Berriak Lehendakaritza
Eu

Enpleguaren suntsipena Euskadin “gelditu egin dela” nabarmendu du Lehendakariak

2010.eko urtarrilak 15

Cadena Ser-eko "Hoy por hoy" programan elkarrizketatu dute López.

Eusko Jaurlaritzako goi-karguekin egindako ekitaldi batean aurreko egunean plazaratutako zenbait proiektu eta neurri aipatu ditu bata bestearen atzetik Patxi López Lehendakariak. Besteak beste, Lópezek aditzera eman duenez, Gobernuak "kartara egokitutako ibilbideak" eskainiko dizkio langabetu bakoitzari, "bere ezaugarriekin bat datorren" lana aurkitu dezan.

Euskadin enpleguaren suntsipena "gelditu egin dela" adierazi du Patxi López Lehendakariak. Lópezek mahai gainean jarri ditu langabeziaren garapenaren gaineko azken datuak, hauen arabera, Gobernu berriaren azken zortzi hilabeteetan 6.100 lanpostu bakarrik suntsitu dira. Aldiz, Juan Jose Ibarretxeren agintaldiaren azken lau hilabeteetan 46.000 lanpostu suntsitu ziren. Hala ere, Lehendakariak jakinarazi duenez, Gobernua jada ari da lanean Enplegu Politika Aktiboen eskumenak transferitzen direnerako dena prest izan dadin "bere ezaugarriekin" bat datozen "kartara egokitutako ibilbideak" eskaini ahal izateko langabetuei, eta horrela, euren lana berreskuratu dezaten.
"Euskadiko Enplegu Zerbitzua ari gara prestatzen jada, politika aktiboen transferentzia eskuratzen dugunerako herri honetako langabetu bakoitzari kartara egokitutako ibilbidea eskaini ahal izateko. Ez dira zenbaki hutsak izango", gehitu du.

Cadena SER-eko "Hoy por hoy" programan elkarrizketatu duten Lehendakariak egoera politikari dagozkion gaurkotasunezko gaiak jorratu ditu eta bere Gobernuko goi-karguekin egindako ekitaldian plazaratutako zenbait neurri aipatu ditu.

Halaber, 200.000 autonomo eta 25.000 mikro-enpresei zuzendutako programa aztertu du Lópezek, plangintza "espezifikoa" landuko delarik krisialdi egoera arrakastaz gainditu dezaten. "Industria Sailean ireki ditugu ildoak dagoeneko arazoak dituztenentzat, euren egoeraren diagnostikoa egin eta bide horretan laguntzeko hartu behar diren erantzun eta konponbideen neurrira egindako traje baten antzeko zerbait lantzeko", nabarmendu du.

Lehendakariak aditzera emandako neurrien multzoak, bestalde, gazteengan izan nahi du eragina. Lehendakariak tamalgarritzat jo du iraganean euskal gazte askok Euskaditik kanpo joan behar izan dutela lan egitera "hemen aukerarik" izan ez dutelako. Horrela bada, Gobernuak "talentua erakarri eta mantentzeko" politika bat garatuko du, gazteak lan-munduan txertatzeko ibilbideen bidez, "ikasi denaren araberako enplegu aukerekin", adierazi du.

Eztabaida ezker abertzalean

Patxi López Lehendakariak esan duenez, ezker abertzalearen barruan indarkeriaren gainean ematen ari zen eztabaida "moztu" egin da ETA eszenan agertu delako berriro. Frantzian eta Zamoran gertatu ustezko 4 etakideren atxiloketak, lehergailuak zeramatzatela, Lehendakariaren iritzian, talde terrorista "lehengoetara itzuli dela" uzten du agerian. Horrela, Lópezen esanetan, "ezin dira helburu politikoak eztabaidatu bake prozesu ezberdinetan elkarrizketarako ateak zabalik izan dituen talde terrorista batekin, behin eta berriro berdin amaitzen direlako". "Mina ereitea besterik ez daki egiten, krimen eta hilketak burutzea besterik ez lurralde honetan", gehitu du.

Lehendakariak azpimarratu du ETA "behin eta betikoz" desagertu behar dela eta ezker abertzaleak "behingoz eta betirako terrorismoarekin loturak hausteko pausua eman behar duela". Bitartean, alderdi demokratikoetatik, Lehendakariaren ustetan, "ahalegin itzela egin behar dugu zenbaitzuk biolentziaren errekurtsoa sostengatzeko erabili nahi duten argudio faltsuak deslegitimatu ditzagun".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria