Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enpleguko toki plan bat abiaraziko du Lanbidek zona pobretuenetan

2011.eko urriak 27

 

  • Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Sestaora egindako bisitan iragarri du txoke-neurri hori, hau da, Euskadiko langabezia-tasa handiena duen udalerrira egindako bisitan
  • "Langabeziaren aurka borrokatzeko modurik egokiena eskualdez eskualde da", azpimarratu du Zabaletak
  • 2012an garatuko den programa hori langabeziak bereziki eraginpean harturiko 9 zonatan kontzentratuko da

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak gaur goizean iragarri du Sestaora, Euskadin langabezia-tasa handiena duen udalerrira, egin duen bisitan 2012. urtean garatuko den enpleguko toki-plan bat abiaraziko dela. Krisialdi ekonomikoak "bereziki eraginpean harturiko" Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeetan kontzentratuko da, hala nola Ezkerraldean.

"Gure helburua langabeziaren aurka borrokatzea da, hori baita gure iritziz gizarte-politika onena, eta uste dugu hori egiteko modurik egokiena eskualdez eskualde, udalerriz udalerri dela", Sestaoko alkate Josu Bergararekin ere bildu den Zabaletak adierazi duenez. "Argi dago Euskadiren eskualde bakoitzak bere nortasun eta idiosinkrasia propioa duela langabeziaren arazoarekiko. Horregatik enpleguko toki-planak zabaltzea proposatuko dugu 2012. urtean", adierazi duenez. Enpleguaren Euskal Estrategiaren jarraipen gisa biltzen da neurri hori, hurrengo urteetan enplegua sortzeko jarraibide orokorrak ezarriko dituen estrategiaren jarraipen gisa.

2012ko enpleguko toki-plana krisialdi ekonomikoak "bereziki eraginpean harturiko" herri eta eskualdeetan garatuko da, hots, langabezia-tasa handia dutenak edo enplegua erregulatzeko espedienteek gogor eraginpean harturiko enpresa-sarea daukatenak.

Jarraibide horrekin, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak bederatzi zona biltzen dituen jardun-mapa bat landu du. Ezkerraldeaz gain, honako eremu hauetan aplikatuko dira enpleguko toki-planak: Bilbo, Enkarterria eta Ibaizabal Bizkaian, Debabarrena, Oarsoaldea eta Behe Bidasoa Gipuzkoan, eta Aiaraldea eta Gasteiz Araban. Horietan guztietan, euskal batez bestekoa gainditzen du langabezia-tasak.

Lanbideko arduradunak ere hurrengo asteetan bilduko dira udal eta foru-aldundiekin "enpleguaren aldeko ahaleginak batzeko". Ildo horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi duenez, "drama pertsonala da langabezia, baina euskal gizarte osoarena ere bai. Horrenbestez, langabe bakoitza gure langabea da, gure krisialdia da". Zabaletak erantsi duenez, "krisialdiaren aurka borrokatu beharko dugu borroka hori hauteskunde-arma bihurtu gabe, eta aitzitik, politika onena egiteko aukera bilatuz, hau da, batzea, elkarguneak bilatzea eta lankidetzan aritzea".

2012ko enpleguko toki-plana abiarazi aurretik, Lanbidek zona pobretuenak lehenetsi ditu 2011ko kontratazioari laguntzeko bere planean. Ezkerraldean, adibidez, Euskal Enplegu Zerbitzuak eskualde horretan lan-aktibazioko ia hogeita hamar proiektu diruz lagunduko ditu, 4,7 milioi euroko balioaz. Injekzio ekonomiko horren ondorioz 400 lanpostu baino gehiago sortuko dira hainbat udalerritan, hala nola Sestaon, Portugaleten, Barakaldon, Santurtzin, Trapagaranen, Ortuellan edo Muskizen. Laguntza-linea hori udalei, horien mende dauden erakundeei, irabazi-asmorik gabeko erakundeei, laneratzeko enpresei eta enpresa arruntei zuzenduta dago.

Sestaon, kontratazioari laguntzeko inbertsioa 1,7 milioi eurora iritsiko da eta 129 enplegu sortuko dira horren ondorioz, sei hilabeteko iraupen subentzionatuarekin. Horietatik, eredu horren pean onarturiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, onuradunen % 35 gutxienez, 18-30 urteko gazteak izango dira eta beste % 20 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak. 

Estatu osoko erreferentzia-zentroa

Sestaoko alkate Josu Bergararekin izandako elkarraldia baliatuz, Lanbideko Administrazio Kontseiluko presidente ere baden Zabaletak Sestaoren kandidatura aurkeztu du estatu osorako erreferentzia-zentro bat izateko mantentze mekanikoaren familian. Lan eta Immigrazio Ministerioari dagokio maila hori ematea eta hurrengo asteetan erabakiko du.

Lasarteko herriak ere (Gipuzkoa) horrelako zentro bat izateko aukerak ditu. Kasu horretan, lurreko garraioaren arloan. Elgoibarko MEI da gaur egun EAEn estatus hori duen zentro bakarra.

"Euskadiko lanbide-prestakuntzak eta bereziki lanerako eta etengabeko prestakuntzak jauzi izugarria egin dezake lanbide-familietan, gure zentroak estatu osoko eta Europako erreferentzia bihurtuta beren hurrenez hurreneko esparruetan", Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren iritziz.

 

 

 

Iruzkin bat
  • @americaenbotxo
    2011.eko urriak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Lanbide pondrá en marcha un plan local de empleo en las zonas más desfavorecidas. http://t.co/7bkXT6Vf

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)