Euskal ekonomiak hazkunde biziko gunean jarraitzen du, termometro ekonomikoaren arabera

2022-07-07

Euskal ekonomia “hazkunde biziko” gunean mantendu zen ekainean, 100 puntutik gora jarraitzen baitu. Zehazki, joan den hilean 128,3 puntu lortu zituen, maiatzean baino zazpi hamarren gutxiago (129,0). Otsailean hasi zen dezelerazio leuneko prozesuak jarraipena izan du ekainean. Kontsumo pribatua da, hein handi batean, dezelerazio horren erantzulea, indarra galtzen ari baita kontsumo-prezioen igoera handiaren ondorioz. Aitzitik, inbertsioa indartzen ari da, eta kontsumo publikoak bere dinamismoari eusten dio, Ekonomia eta Ogasun Sailak egindako ekaineko termometroan jasotako datuen arabera.

Sektoreei erreparatuta, eraikuntza-sektorean suspertze txikia ikus daitekeen arren, zerbitzuen intentsitatearen galerak konpentsatzen du suspertze hori.

Adierazle horrek, 2021eko urtarrilean, 42,1 puntu zituen (atzeraldia), eta hurrengo hilabeteetan etengabe gora egin zuen. Urte horretako martxoan (67,2) “hazkunde moteleko” gunean sartu zen eta hurrengo hilean “hazkunde biziko” gunean, 138,1 punturekin; orduz geroztik, maila horri eutsi dio.

Termometroa hilero lantzen da euskal ekonomiaren 100 adierazle baino gehiagotan oinarrituta, eta hil bakoitzeko lehen egunetan ematen da argitara.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan