Euskal merkataritza mikroETEetan oinarritutako sektorea da, esperientziaduna eta feminizatua, eta beharrezko eraldaketa digitalerantz urratsak ematen jarraitu behar du

2022-07-07

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Merkataritzako zuzendari Elena Morenok lagunduta, Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egindako 2021eko txikizkako merkataritzaren barometroa aurkeztu du gaur. 2010az geroztik egokitzen joan den ikerketa da, eta ekarpen garrantzitsuak ditu. Lehen aldiz, Merkataritzaren Barometroa Eusko Jaurlaritzaren estatistika ofizialean sartu da, “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak planteamendu metodologikoa eguneratzeko egindako apustuari esker, Euskadiko merkataritza-sektorea ahalik eta zorroztasun handienarekin aztertu, deskribatu eta monitorizatzeko helburuarekin”.

Merkataritzako establezimenduen eta enpleguaren ezaugarriak

Esperientzia handiko eta tamaina txikiko sektorea da, establezimenduaren batez besteko antzinatasuna 24 urtekoa eta batez besteko tamaina 126 metro koadrokoa da. MikroETEez osatutako sektorea da: % 95a dira, eta horietatik % 71k 1 edo 2 pertsona enplegatzen dituzte, eta % 4k soilik gainditzen dituzte 10 enplegatu baino gehiago. Enpleguari dagokionez, sektore feminizatua da, eta 10 langiletik 7 ditu. Era berean, enplegatuen ia % 67k 45 urte baino gehiago dituzte. Merkataritzako establezimenduen % 54 alokairuko lokalak dira, eta % 45,5 jabetzakoak. Batez besteko alokairua 1.919 eurokoa da hilean. Merkataritzako ordutegiei dagokienez, saltokien % 72k ordutegi zatitua eskaintzen dute, eta saltokien % 85,3k ez dute igande edo jaiegunetan irekitzen. Horri dagokionez, sektorearen % 4 baino ez daude igande edo jaiegunetan irekitzearen alde.

Merkataritzaren eta teknologia berrien arteko harremana

Gehien nabarmentzen dena STen presentzia da, hau da, kutxa erregistratzaileari lotutako CPU pantailaduna; saltokien % 86k dute. % 87k Internet dute, % 65,5ek kudeaketa-softwarea eta % 45,7k smartphone edo tablet bat. Ia saltoki guztiek onartzen dute eskudirutan eta kreditu-txartelarekin kobratzea, % 30ek onartzen dute mugikorrarekin ordaintzea eta % 15,5ek bizuma egitea. Online salmentei dagokienez, saltokien % 14,5ek diote online kanalaren bidez saltzen dutela.

Negozio-bolumenaren pertzepzioa eta laguntzak eskuratzea

2021eko salmenten pertzepzioak atzeraldi txiki bat izan du 2020koaren aldean. Batez ere, 2020an abiada hartu zuen elikaduraren sektoreak baldintzatua. Administrazioaren laguntzei dagokienez, 10 saltokitik 3k esan dute laguntza horiek jaso dituztela, eta alde handia dago sektoreen artean. Elikagaien sektorearen % 13,5ek bakarrik jo dute laguntzetara, eta modako gaien merkataritzan, berriz, % 63ek baino gehiagok.

Merkataritzak bezeroekin duen harremana

Merkatariek uste dute bezeroek batez ere arreta pertsonala baloratzen dutela, ondoren produktua, eta gero, prezioa. Bezeroekin erabiltzen duten hizkuntzari dagokionez, azterlanak ondorioztatu du euskal merkatarien erdiak euskaraz arreta emateko gaitasuna duela, eta % 44k, berriz, zailtasunak dituztela; ehuneko hori handitu egiten da saltokiaren tamaina txikiagoa den heinean. Merkatarien ustez, batez beste bezeroen % 29k aukeratzen dute euskara komunikatzeko.

Ingurumen-jasangarritasuna

10 saltokitik 7k adierazi dute 2021ean ingurumen-ekimenen bat egin dutela; horien artean, nabarmentzekoak dira plastikozko poltsak murriztea, bilgarriak birziklatzea eta, neurri txikiagoan, kontsumo txikiko energiak edo km0 produktuak erabiltzea.

“Merkataritzaren barometro hau”, azaldu du sailburuak, “Euskadiko merkataritzaren diagnostiko berriari gehitzen diogun analisi berri bat da, 2030erako merkataritzaren euskal estrategia oinarritzeko balio diguna. Barometroaren eta diagnostikoaren ondorioek erakusten digute nolako joerak dituen merkataritzak etengabeko bilakaeran dagoen teknologiarekiko beharrezko digitalizazio eta omnikanalitaterako. Dendek beren tokiko identitateari eusteko aukera izan behar dute, baina trantsizio teknologikora egokitzeko gai izan behar dute, eta bezeroaren esperientzian txertatu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak