Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekonomia eta Gizarte Kontseilua aldatzeko lege proiektua onartu da (2011-10-26(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko urriak 26

Lege proiektua, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua aldatzeko lege-proiektua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak. Kontseilu hori Eusko Jaurlaritzaren kontsulta-organo nagusia da, eta Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren lege-ekimenei buruzko irizpenak ematea du helburu.

Lege-proiektuak hainbat aldaketa jasotzen ditu egun indarrean dagoen arauaren aldean. Berrikuntza nagusien artean, bozketak egiteko eta erabakiak hartzeko sistema berri bat jasotzen du, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan (EGK) askotan izan diren betoak eta blokeoak saihesteko. Lehen gehiengoek hiru taldeetako bakoitzean ere gehiengoak behar zituzten, eta orain, aldiz, bozkatzeko eskubidea duten Kontseiluko kide guztien (24) gehiengo sinple bidez hartuko dira erabakiak. Hiru blokek osatzen dute Ekonomia eta Gizarte Kontseilua: zortzi lagun sindikatu nagusiak ordezkatuz; zortzi lagun enpresa-konfederazioak ordezkatuz eta beste zortzi lagun autonomia-erkidegoko sektore bakoitza, instituzioak, erakundeak edo elkarteak ordezkatuz. Berritasun gisa, gizarte-ekintzaren sektoreko erakundeen partaidetza sartu da hirugarren bloke horretan. Hortaz, bloke horretako zortzi ordezkarietako bat erakunde horiei egokituko zaie.

Beste nobedadeetako bat unibertsitateak duen parte-hartze nabarmena izango da, zortzi adituk osaturiko talde batek lagunduko baitu Kontseiluak garatuko dituen eginkizunekin loturiko gaietan. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta lehendakariak izendatuko ditu ospe eta prestakuntza handiko pertsonen artean, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duen guztiari gagozkiola, eta unibertsitate-arlokoak izango dira lehentasunez.

Botoa emateko eskubidea duten hiru taldeek hautatuko dute Kontseiluko presidentea lehenik. Hautagaiak kideen bi herenen botoak jaso beharko ditu gutxienez hautatua izateko, eta talde bakoitzaren botoren bat bildu beharko du betiere. Lehen bozketan gehiengo hori biltzen ez badu, lehendakariak hautatuko du presidentea, Kontseiluko kideei entzunaldia eman ondoren.

Horrez gain, proiektuak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren egitekoa argitzen du; izan ere, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duten dekretu eta lege guztiei buruzko txostenak emateaz arduratuko da, eta Lan Harremanen Kontseilua, aldiz, lan-legeriarekin eta -araudiarekin zerikusia duen guztiaz arduratuko da.

Lege-proiektuak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren oniritzia du eta Legebiltzarrera eramango da orain, bertan izapidetu eta lehenbailehen onar dezaten. Irailean eraman zen Legebiltzarrera Lan Harremanen Kontseiluaren lege-proiektua, eta horrela, bere kontsulta-organo nagusien aldaketak osatuko ditu Jaurlaritzak, operatiboagoak eta eraginkorragoak izan daitezen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan