan-merkatuan sartzea sustatzen du, gizarteratzeko ate gisa.

Esparru horretan, Artolazabalek gogorarazi du “diskriminazioari aurre egitea eta ijitoak gure gizartean erabat integratzeko bidean aurrera egitea, haien aniztasuna errespetatuz, 2022-2026 Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia berritik aurre egin beharko diogun erronketako bat da”. Ekintza-plan horren helburu nagusia da gizon eta emakume ijitoek gizon eta emakume ijitoak izateagatik duten diskriminazio historikoa eta egiturazkoa gainditzen laguntzea, eta haien gizarte-ongizatea eta parte-hartzea gainerako euskal herritarrenekin parekatzea sustatzea.

Sailburuak azaldu duenez, estrategia honetan ekintza-lerro bat sartu da “ijitoen aurkako euskal gizarte-itun baten oinarriak adosteko”. Izan ere, “ez da ijitoen auzia soilik, gizarte-auzia ere bada, eta bere sustraietatik landu behar da, Euskadin nahi dugun gizarte inklusiboa eta kulturartekoa lortzeko”. Legediari dagokionez, zehaztu du Gobernuak tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren euskal lege integrala onar dadin sustatuko duela, eta, horretarako, “adostasun instituzional, politiko eta sozial zabala” bilatuko dela.

Artolazabalek, era berean, Estrategia berri horrek duen ikuspegi feminista nabarmendu du; izan ere, “emakume ijitoen inplikazio eta bultzadari esker, atal berezi bat du, matxismoaren aurkako borrokan eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bidean zuzenean eragiten duten ekintzak biltzen dituena”.

Ijitoen Idazkaritza Fundazioak antolatutako hitzorduan Monika Hernando Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak ere parte hartu du, eta #biharkoerronka kanpaina ere ikusgai jarri da, ijitoentzako lan-aukerak eskatzen baititu. Izan ere, sailburuaren hitzetan, “enplegua funtsezko elementua da gizarte-ongizate duina eta aukera-berdintasuna duen etorkizuna bermatzeko”. Hala ere, adierazi duenez, “ijitoen langabezia-tasa ijitoak ez direnen baino nabarmen handiagoa da. Langabeziak, gainera, emakumeei eta ijito gazteei eragiten die bereziki”.

Bi hamarkada inklusioaren alde lanean

Acceder programa 1998an sortu zen, Madrilgo auzo batean proiektu esperimental gisa. Gaur egun, 14 autonomia-erkidegotan dago, eta ijitoek historikoki bizi izan duten urruntze- eta baztertze-egoerari erantzun integrala ematea du helburu.

Nuria Cruzek, Euskadiko Ijitoen Idazkaritza Fundazioko lurralde-zuzendariak, ekimen honen emaitzen eta eraginaren ebaluazioa aurkeztu du gaur Europa Biltzar Jauregian. "Ijitoak laneratzeko programa baliotsua eta erabilgarria dela erakusten du. Ibilbideekin egindako metodologiaren bidez, emaitza arrakastatsuak lortu dira, ijitoek besteren konturako lanari buruz dituzten itxaropenak aldatu egin baitira, eta erakundeek eta enpresek ijitoei buruz dituzten pertzepzioak", azaldu du. 20 urte hauetan, programak 3200 pertsonari eman die arreta Euskadin; horietatik 2700k prestakuntza eta enplegu ibilbideetan parte hartu dute eta 756k lana lortu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak