Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak gerra eta gatazka armatu oro arbuiatu eta giza eskubideen defentsa eskatu du Turtziozko Manifestuaren 85. urteurrenean

2022-06-28
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • EuskoJaurlaritzak Euskadiko bizigarritasunari eta diseinu-arauei buruzko Dekretua onartu du

Gobernu Kontseiluak astearteroko ohiko bilera Turtziozen egin du, Turtziozko Manifestuaren 85. urteurrena dela eta. Manifestua Jose Antonio Aguirre Lehendakariak irakurri zuen 1937ko ekainaren 30ean erbestera jo aurretik. Egun hartan Euskadin antolatutako azken Gobernu Kontseilua egin zen.

Gaur, Eusko Jaurlaritzak, manifestu hura egin zen egoitza berean bilduta Adierazpen Instituzional bat onartu du. Bertan, legez eratutako Errepublikaren erregimenaren aurkako altxamendu militarra gaitzesten da. Altxamendu horrek eragindako gerrak diktadura luze eta beltza ekarri zuen, berrogei urtez errepresio gogorra eragin zuena eta oinarrizko eskubide eta askatasunak urratu zituena.

Gainera,  emozio biziko omenaldia egin nahi da bizitza kausarik nobleenaren alde, askatasunaren alde, eman zuten gudariei eta milizianoei, haien oroimenak betiko bizirik iraun dezan.Omenaldi eta oroimen hori belaunaldi oso bati luzatzen zaio. Gerraren izugarrikeriak, eta errepresioa, espetxea eta erbestea bidegabe jasan zituen belaunaldi oso bati.

Eusko jaurlaritzako bozeramaileak irakurri duen dokumentuan, pertsonaren duintasunaren balio gorenaren aldeko konpromisoa berresten da, baita printzipio eta balio etiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa eta Giza Eskubideen defentsa, babes eta berme eraginkorraren aldeko konpromisoa ere. “Eusko Jaurlaritzak hitz ematen du bere egingo dituela bake, askatasun, demokrazia, autogobernu, gizarte-justizia, errespetu eta elkarrizketaren printzipioak eta balioak. Printzipio horiek inspiratu zuten batasun-gobernu hura, Euskadiko gerran zein erbestean, eta gaur egun ere printzipio horiek aldarrikatzen jarraitzen dugu, Euskadirentzat eta mundu osoarentzat”, adierazi du.

“Esperientzia historiko horrekin eta Adierazpen honen edukiarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak gerra oro gaitzesten du, barnean dela horren azalpenik berriena, Errusiaren Ukrainako inbasioa. Eusko Jaurlaritzak gatazkak ebazteko baliabide gisa indarra erabiltzea arbuiatzen du, eta indarkeriarik eza, elkarrizketa, multilateralismoa eta Giza Eskubideen defentsa eskatzen ditu nazioarteko harremanen oinarrizko printzipio gisa”, amaitu du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak egin du agerraldia Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak buruzko Dekretua aurkezteko. “Arau garrantzitsua da, Euskadiko etxebizitza berriak eraikitzeko eta zaharrak birgaitzeko gutxieneko baldintzak zehazten dituelako. Eta eragina izango du, beraz, bertan biziko diren pertsonen erosotasunean eta bizitzeko moduan”, nabarmendu du.

Arriolak azaldu duenez, Dekretuari esker, egungo etxebizitza zurrun baina erreformagarritik, etxebizitza aldakor eta malgura jauzi egingo da, hau da, etxebizitzaren banaketa aldatzeko eta bertan bizi direnen bizitzako etapetara egokitzeko aukera emango duen etxebizitzara jauzi egingo da. Izatez, Dekretuak honako alderdi hauek arautzen ditu: neurriak, banaketa eta orientazioa; kanpoko espazioak eta egonlekuak; erosotasun termikoa; ekipamendua; osasungarritasuna; argiztapen naturala; jasangarritasuna; irisgarritasuna; segurtasuna; erabilera; eta mantentze-lanak.

Gainera, kanpo-espazioaren kontzeptua finkatzen da gutxieneko etxebizitza-programan. “Proiektu berrietan honen sarrera bultzatzeko, eraikigarritasunari dagokionez hamar metro karratu arteko kanpoko espazioak ez dira konputatuko”, adierazi du.

Etxebizitza sailburuaren ustez, arauak erregulazio-irizpide “garaikideak eta aurreratuak” jasotzen ditu, eta, gutxieneko bizigarritasun-baldintza batzuk ezartzen ditu, etxebizitzen duintasuna araudian bertan hasten dela sinetsita. Baina, behin horiek bermatuta, azpimarratu du, bere filosofia eraikinen diseinuan eta eraikuntzan askatasun handiena ematea dela, berrikuntza bultzatuz.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Aranzadi Zientzia Elkarteari dirulaguntza bat ematea Gautegiz-Arteagako paduretan biodibertsitate-tasak igotzearekin lotuta hainbat jarduketa gauzatzeko eta Oruetan mantentze eta leheneratze lanak egiteko, Europar Batasunak Next Generation EB funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Hezkuntza Sailaren eskutik, gaurko Kontseiluak hurrengo ikastarorako 10 milloi bideratuko ditu ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako doktoratu aurreko kontratuen bidez. Iazko deialdia baino %10a gehiago. Erabaki honen helburua ikertzaileen prestakuntza sustatzea da, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan.

Kultura arloan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzen duen dekretua, Gune Arkeologiko kategoriarekin.

Gai zerrenda

Prentsa-txostena

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak