Eusko Jaurlaritzak enpresentzako laguntza-lerro berri bat jarri du abian kontziliazioa sustatzeko (Gobernu Bilera 2022-7-5)

2022-07-05
  •  392.857,15 euroko guztizko zenbatekoarekin, laguntza horien helburua da erakundeek kontziliazio erantzukidea ezagutu, barneratu eta sustatzea

Eusko Jaurlaritzak erakundeei eta enpresei zuzendutako beste laguntza-lerro bat onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, kontziliazioaren arloko diagnostiko bat eta ekintza-plan bat lantzeko.

Laguntza horien zenbatekoa 392.857,15 eurokoa da, eta enpresei eta elkarteei beren erakundeetan kontziliazio erantzukidea ezagutzen, barneratzen eta sustatzen lagunduko dien aholkularitza teknikoa kontratatzea du helburu.

Laguntza-lerro berri honetarako aurreikusitako edukia eta epeak uztailaren 12an aurkeztuko zaizkio CEBEKi (Bizkaiko Enpresarien Konfederazioari), uztailaren 18an SEA Arabako Enpresei eta uztailaren 19an ADEGIri (Gipuzkoako Enpresen Elkarteari). Aldi berean, uztailaren 14an, laguntza horien helburuak Euskalduna Jauregian egingo den jardunaldi berezi batean azalduko dira. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu du elkarraldia, APDrekin (Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkartearekin) batera, eta kontziliazioa izango du ardatz, talentua erakartzeko eta atxikitzeko funtsezko tresna gisa. Hizlarien artean, Talentu, Lidergo eta Coaching arloetan aditu den Juan Carlos Cubeiro izango da, eta Kontziliazioa zure erakundearen talentua ezagutzeko eta aprobetxatzeko giltzarri izeneko hitzaldia emango du.

Gobernu Kontseiluaren bileran nabarmendu den bezala, laguntza-lerro berri hau onartzearekin batera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2018an familiei laguntzeko 2018-2022 IV. Planean jasotako konpromisoari eusten dio. Ezarritako helburua da Euskadin gero eta enpresa gehiagok sustatzea kontziliazioa errazteko planak eta neurriak.

Familia eta Haurren zuzendari Irune Muguruzak nabarmendu duenez, “norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeak inplikazioa eta elkarrekiko konpromisoa eskatzen du; erantzunkidea da. Prozesu bizi bat da, eta langileen premietara eta enpresaren ekoizpen-beharretara egokitu behar da”. Adierazi duenez, egiaztatutako errealitate bat da “plantilla pozik edukitzeak onurak ekartzen dizkiela irudiari, identifikazioari, konpromisoari, eraginkortasunari eta talentua eusteari”.

Muguruzak azpimarratu duenez “garrantzitsua da kontziliazioaren potentzialarekin kontzientziatuta dauden enpresak sortzea, goranzko balioa baita langileentzat, gero eta zailtasun handiagoak dituztelako beren bizitza osatzen duten eremuak orekatzeko”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko