Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak trafiko-isunak unean bertan ordaintzeko gailua eta salaketa % 100 elektronikoa jarri ditu abian

2022-07-06
  • Larriak ez diren delituen biktimek Eusko Jaurlaritzaren web-orrian jarri ahal izango dituzte salaketak ziurtagiri digitala erabiliz eta ertzain-etxera joan beharrik izan gabe
  • Era horretara, Ertzaintza salaketa % 100 elektronikoa ezartzen duen Estatuko lehenengo polizia izango da
  • Gainera, trafikoko patruilek 40 ordainketa-gailu izango dituzte arau-haustea egiten duten pertsonek in situ ordaindu ahal izan ditzaten trafiko-isunak
  • Bi proiektu horiekin Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatiboa emango du herritarrei izapideak sinplifikatzeko eta salaketak jartzeko prozesuak arintzeko bidean eta, horrekin, baliabide publikoen eraginkortasunean

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak, Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak gaur goizean aurkeztu dituzte Ertzaintzak uztailean abian jarriko dituen bi proiektu teknologiko:

  • Larriak ez diren delituetarako salaketa elektronikoa, hemendik aurrera euskadi.eus webgunean egin ahal izango dena, ertzain-etxe batera joan beharrik izan gabe.
  • Trafiko-isunak patruilek isuna jartzen duten unean eta lekuan bertan ordaintzeko prozedura.

Salaketa elektronikoa

Herritarrek salaketak % 100ean jarri ahal izango dituzte online, larriak ez diren delituen kasuan, eta halakoak dira diru, agiri edo ondasunen lapurretak, ondasunetan egindako kalteak, iruzurrezko zordunketak eta beste hainbat. Hori guztia baldin eta egilea ezezaguna bada edo identifikatu ezin bada eta gertaera ikusi duten edo deklarazioa hartu behar zaien pertsonarik ez badago, tartean indarkeria fisiko edo sexualik edo larderiarik izan ez bada eta salatuko diren gertaerak Euskadiko lurraldean gertatu badira.

Era horretara, Ertzaintza aukera hori duen Estatuko lehenengo polizia izango da. Aurrerapen teknologiko esanguratsu horri esker, era horretako delituen biktimek edo horien izenean euren ordezkariek salaketa www.euskadi.eus webgunean jarri ahal izango dute eta era guztietako agiriak aurkeztu ahal izango dituzte salatu nahi dituzten egitateak egiaztatzeko: argazkiak, agiriak, etab. Salaketa onartzen eta sinatzen denean, balio juridiko osoa izango du. Une horretatik aurrera, pertsona hori edo baimenduta haren izenean esku hartzen duen pertsona digitalki sartu ahal izango da salaketaren ziurtagirian, aktaren kopian eta bere eskubideetan, eta, era horretara, ez du ertzain-etxe batera joan beharrik izango, nola eta ez duen gero salaketa osatu nahi edo garrantzizko datu berriren bat aurkeztu nahi.   

Oso prozedura segurua eta bermatzailea da, autentifikazio-sistema eta sinadura digital ofiziala izatea eskatzen baitu. Gainera, prozedura osoa pertsona bakoitzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan esleituta duen “Nire Karpeta” atalean erregistratuta geratuko da, eta beti egongo da eskuragarri aurretik identifikazio digital ofiziala baliatuta.

Salaketa elektronikoarekin Eusko Jaurlaritzak urrats handia emango du herritarrei izapideak sinplifikatzeko eta salaketak jartzeko prozesuak arintzeko bidean eta, horrekin, baliabide publikoen eraginkortasunean.

Larria ez den delitu baten biktima izan den pertsona batek ez badu ziurtagiri digital ofizialik eta izapidea online egin nahi badu, orain arte bezala, online eskuragarri dagoen formularioa jaits dezake eta, bete ondoren, ertzain-etxe batera jo dezake bertan identifikatu eta berresteko 72 ordu igaro baino lehen.

Ordainketa mugikortasunean

Era berean, uztailetik aurrera, Ertzaintzaren trafikoko patruilek trafiko-isunak unean eta lekuan bertan ordaintzeko 40 ordainketa-gailu izango dituzte: 15 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 10 Araban. Horrela, hemendik aurrera, eta Euskadiko errepideetako 2022ko irteera-itzulera operazioaren esparruan, trafikoko arau-hauste bat egiten dutenek Ertzaintzak isuna jartzen dien unean eta lekuan bertan ordaindu ahal izango dute isun hori. Horrekin, Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatiboa emango du trafikoko zehapen-prozeduran, eta isuna jarri zaion pertsonak prozeduraz eta goiz ordaintzeagatiko deskontuaz baliatuz ordaindu ahal izango du isun hori inora joan beharrik izan gabe edo ordainketa-gutunarekin batera isuna etxera noiz iritsiko zain egon gabe.

Ertzaintzari beti kreditu-txartelaren edo ordainketa-gailu elektronikoaren bidez ordainduko zaio, eta agenteek ordainagiria emango diote isuna ordaindu duen pertsonari. Inoiz ez da eskatuko isuna dirutan ordaintzea.

Gainera, proiektu digital hau abian jarrita, Ertzaintza erabat lerrokatzen da Internet bidezko ordainketen segurtasunerako Europako Zuzentarauarekin, eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, isuna ordaintzen duen pertsonari bermatuko dio segurtasun eta babes osoz egiten duela ordainketa.

Iruzkin bat
  • @manycomics
    2022-07-06

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza pone en marcha el pago de las sanciones de tráfico en el momento y la denuncia 100% electrónica https://t.co/A3VewJHTP5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda (Ertzaintzaren Burua)