Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro jarriko ditu Errusiak Ukrainari eraso egitearen inpaktua jasan duten enpresei laguntzeko
-
Gobernu Kontseiluak kolektibo zaurgarrientzako hilean 20 euroko 2.351 bonu digital onartu ditu
-
Lehendakaritzak Euskadiko tokiko jasangarritasunarekiko konpromisoa berritu du, eta Euskadiko 2030 Tokiko Agendaren eta tokiko ekintza jasangarriaren sustatzaile bihurtu da
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.
Prentsaurrekoan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak berak zuzentzen duen sailaren zenbait laguntza-programari buruzko informazioa eman du.
Horien artean, nabarmentzekoa da Gobernu Kontseiluak Bultzatu diru-laguntzen programa abian jartzea, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoak eragindako enpresentzat. Enpresen berrezarpen ekonomikora zuzendutako 20 milioi euro jarriko dira itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetan, enpresen bideragarritasuna eta jarraitutasuna babeste aldera. Tapia sailburuak azaldu duenez, helburua da berehalako likidezia ematea, gerrak eragindako kostu gehigarrien gehikuntzari, balizko galerei eta gerraren ondorioei aurre egin dakien.
Gainera jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza deitu ditu 2022rako, Euskadiko nekazaritza, elikagai, arrantza eta basogintzako produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko. Hain zuzen, Lehiatu Sustapena programa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren aginduaren bidez arautua. Ekitaldi honetarako 350.000 euroko aurrekontua izango du.
Bestetik, gure ekoizpen konbentzionalaren zati bat ekoizpen ekologikorako trantsizioan jartzen laguntzeko jarduerak bultzatzeko asmoz, Gobernu Kontseiluak 2022rako laguntza horien deialdia onartu du azken bileran, 500.000 euroko zenbatekoarekin.
TRANTSIZIO DIGITALERAKO LAGUNTZAK
Bere aldetik, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gaur Gobernu Kontseiluak onartutako herritarrentzako bi laguntza-programa aurkeztu ditu, beren etxeetan eta etxe-komunitateetan dituzten trantsizio digitalarekin eta telekomunikazio azpiegiturekin zerikusia dutenak.
Laguntza hauen helburua da, lehenaren kasuan, premia handiena duten pertsona eta familiei konektibitate digital egokia bermatzea, betiere arrakala digitala ixten joateko helburuarekin. Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak bonu digitalak emititzeko programa bat onartu du, kolektibo ahulenei Interneterako konexio ultraazkarra lortzen laguntzeko, edo terminal finko batetik kontratatutako abiadura handitzen laguntzeko. 2.351 bonu digitalez ari gara, laguntza hori jasoko duten 2.351 pertsona edo familiez; eta 12 hilabetez, 20 euro deskontatuko zaizkie hileko fakturatik. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 564.240 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratuko du.
Bigarren laguntza-programari dagokionez, 2000. urtea baino lehen eraikitako eraikinetako telekomunikazio-azpiegitura komunak hobetu nahi dituzten etxe-bizitza jabeen komunitateei zuzenduta dago. Diru-laguntzen programa horretara bideratutako zuzkidura ekonomikoa 4.059.000 eurokoa da, eta edozein etxe-bizitza jabeen komunitatek eskuratu ahal izango du, funtsak agortu arte; hala ere, ordainduko den zenbatekoak instalazioaren kostuaren % 70 hartuko du bere gain.
Garamendi sailburuak laguntza horien garrantzia azpimarratu nahi izan du, fatxada batzuen itxura hobetuko baita eta instalazioak modernizatu. Nabarmendu duenez, bonuen kasuan, teknologia berrien eskuragarritasunean, erabileran edo erabilera-kalitatean dauden desberdintasunei muga jartzeko balioko dute.
2030 AGENDA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadin 2030 Agenda eta tokiko ekintza jasangarria bultzatzeko adierazpen instituzionala onartu duela. Adierazpen horren bidez, Lehendakaritza Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareari atxiki zaio, erakunde sustatzaile gisa.
Gaur ezarritako akordio horri esker, Udalsarea 2030ek, Lehendakaritzarekin lankidetzan, honako lan hauek egingo ditu: tokiko ekintzaren sustapena eta lidergo politikoa, eta 2030 Agendak hedatzea, EUDELekin koordinatuta; informazioa eta ezagutza trukatzea, Euskadin tokiko jasangarritasunaren arloko jardueren koordinazioa hobetzeko; eta Euskadin iraunkortasunaren arloan dauden beste proiektu, ekimen edo laguntza-programa batzuei buruzko informazioa ematea.
“Ondorioz, adierazpen horren bidez, Lehendakaritzak Euskadiko tokiko jasangarritasunarekiko konpromisoa berritu du, eta Euskadiko 2030 Tokiko Agendaren eta tokiko ekintza jasangarriaren sustatzaile bihurtu da”, adierazi du Zupiriak.
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK
Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du martxoaren 22an Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak eta Acaip-UGT espetxeen arloko sindikatu nagusiak sinatutako akordioa, Euskal Administrazio Espetxean lan egiten duten langile publikoen lan-baldintzak aldi baterako ezartzeko. Gero, Administrazio Orokorreko Negoziazio Mahai Sektorialak berretsi egin zuen akordioa, eta bertan, besteak beste, alderdi hauek jaso ziren: zerbitzu-eginkizunetan lanpostuak betetzea, zerbitzuak aldi baterako emateko langileak hautatzea eta berariazko langile-organoetan eskumenak eskuordetzea.
Osasun arloan, Gobernu Kontseiluak Adikzioen eta Droga-mendekotasunen Arreta Integralari buruzko Legea urratzeagatik ezartzen diren zigorrak ordezkatzeko dekretua onartu du gaur. Legea 2016ko apiriletik dago indarrean, eta helburu nagusia du pertsona guztiak babestea, bereziki adingabeak eta gizarteko kolektibo zaurgarrienak. Dekretuak ordezko neurri-mota hauek ezartzen ditu: gizartearentzako lanak edo jarduerak, prebentziozko formakuntza- edo informazio-programa, eta tratamendu-programa. Mendekotasuna agerian jartzen duen kontsumo edo polikontsumo patroi bat duten pertsonentzako pentsatua.
Hizkuntza politikei lotuta, gaurko Gobernu Kontseiluak onartu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2 milioi euroko aurrekontua erabiliko du EAEko sektore pribatuetako lantokietan 2022an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzetara (Lanhitz deialdia).