Eusko Jaurlaritzak poza agertu du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Arloko Lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legea gehiengo zabal batekin onartu dela eta

2022-06-30

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legea, 2021eko urtarrilaren 13an aurkeztu zuten Legebiltzarrean EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek, Lege-proposamen modura, eta gaur onartu da behin betiko Eusko Legebiltzarrean. Legearen ibilbidea, baina, lehenagokoa da: Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bi aldiz (X. eta XI legealdietan) onartu baitzuen Lege-proiektua Gobernu Kontseiluan. Beraz, Eusko Jaurlaritzak bere poza agertzen du hainbat urteko lanaren ondoren Euskadin kirol eta jarduera fisikoaren lanbidea arautuko duen lege bat izango dugulako. Onarpen honekin gainera, Eusko Jaurlaritzak XII. Legealdiko Gobernu-Programan eta Lege-egutegian urrats bat gehiago da.

Lege honen helburua da, zehazki, kirolaren esparruko hainbat lanbide-jarduerari buruzko oinarrizko alderdiak arautzea, horietan aritzeko beharrezko kualifikazioa zehaztuz. Onartutako legeak honako lanbide-jarduerak arautuko ditu: Gorputz Hezkuntzako irakasleak, kirol-monitoreak, entrenatzaileak eta, azkenik, kirol-zuzendariak. Legearen eragin esparrua txapelketen eta kirol federatutik harago doa, jarduera fisikoa eta kirol jarduera bere osotasunean ulertuz. Euskadin 20.000 pertsona inguruk egiten dute lan aipatutako lau esparruetan.

Lanbideok geroz eta eragin handiagoa dute gizartean eta legeak ahalbidetuko du araututako lanbideetan jarduteko beharrezko kualifikazioak zehaztea, lanbide bakoitzari dagokion jarduera-eremu orokorra izendatuta. 

Legearen berritasunen artean daude, besteak beste:

  • Kirolarekin lotutako lanbideetan jardun ahal izateko ez da ezinbestekoa izango goi mailako hezkuntzako titulu akademiko bat izatea, eta lanbide horietan jardun ahal izango da dagozkion kualifikazioak hainbat mailatako titulu akademikoen bidez edo profesionaltasun-ziurtagirien bidez ere frogatuta.
  • Arlo honetako lanbideen garrantzia azpimarratzen du legeak, batez ere gizarteak dituen sedentarismo-arazoak kontuan hartuta, eta aparteko protagonismoa ematen die jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien esparruko unibertsitate-prestakuntza espezifikoei.
  • Jarduera fisikoa eta kirola egitean, gainera, une batzuetan sor daitezkeen arrisku egoerek, eskatzen dute, gainera, sektore honetako profesionalek kualifikazio egokia izatea, eta helburu horri erantzuten dio legeak. 

Alorrez alor, hauek dira arautuko diren esparruak:

  • Gorputz Hezkuntzako irakasleei buruzko hezkuntza-legedia osatuko du legeak. Kasu honetan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari jarraituz araututa dagoen lanbidea da. Hala ere, Legeak lehen sorospeneko gutxieneko prestakuntza izatea eskatuko die irakasleei, bereziki bihotz-biriketako bizkortzean, ikasleen segurtasuna bermatzeko.
  • Kirol-monitoreen lanbidea aitortzen eta arautzen du legeak, garrantzi handia hartu duela eta. Lanbide honetan lehiaz kanpoko eremuak eta jarduera-multzo zabala daude:  aerobikeko edo pilateseko gimnasioko monitorea, eskolaz kanpoko kirol anitzekoa, natura-eremuko abentura anitzekoa, surfeko monitorea, igeri egiten irakastekoa edota ur zakarretako piraguismoko gidaria. Jarduera horietako bakoitzak eskakizun espezifiko bat betetzea eskatuko da (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduatua,  Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako Animazioko goi mailako teknikaria, profesionaltasun-ziurtagiria…). Eskola-kiroleko kirol anitzeko jardueretako monitoreen kasuan, gaituta daude foru-aldundiek eskainitako prestakuntza-ekintzak egin dituzten pertsonak.
  • Lehiaketako kirol-entrenatzaileen eremua ere arautzen da. Jarduera honek ere errealitate oso desberdinak barne hartzen ditu, eskola-kiroletik hasi eta errendimendu handiko kirolera arte. Legeak, beraz, errealitate horietako bakoitza zehazten du (ikastetxe bateko entrenatzailea, jubenilen talde bateko entrenatzailea…). Kirol-jarduera horretan ari direnen formazio-etapak (hastapena, hobekuntza edo goi maila) eta kirolaren ezaugarriek baldintzatuko dute zein titulazio edo ziurtagiri behar diren.
  • Azkenik, kirol-zuzendariaren lanbidea, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak lanbide-jardunean aplikatu behar dituzten kasuetan, arautzen du legeak. Lanbide horrek zuzendaritza, programazio, plangintza, koordinazio, kontrol eta gainbegiratze teknikoekin lotutako jarduera profesionalak egitea ahalbidetzen du. Kasu honetan jarduera-esparruaren araberako titulazioa beharko da: ikastetxe bateko eskola-kiroleko koordinatzailea, kirol-elkarte jakin bateko koordinatzailea, elkarte federatu bateko kirol-zuzendaria edo fitness-zentro bateko ur-jardueretako koordinatzailea. 
  • Bolondres modura lau esparruetan aritzen denaren jarduera ere arautzen du legeak.
  • Hizkuntzari dagokionean, zerbitzu publikoen esparruan gutxienez B2 hizkuntza-gaitasun maila ere egiaztatu beharko da lanbidera lehen aldiz sartzen direnen aldetik, funtzio publikoaren araudian beste gaitasun-mailarik ezartzen ez denean eta dagozkion indize soziolinguistikoek hala eskatzen dutenean, nahitaez bete beharreko indarrean dagoen araudiari jarraiki.
  • Genero ikuspegiari dagokionean, legeak ezartzen du soldata-parekatzeko eta emakumeen ordezkaritza txikia den jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan haien presentzia handitzeko neurriak ezarri beharko direla.
  • Legeak ezartzen dituen betebeharrak modu progresiboan ezarriko dira. Adibidez, kualifikazio egokiak 2026tik aurrera eskatuko dira.

 

3 iruzkin
  • @IbaiSaavedra
    2022-07-01

    Comentario de Twitter:
    RT @mugimenteuskadi: El Gobierno Vasco muestra su satisfacción por la aprobación por una amplia mayor... https://t.co/Nq8k0l9pL2

  • @juanaldaz
    2022-07-01

    Comentario de Twitter:
    RT @mugimenteuskadi: El Gobierno Vasco muestra su satisfacción por la aprobación por una amplia mayor... https://t.co/Nq8k0l9pL2

  • @mugimenteuskadi
    2022-07-01

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco muestra su satisfacción por la aprobación por una amplia mayor... https://t.co/Nq8k0l9pL2

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak