2030 Agenda Bonuen Programak erakunde sozialen 100 proiektu bultzatzen ditu Garapen Jasangarrirako Helburuak zabaltzeko
- Ehun ekimen horiek 50 sektore-, eskualde-, toki- edo auzo-elkarteri dagozkie, eta 423.176 euro batzen dituzte
- Laguntza horien gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da proiektu bakoitzeko, eta 25.000 eurokoa erakunde berak bultzatutako ekimenen baturagatik
- Horrela, diru-laguntzen programa honek dibulgazio-jarduerak biderkatu eta dibertsifikatu nahi ditu, eskala txikian eta kalean bertan
- Azkenik, 2030 Agenda zer den eta zer adierazten duen gizarte-ezagutzaren maila handitzea da helburua
Gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2022ko ekainaren 23ko Ebazpena, 2030 Agenda Bonuen Programaren 2022rako diru-laguntzen deialdia ebazten duena, Lehendakaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak bultzatzen duena. 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) dibulgazio eta ezagutza sozialeko ekintzak nahiz haren edukiaren gainean herritarrek parte hartzeko ekimenak sustatzera bideratuta dago programa, eta euskal elkarte-sareko erakundeei laguntza ematen die ekintza horiek dinamizatzeko.
Diru-laguntzen programa honen lehen edizioa da, eta deialdia joan den martxoan argitaratu zen. Ebazpen horri esker, 50 erakunde soziali lagundu zaie Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako 100 dibulgazio-, prestakuntza- edo elkarrizketa- eta partaidetza-proiektu garatzeko. Guztira, 423.176 euro eman dira.
2030 Agenda Bonuen Programaren helburua da dibulgazio-, prestakuntza- edo partaidetza-jarduerak biderkatzea eta dibertsifikatzea, eskala txikian eta kalean bertan. Hori dela eta, laguntza horien gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da proiektu bakoitzeko, eta 25.000 eurokoa erakunde berak bultzatutako ekimenen baturagatik.
Ikuspuntu horretatik, programak guztiz bete du diseinatutako helburu biderkatzailea. Hori dela eta, indarrean jarraituko du datozen urteetan. Diru-laguntza jaso duten proiektuak askotarikoak dira, baina lokarri bera dute: 2030 Agendarekin eta GJHekin duten lotura.
Hona hemen askotariko jarduera horien adibide batzuk: prestakuntza-ikastaroak, tailerrak, argitalpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak, elkarrizketa- eta lan-saioak, hedapen-kanpainak, emakumeen giza eskubideei buruzko gida egitea, belaunaldien arteko jardunaldiak egitea, hondartzak garbitzea, mural bat egitea, marrazketa-lehiaketa, edo GJHen gaineko interakzio artistiko parte-hartzailea. Txikienei zuzendutako ekimenak ere babestu dira, 2030 Agendara hurbildu ahal izateko, jolasekin, txotxongiloekin edo hezkuntza-entretenimendurako beste baliabide batzuekin.
2030 Agenda Bonuak 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programan aurreikusitako ekimena da, hau da, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren Legegintzaldiko lan-plana osatzen duen dokumentuan, Garapen Iraunkorrerako Helburuak sustatzeari dagokionez.
Legegintzaldiko dokumentu honek bere diagnostikoan jasotzen du 2030 Agenda zer den eta zer adierazten duen gizarteak ez dakiela. Hori dela eta, Legegintzaldi honetarako Eusko Jaurlaritzaren planaren lau ardatzetako lehena 2030 Agendaren zabalkundean zentratuta dago. Arlo horretan bost jarduera aurreikusten dira:
-urteko informazio- eta dibulgazio-kanpaina bat bultzatzea. Lehen edizioa 2021ean egin zen, eta bigarrena 2022ko udazkenean egingo da;
-unibertsitateekin lankidetzan, ikasleentzako tresna didaktikoak prestatzea, prestatzen ari den proiektua;
-herritar guztiei zuzendutako dibulgazio-prestakuntzako programa bat garatzea, maiatzaz geroztik abian jarri dena;
-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) parte hartzeko eta inplikatzeko ekimenak sustatzea, datorren udazkenean abiaraziko direnak;
-eta 2030 Agenda Bonuen Programa martxan jartzea, gaur ebatzi eta argitaratu berri den deialdia.
Bost jarduera horien helburuak honako hauek dira: 2030 Agendaren esanahiari, proiekzioari eta garrantziari buruz gizartearen ezagutza-maila handiagoa lortzea; GJHei buruzko elkarrizketarako, partaidetzarako eta inplikazio sozialerako bideak eskaintzea; giza garapeneko eta garapen iraunkorreko pedagogia garatzera bideratutako hezkuntza-tresnak eta -ekimenak indartzea, eta 2030 Agenda Euskadi Kontratu Sozialaren printzipioak eta balioak indartzea; eta GJHak erakunde-, sektore- edo antolaketa-jarduketako eremu guztietan ezartzeko prestakuntza-tresnak babestea.
Jarduera multzo horrek, eta bereziki 2030 Agenda Bonuen Programak, azken batean, 2030 Agendaren ezagutza zabaltzea, GJHekin bat egitea eta hura sustatzeko konpromisoan zeharkako lankidetza lortzea du helburu.