Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Euskadi Irratian

2022-06-27

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari egin diote elkarrizketa gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Bertan, amaitu berri den ikasturtearen balantzea egitearekin batera, hezkuntza arloko beste hainbat gairi ere heldu die sailburuak, hala nola, Ukrainako neska-mutilen eskolatzeari, DBHrako ordutegiari, Legebiltzarrean erdietsitako Hezkuntza Hitzarmenari, jaiotze tasaren jaitsierari, udalekiko lankidetzari, edo langileen egonkortasunari, besteak beste.

Amaitu berri den ikasturtearen balantzea “oso ona” dela esan du Bildarratzek, hezkuntza komunitate guztiak egin duen lanari eta irakasleen inplikazioari esker. Gogoratu du, dena den, Gabonetako oporren aurretik 460 gela ere egon zirela itxita aldi berean Covid-19k eraginda, eta onartu du ikasturte honetan dagoeneko pandemiagatik pilatutako nekea ere nabaritu dela. Hala ere, “bikain” ipini dio sailburuak.

Haur ukrainarren eskolatzearen inguruan, nabarmendu du, hurrengo ikasturtean ere aurreikusitako moduan lanean jarraitzea dela asmoa, neska-mutilak iritsi ahala eskolatuz. “Erronka handiena izango da emozionalki hain ukituta datozen goxo jasotzea ikastetxeetan, aritu garen moduan, eta adinagatik dagokien geletan eskolatzea”.

Eskola-jardunaldi zatitua edo jarraiaren inguruko debatearen inguruan, aldiz, azaldu du zaurgarritasun handiena bizi duten ikasleei aukera gehiago eskaintzen diela jardunaldi zatituak, “hezkuntza giro batean murgilduta daudelako” egunean ordu gehiagoz.

Legebiltzarrean apirilaren 7an adostutako Hezkuntza Hitzarmena ere hizpide izan du Bildarratzek elkarrizketan, eta legealdia hasi zenetik defendatu izan duena berretsi du berriro ere, “elkarrizketa dela bidea eta hezkuntzak gatazketatik kanpo egon behar duela. Adostasunetik jorratu behar dugu etorkizuna, azken finean gure gazteen etorkizuna daukagulako jokoan, gure hezkuntza sistemarena”.

Jaiotza tasaren jaitsierak hezkuntza arloan sortzen duen kezkaz ere aritu da Euskadi Irratiko elkarrizketan Bildarratz, eta honetan ere elkarrekin ekin beharreko erronka daukagula azaldu du. “Erronka hori baliagarri izan behar zaigu hezkuntzaren kalitatea areagotzeko, eta erronak horri elkarrekin heldu behar diogu”.

Udalekiko lankidetza berriro ere funtsezko jo du Bildarratzek, gogoraraziz kohesio sozialaren ikuspuntutik aurrera egiteko Hezkuntza Sailak eta udalek elkarrekin aritu beharra daukateka. Gai honen inguruan zehaztu du dagoeneko abian direla esperientzia pilotuak zenbait udalekin.

Amaitzeko, hezkuntzaren kalitaterako berebiziko garrantzia duen beste faktore bati ere heldu dio Hezkuntza sailburuak: zuzendaritza taldeen egonkortasuna eta ahalduntzea. Azaldu du azken urteetan pixkanaka hobetuz doala egoera, eta egun zuzendaritza taldeen %60 inguru egonkorrak direla. “Kalitaterako beste ezaugarri inportante bat da hau, zuzendaritzak egonkorrak izatea. Kalitatea areagotzen laguntzen du. Azkenean, gure ikastetxeak ahaldundu egin behar ditugu, eta zuzendaritzen lidergoak oso inportanteak dira”. Gai honekin loturik, azaldu du Hezkuntza Saila Dekretu berria ari dela prestatzen zuzendaritza taldeen funtzioak indartzeko eta figura horri errekonozimendu handiagoa emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak