Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Jaurlaritzak Euskal Herri Administrazioko Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko lehenengo Plana onartu du (2011-10-26(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko urriak 26

Erabakia, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Lan Arriskuak Prebenitzeko Plana onartzekoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Herri Administrazio osoan eta bere erakunde autonomoetan aplikatu beharreko Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko lehenengo Plan Nagusia onartu du. Plan honetatik kanpo geratuko dira Ertzaintza eta horren laguntza-zerbitzuetako langileak, unibertsitateaz kanpoko irakasleak eta Administrazio orokorreko eta horren erakunde autonomoetako langileak baldin eta segurtasuneko eginkizun publikoen, babes zibileko ekintza-zerbitzuen eta auzitegiko-ikuskatze lanak, arrisku larriko egoeretan, hondamen-egoeretan eta zoritxar publikoko egoeretan, betetzen badituzte.


Sindikatu guztien -LAB, ELA, UGT eta CC OO- ekarpenak eta adostasuna dituen lehenengo Plan Nagusi honek duen helburua da Administrazioari sistema bakarra ematea lanpostuan prebentzio-jarduerari ekiteko, 2003an aldatutako Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 1995eko Legeak jasotzen duenaren arabera. Legeak ezartzen duenez, "laneko arriskuen prebentzioa Administrazioaren sistema orokorrean gehitu beharko da, bere baitan dituen jarduera guztietan nahiz bere hierarkia-maila guztietan; horretarako, laneko arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da". Orain arte, euskal Administrazioak laneko arriskuen prebentziorako alorkako planak baino ez zituen.


Planak, oro har eta oinarri gisa, prebentzio-politikak eta horien ezarpen-eremua, horren eginkizunak eta erantzukizunak edo Euskal Herri Administrazioan prebentzio-jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideen antolamendua jasotzen ditu. Era berean, esparru material eta funtzional honi dagokion arautegia jasotzen du, hura burutzeko prozedurak zehazten ditu eta, laneko segurtasun eta osasunari dagokienez, Administrazioaren hierarkia-mailei erantzukizunak eta eginkizunak esleitzen dizkie.

Planak hiru helburu nagusi ditu:

- Laneko arriskuak prebenitzeari buruz indarrean dauden arauak eta erregelamenduak betetzen direla ziurtatzeko baliabide egokiak ezartzea.

- Prebentzioaren kudeaketa-sistema bat ezartzea, segurtasuna eta osasuna babesteko.

- Administrazioaren eta horren erakunde autonomoen jarduera zehaztutako Prebentzio-politikarekin bat datorrela ziurtatzea.


Plana gauzatze aldera, guztira 17 prozedura jasotzen ditu, langile berriei egin beharreko harreratik hasita jarrera matxisten aurrean edo simulakroetan egin beharrekoetara. Honako hau da Planak jasotzen dituen prozeduren zerrenda osoa:

1. Langile berriei egin beharreko harrera.
2. Arriskuen komunikazioa.
3. Arriskuen ebaluazioak.
4. Norberaren babeserako ekipoak erosi eta ematea.
5. Langileen prestakuntza.
6. Ezaugarri bereziko langileak zehaztea.
7. Haurdun dauden langileen babesa.
8. Lanpostuz aldatzea osasun-arrazoiak direla medio.
9. Jarrera bortitzak prebenitu eta horien aurrean jardutea.
10. Lan-gatazken kasuetan jardun eta ikerketa egitea.
11. Laneko jazarpen moral edo sexuala gertatzen den kasuetan jardun eta ikerketa egitea.
12. Lan-zentroetako larrialdi-planak prestatu eta ezartzea.
13. Simulakroak eta ebaluaketa-ariketak egitea.
14. Istripuen berri eman eta ikerketa egitea.
15. Lan-ekipoak erostea (makinak eta produktu kimikoak).
16. Enpresen arteko koordinazioa.
17. Osasuna zaintzea.

Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak plana bi alditan ezartzea aurreikusi du: lehenengoa 2011tik 2013ra izango da eta horren ondoren planaren berrikusketa bat egingo da bigarren aldia, 2014tik 2016ra, ezartzeko.

Iruzkin bat
  • @Mara_Rod
    2011.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    Primer Plan de Prevencion de Riesgos Laborales de la Administracion Publica Vasca http://t.co/z9gTTE7L

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan