Gobernu Kontseiluak energia eta lehengaien prezioen igoeraren aurrean enpresa eta autonomoei finantza-laguntzak emateko neurriak arautzen dituen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2022-7-5)

2022-07-05

Osasun-krisiak enpresa-ehunean eragindako kalteak arintzeko 2020an eta 2021ean abian jarri ziren ezohiko neurrien ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak, gaurko bilkuran, onartu du enpresa txiki eta ertainei, enpresaburu indibidualei eta profesional autonomoei finantza-laguntzak emateko 2022ko programa garatzen duen dekretua. Oraingoan, energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragindako inpaktu ekonomikoari erantzuteko laguntzak izango dira. 

Dekretu honetan ezartzen dira 2022ko finantza-laguntzako programan sartzeko baldintzak eta prozedura. Helburua da enpresa txiki eta ertainek, enpresaburu indibidualek eta profesional autonomoek 2020an eta 2021ean formalizatu zituzten maileguen berritze aldarazlea lortu ahal izatea. 

Maileguaren eta abalaren berritze aldarazleetarako eskaerak 2022ko urriaren 30a baino lehen egin behar dira, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen formalizatu. 

Eragiketen amortizazio-gabealdia handitzea behar-beharrezkotzat jotzen da egungo egoera ekonomikoan; izan ere, enpresen finantzaketa-beharrak Administrazioaren zenbait esparrutan eskainitako finantzaketa-ildoekin estalitzat jotzen diren arren, energiaren kostuen igoeraren ondoriozko emaitza apalagoek ordaindu gabekoak gehitzea eragin dezakete, batik bat enpresek maileguen amortizazio-kuotei garaiz eta behar bezala aurre egiteko ezintasunagatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko