Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Eustatek eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak lehen aldiz sinatu dute informazioa emateko hitzarmena (Gobernu Bilera 2022-6-28)

2022-06-28

 

Astearte honetako Gobernu Kontseiluak onartu egin du Zerga Administrazioko Estatu Agentziak (Zerga Agentzia) Euskal Estatistika Erakundeari (EUSTAT) datu estatistikoen informazioa emateko bete behar dituen edukiari, baldintzei eta prozedurei buruzko lankidetza ezartzen duen hitzarmena. Hau da bi erakunde publikoen artean horrelako hitzarmen bat sinatzen den lehen aldia. 

Zerga Agentziak emandako informazioaren xedea EUSTATek soilik estatistiketarako erabiltzea izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Planean esleituta dituen estatistika-eragiketak egiteko. 

Administrazio publikoen arteko harremanetan nagusi izan behar duen elkarlanaren esparruan, bi aldeetako ordezkarien iritzia da oso onuragarria izango litzatekeela, bakoitzak bere helburuak betetzeko, alderdien arteko informazio-hornidura egonkorra eta aldizkakoa arautuko duen sistema bat izatea. 

Ondasunen nazioarteko merkataritzari buruzko estatistikaren behin betiko datuak lagako dizkio Zerga Agentziak EUSTATi (Europar Batasunaren barruan eta hirugarren herrialdeekin), urtero eta Zerga Agentziaren atarian ofizialki argitaratzen denetik gehienez hilabeteko epean. 

Behin Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, eta sinatzaileek, epea amaitu baino lehen, lau urtera arteko berariazko luzapena adostu ahal izango dute. Era berean, hitzarmen honetatik ez da alderdi bakoitzaren betebehar edo konpromiso ekonomikorik eratorriko.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko