Euskal herritarren % 13,5ek diote sexu-orientazioak edo identitateak eragindako eraso fisikoen lekuko izan direla

2022-06-28
  • Hura da Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa: sexu- eta genero-aniztasunarekiko pertzepzioak eta jarrerak txosteneko ondorioetako bat; txostena Ikuspegik egin du
  • Inkesta bete duten biztanleen % 85ek esan dute ados daudela sexu- eta genero-aniztasuna ikastetxeetan hezkuntzako gai gisa sartzearekin
  • Nahiz eta LGTBI pertsonekin lan-espazioa partekatzearen inguruko onarpen-maila % 95ekoa izan, EAEko gizartearen % 48,6k uste du LGTBI pertsonek zailtasun erantsiak dituztela enplegua bilatzeko
  • Biztanleen % 60k aitortzen dute LGTBI kolektiboak ikusezintasuna eta mugak jasaten dituztela haien identitatea aske adierazteko orduan

 

Bilbo, 2022/06/28

EAEko gizartea oso zabala da sexu- eta genero-aniztasunaren aurrean, baina aitortzen du LGTBI kolektiboak bereizkeria jasaten duela eremu batzuetan.  Hala islatzen du Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa: sexu- eta genero-aniztasunarekiko pertzepzioak eta jarrerak txostenak; txostena Ikuspegik egin du. 2021eko lehen edizio honetan, inkestaren ardatzak sexu- eta genero-aniztasunarekiko jarrerak eta LGTBI kolektiboa dira.

EAEko biztanleen % 86,3 alde daude erakundeek LGTBI pertsonen aukera-berdintasuna berma dezaten, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, Gorka Moreno UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak eta Lía González Ikuspegiko ikertzaileak gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duten bezala. Gainera, nabarmentzekoa da lesbiana eta gayen ezkontza-eskubidearen inguruko onarpen-ehunekoa, % 92,6koa baita. Modu berean, % 80tik gorakoa da LGTBI pertsonek ondorengoak dituzten familiak eratzeko eskubidearen inguruko onarpen-maila, ondorengo horiek adopzio bidez edo legez araututako beste bide batzuen bitartez izan.

Datuek, Monika Hernandok esan duenez, honako hau erakusten digute: “EAEko gizartearen zati gehiena zabala da eta sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI kolektiboaren bereizkeriarik ezaren aldekoa  da, batik bat araudi-alderdietan eta formaletan”. Sexu- eta genero-aniztasunerantz zabaltzeko EAEko indizea 100etik 75,77 puntukoa da. Balio horrek erakusten du EAEko gizartearen jarrera nagusiki zabala, tolerantea eta inklusiboa dela.

Bestalde, Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak honako hau nabarmendu du: “nahiz eta LGTBI pertsonekin lan-espazioa partekatzearen inguruko onarpen-maila % 95 ingurukoa izan, paradoxikoki, lan-eremuan antzematen du EAEko gizarteak kolektiboaren aurkako bereizkeriarik handiena: inkesta bete duten pertsonen % 48,6k uste du LGTBI pertsonek zailtasun erantsiak dituztela enplegua bilatzeko”.

Ikusgarritasunari eta gizarte-adierazpenari dagokienez, biztanleen % 60 inguruk aitortzen dute LGTBI kolektiboak ikusezintasuna eta mugak jasaten dituztela haien identitatea aske adierazteko orduan. Inkesta bete dutenen % 91,4 inguruk uste dute positiboa dela berezko genero-identitatea errespetatzea administrazio publikoaren aldetik arreta jasotzean; ildo beretik, % 82,2k onartzen dute dokumentazio ofizialak “gizon” eta “emakume” aukera tradizionalak baino genero-aukera gehiago jasotzea.  Gainera, biztanleen % 86,8 osasun-sistema publikoak sexua berresleitzeko eskubidea bermatzearen alde daude.

Hala ere, sexu- eta genero-aniztasunera zabalik egotearen eta onarpen formalaren inguruko datu horiek ez datoz bat EAEko gizartearen ustez LGTBI kolektiboak jasaten dituen bereizkeria-datuekin. Azterlanak jasotzen duenez, EAEko biztanleen % 50 baino gehiagok diote entzun edo ikusi dituztela komentario edo zurrumurru negatiboak baten baten inguruan, haren sexu-orientazioagatik eta/edo sexu- edo genero-identitateagatik, bai eta isekak, bromak, txisteak, imitazioak edo keinu iraingarriak ere. Biztanleen % 42,5ek esan dute, era berean, isekak entzun dituztela, hala nola “marikoia”, “maritxua” edo “trabeloa”; % 17,9k esan dute badakitela kasu batzuetan, arrazoi berengatik, pertsona edo talde bat baztertu izan dela, parte hartzen utzi ez zaiola edo isolatu izan dela.

Txostenean, era berean, EAEko biztanleek aniztasunaren eta, oro har, bereizkeriaren inguruan dituzten jarrera eta pertzepzioak erakusten ditu hurbiletik.  Ezaugarri pertsonalei dagokienez, bereizkeria ohikoena ikusten da ijitoen herriari eragiten diona dela; inkesta bete duten pertsonen % 65,8k esan dute oso edo nahiko zabalduta dagoela. Ondoren, jatorri etnikoaren inguruko bereizkeria dago, % 50,6k uste baitu oso edo nahiko zabalduta dagoela; transexualen edo transgeneroen ingurukoa (% 47,4), eta azalaren kolorearen ingurukoa (% 46,3).

Nabarmentzekoa da, halaber, azterlanaren beste ondorio bat: EAEko biztanleen % 73,8k esan dute ez dakitela zein diren haien eskubideak bereizkeriaren biktima diren kasuetan; % 23k esan dute badakitela zein diren.

Azkenik, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak honako hau nabarmendu du: “Unibertsitate garen aldetik, gure gizartean dauden zurrumurru eta estereotipo nagusiak detektatzeko eta identifikatzeko hain garrantzitsuak diren gai horietan sakondu eta ikertzen jarraitu behar dugu”.

Ikuspegi 2004. urtetik dago aktibo, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari dago lotuta. Haren helburu nagusia da EAEn aniztasuna ezagutu eta aztertzea, bai eta migrazio-fluxuen intzidentzia ere.

Lotura NEURTU 2021 txostenera:

https://www.ikuspegi.eus/documentos/neurtu/2021/neurtu2021eus.pdf

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak