“Batzen gaituenaren nagusitasuna, zatitzen gaituenaren aurrean, gizartea eraldatzeko motorrik baliotsuena da”
- Lehendakariak amaiera eman dio “2030 Agenda, kontratu sozial berri bat” udako ikastaroari
- 2030 Agenda erreferentzia unibertsala da mundu iraunkorrago eta solidarioago baterako, kontratu sozialen kultura sustatzeko aukera bat
- Lehendakariak iradoki du herritarren kontratu hori Nazio Batuen Erakundearen “Gure Agenda Komuna” dokumentuarekin bat etorraraztea
- Proposatu du gazteen ikuspegiak Euskadi 2030 Agenda kontratu sozial berriaren zentraltasuna irudikatzea
- Horrek berekin dakar baldintza egokiak sortzea “gazteek beren bizitza-, emantzipazio- eta familia-proiektuak autonomiaz garatu ahal izateko”
Lehendakariak gaur eguerdian eman dio amaiera UPV/EHUren “2030 Agenda, kontratu sozial berri bat” udako ikastaroari. Ikastaroa Miramar Jauregian egunotan ari dira egiten, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak eta UPV/EHUk antolatuta. Ikastaro honek bi egunez aukera eman du 2030 Agenda bultzatzeko zailtasunak, erronkak eta abaguneak aztertzeko, kontratu sozialeko kultura baten ardatz gisa.
Lehendakariak 2030 Agendaren garrantzia nabarmendu du: “Erreferentzia unibertsala da mundu iraunkorrago eta solidarioago baterako. Aukera bat da kontratu sozialaren kultura sustatzea, talde-pentsamoldearena, Auzolana filosofiaren eguneratze eta egokitzapenarena”. Eta azpimarratu du, hain zuzen ere, “Gizarterik oparoenak integratuenak eta kohesionatuenak direla, oinarrizko printzipio, balio eta lehentasunen kontratu soziala partekatzen dutenak. Gaur egungo bidegurutze globalean, garrantzi handiagoko beharra da honako hau”.
Iñigo Urkulluk gogorarazi du 2021eko ekainaren 29an Gobernu Kontseiluak 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa onartu zuela: Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarrirako helburuen arloan duen jarduketa-plana. 2030 Agendaren inguruan kontratu sozial berri bat sustatzeko ideia oso modu nabarian agertzen da dokumentu estrategiko horretan. Dokumentuaren azpitituluan dago, eta bere misioaren parte da: “Euskadi 2030 Agenda kontratu sozial bat lortzen laguntzea”.
Gaineratu du, hilabete batzuk geroago, urte bereko irailaren 10ean, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak "Gure Agenda Komuna" izeneko txostena argitaratu zuela, garapen jasangarrirako helburuen ezarpena bizkortzeko pentsatutako ekintza-proposamen bat, Guterresek berak bi ardatz nabarmenekin formulatu zuena honako hitz hauekin: "Garaia da berriro munduko elkartasunaren alde egiteko, eta garaia da gobernuen eta herritarren arteko kontratu soziala berritzeko, konfiantza berreskuratzeko eta giza eskubideen ikuskera zabal bati heltzeko”.
“Pozten naiz bi ikuspegiak bat etortzeaz, alegia Eusko Jaurlaritzak bere dokumentu estrategikoan ezarritako ikuspegia eta Nazio Batuen idazkari nagusiak ‘Gure Agenda Komuna’ adierazpenean zehaztutako irizpidea —azpimarratu du lehendakariak—.Elkargunea giza garapen iraunkorraren inguruko kontratu sozial berri bat bultzatzean datza”.
Izan ere, “2030 Agenda izan daiteke gure kontratu soziala berritzeko oinarria eta muina”. 2030 Agendaren filosofia garatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatu nahi duen ideiak berekin dakar adostasuneko eta lankidetzako kultura sozial eta politiko bat bultzatzea. Nahitaez, adostasun hori “elkarrizketatik eta partaidetzatik abiatuta eratu behar da, eta dinamikoki eraiki behar da denboran zehar”.
“Euskadi 2030 Agenda kontratu sozial” hori eraikitzearekin lotuta, elkarrizketa ireki horri begira, bi ekarpen egin ditu. Lehenik eta behin, haren konfigurazioa bat etortzea Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak aurkeztutako “Gure Agenda Komuna” dokumentuarekin. “Erronka berriei —esan du— erantzun lokal eta global batekin bakarrik egin dakieke aurre, multilateralismo biziberritu baten bidez eta Nazio Batuak gure ahalegin guztien batasun-erreferentzia gisa hartuta”.
Aurkeztu duen bigarren iradokizunak defendatzen du gazteen ikuspegia kontratu sozial berriaren muina izatea. “Belaunaldien arteko akordioa beharrezkoa da gazteek baldintza egokiak izan ditzaten beren bizitza-, emantzipazio- eta familia-proiektuak autonomiaz garatzeko. "Euskadi 2030 Agenda kontratu sozial” baten gazte-ikuspegiak eskatzen du prestakuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloan gazteek dituzten premia nagusiei erreparatzea eta erantzutea. Berekin dakar, orobat, gazteen begirada eta parte-hartzea txertatzea heldu behar diegun hiru trantsizioen garapenean: teknologiko-digitala; energetiko-klimatikoa; soziala, sanitarioa eta demografikoa. Gure egungo politikek etorkizuneko belaunaldietan izango dituzten ondorioak aintzat hartzea da kontua, baita arrisku global handiak prebenitzea eta datozen hamarkadetako protagonista nagusiak izango direnei erantzutea ere”.
Lehendakariak zehaztu nahi izan du, kontratu sozial berri batez ari garenean, “kontzientzia pertsonal eta kolektiboan txertatutako, ulertutzat jotako eta partekatutako oinarriez” ari garela. Oinarri horiek eguneroko bizitzaren garapenean adierazten dira, bai maila herritarrean, zibikoan eta indibidualean, bai maila politikoan, instituzionalean, hezkuntzakoan, enpresakoan edo gizarte-harremanetakoan”.
Azken hamarkadetan gure herrialdean izan den kontratu sozialaren kulturari buruzko gogoeta egin du: “Gure herrian azken ehun urteetan hain egoera desegokiak izan diren arren, gerraren hondamenak, diktadurak, terrorismoak edo indarkeriak ez zuen lortu elkarrekin bizitzeko eta elkarrekin aurrera egiteko gizartearen gehiengoaren borondatea behin betiko hipotekatzea”. Gaur egun, Euskadik bizikidetza adiskidetua eraikitzen du, eta herrialde aurreratuenen eta gizarte-kohesioko eta giza garapeneko indize onenak dituztenen artean dago. Hori posible izan da, besteak beste, gure gizartearen gehiengo isil batean lehenetsi egin delako egungo errealitatea, etorkizuna eta, are gehiago, iraganaren interpretazioa ulertzeko borondate eraikitzaile eta kooperatiboa.
Iñigo Urkullu ziur agertu da “gure gizartea eraldatzeko motorrik baliotsuena dela kosmoikuspegi hori, espazio partekatua, ‘auzolana’ filosofia, batzen gaituenaren nagusitasuna, zatitzen gaituenaren aurrean. Ez gara, beraz, hutsetik abiatzen. Hau da oinarria. Kontratu sozial hori Euskadin egon da. Bere prekarietatea, erasoak eta izandako oso zailtasun larriak gorabehera, fruituak eman ditu eta gaur egun gure errealitatean egiazta dezakegu”.
Diagnostiko horren laburpen gisa, hau adierazi du: “Ez dugu gizarte perfektua, baizik eta nabarmen hobetu daitekeena; baina oinarri sendoa dugu aurrera egiten jarraitzeko eta egungo egoera zailetik baldintza hobeagoetan eta kohesio handiagoarekin ateratzeko. Helburu horrengatik merezi du, hain zuzen ere, Euskadin kontratu sozialaren kultura indartzen laguntzea eta horren inguruko adostasunak sendoagoak eta zabalagoak izatea.
Azkenik, honen aldeko apustu irmoa eginez amaitu du lehendakariak: “Euskadi 2030 Agenda kontratu sozial berria, Nazio Batuen bultzada globalarekin bat etorriko dena eta gazteen ikuspegian oinarrituta”.