Bermeok Tonpoiko naturagunea berreskuratuko du erabilera publikorako eta klima-aldaketara egokitutako irizpideekin

2022-06-30
  • Bertako alkate Aritz Abaroak eremua berroneratzeak “ingurumenean nahiz gizartean duen garrantzia” nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredorekin eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botorekin egindako bisita instituzional batean
  • Parke berdea sortzean, bigarren fase bat egingo da, urrian hasiko dena, eta horrekin jarraipena emango zaio pasealekuari, kostatik, Aritzatxuko hareatzaraino
  • Ekintza hau LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egin da, datozen urteetarako Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena

Tonpoiko (Bermeo) naturagunea jada irekita dago erabilera publikorako. Bi urte baino gehiago lan egin ondoren, kostako herriak ingurumen-balio handiko eremua berreskuratu du, Talapeko eta Tonpoiko itsaslabarren artean zabaltzen dena, eta baratzeek, itxiturek eta txabolek degradatutako eta iritsezin bihurtutako eremua berroneratzea lortu da. Ekintza hau LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egin da, datozen urteetarako Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena.

Ekainaren 30ean –ostegunean– egindako bisita instituzionalean, kostako herriko alkate Aritz Abaroak eremua berreskuratzeak “ingurumenean nahiz gizartean duen garrantzia” azaldu die Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredori eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botori.

Abaroak azaldu duenez, hirigunearen ondoan dagoen eremua garbitzeko eta berreskuratzeko egindako lanen ondoren, hiri-periferiako azpiegitura berde bat diseinatu da, material naturalekin eta lorezaintza jasangarriaren irizpideekin. Berreskuratutako eremuak klima-aldaketaren efektuen aurkako babes-eremuak ditu, eta kontuan hartu da, halaber, espezie autoktonoen zuhaixkak eta zuhaitzak landatzea, etorkizunean parkean itzalguneak sortzeko. Gainera, udalaren iritziz, ingurunean landazabal atlantikoaren paisaia berreskuratzeak mikrohabitatak sortzea erraztuko du, eta biodibertsitateari lagunduko dio.

Bigarren fasea: pasealeku bat kostatik Aritzatxuko hareatzaraino

Tonpoiko parke berdea sortzean, bigarren fase bat egingo da, urrian hasiko dena, eta horrekin jarraipena emango zaio pasealekuari, kostatik, Aritzatxuko hareatzaraino, herritarren gozamenerako. Etorkizuneko ibilbidea, hiru kilometro inguru luzekoa, oinezkoentzako bide batetik joango da, eta paisaiaren ikuspegia bikaina izango da: Matxitxako lurmuturra mendebaldean, eta Izaro uhartea eta Oka ibaiaren estuarioa ekialdean.

Bisitan zehar, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak klima-ekintzaren alde egindako apustua. Alde horretatik, Barredok nabarmendu du Euskadi dela Nazio Batuek bultzatutako ‘Anbizio Klimatikorako Aliantza’ osatzen duten mundu osoko 22 eskualdeetako bat, eta “horrek esan nahi duela nazioartean aitortzen zaigula 2050erako edo lehenago karbono-neutraltasuna lortzeko eta klima-aldaketaren efektuekiko lurralde erresilientea izateko hartutako konpromisoa”.

Gainera, Barredok administrazioen arteko lankidetzaren garrantziaren alde egin du. Adibide gisa, aipatu du udalerriekin udalerri jasangarrien euskal sarearen (Udalsarea 2030) eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez egindako lana. Hala, gogorarazi du proiektua “maila anitzeko gobernantza garatzen duen proiektu eraldatzailearen adibiderik onenetako bat” dela.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusi Alexander Botok nabarmendu du Urban Klima 2050en garrantzi estrategikoa eta politikoa, eta, gogoratu duenez, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia –KLIMA 2050– berrikusteko aukera eman du.

Besteak beste, Botok azpimarratu du Euskadiko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2021-2024 Planaren onespena, “energia-trantsizioa eta klima-aldaketaren arintzeaz gain egokitzapena eta justizia-kontzeptua barnean hartzen dituen plana, inor atzean utzi gabe”.

Life IP Urban Klima 2050i buruz

Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handienak euskal lurraldea eraldatuko du 2019-2025 aldian, klima-aldaketa arintzeko eta hari egokitzeko 40 ekintza koordinatuz. Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoa da proiektuaren burua. Hogei bat erakunderekin batera lan egiten du, eta haien artean daude Eusko Jaurlaritzako beste bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru-aldundiak, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzaren bi sozietate publiko (EEE eta URA), bai eta teknologia- eta ikerketa-zentroak ere (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

19,8 milioi euroko aurrekontuaz hornitua, KLIMA 2050 Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategiaren hedapen eraginkorra erraztuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak