Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak terrorismoaren amaieraren osteko egoera berria aztertu du aurreko lehendakariekin

2011.eko urriak 27

ETA badoa, autogobernuak hemen dirau

Patxi Lopez lehendakaria aurreko lehendakariekin, hots, Carlos Garaikoetxearekin, Jose Antonio Ardanzarekin eta Juan Jose Ibarretxerekin bildu da gaur arratsaldean Lehendakaritzan, ETAk jarduera terrorista bertan behera uzteko erabakiaren ondoren, Euskadin ireki den itxaropen aro berriari buruzko iritziak trukatzeko. 1980tik Euskadik izan dituen lau lehendakarien (hiru alderditakoak) arteko bilerak, euskal autogobernuaren indarra eta jarraipena irudikatzen du. Izan ere, berau, indarkeria terroristaren helburu nagusienetako bat izan zen.

Batzar honekin, lehendakariak helburu hirukoitza zuen: bere aurrekoekin batera askatasun osorako aukera ahalbidetu duten baldintzak aztertzea, Euskadin elkarbizitza eta adiskidetasuna lortzeko heldu beharreko jardueren inguruan iritziak trukatzea eta oso zailak izan diren unetan Eusko Jaurlaritzaren buru izan direnen lan eta konpromisoa aitortzea.

Hiru lehendakariek inork baino hobeto ordezkatzen dute ETAren nahi totalitarioen aurrean egin den  autogobernuaren defentsa. Bere ibilbidean hainbat garai bizi izan ditu autogobernuak, esate baterako, erakunde guztiak hutsetik, berun garaietan, eraiki behar izan zen aroa; Ajuria Eneako ituneko batasun antiterroristako sasoia, edota, nahiz eta orain lortu dugun, ETArekin amaitzeko itxaropenek huts egiten zuten garaia.

Hirurak pozik agertu dira Euskadin ireki den askatasun garai berri honengatik, amesgaizto luze baten amaiera ekarri baitu. Lehendakaria eta euskal gizartea zoriondu dituzte eta adierazi dute une honek askoz lehenago iritsi behar zuela.

Ardanza lehendakariak adierazi du honako hau bere garaian kudeatzea gustatuko zitzaiokeen amets bat dela eta ezkorrei terrorismoaren amaierarengatik pozik egoteko deia luzatu die.

Era berean, hirurek terrorismoaren amaiera atzera bueltarik gabekoa izan dadin, euskal gizarteak beharrezko neurriak hartzeko nahia agertu dute.  Patxi Lopez lehendakariak desio kolektibo hau partekatu nahi izan du eta erantsi du lasaitasunez eta adimenez jokatu beharra dagoela. Euskal gizarteak eusten eta egun handi honi bidea ematen jakin du, eta presa ez da ona Euskadin aro terrorista ahalik eta adostasun zabalenarekin ixteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)