Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bozketa sistema berriak blokeoarekin eta betoekin amaitzea ahalbidetuko du

2011.eko urriak 26

 

  • Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren jarduera arautuko duen lege-proiektua, eta bozketa indibidualeko eta gehiengo bidezko sistema batekin bideratuko da erakundearen jarduera hori.
  • Ekonomia- eta gizarte-erregulazioarekin soil-soilik loturiko gaiei buruzko irizpenak eman beharko ditu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, baina inoiz ere ez lan-arloarekin loturikoei buruzkoak.
  • Kanpo-adituak sartuko ditu lan-batzordeetan
  • Gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko erakundeek ere parte hartuko dute.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du Ekonomia eta Gizarte Kontseilua aldatzeko legea, hau da, Eusko Jaurlaritzaren kontsulta-organo nagusia, Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren lege-ekimenei buruzko irizpenak ematea helburutzat duena.

Lege-proiektuak zenbait aldaketa biltzen ditu egungo arauarekiko. Nobedade nagusien artean jasota dago Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren lana eta Lan Harremanen Kontseiluarena gainjartzea saihestu beharra. Hori horrela, argi eta garbi mugatu da organo bakoitzaren esparrua. Ekonomia eta Gizarte Kontseilua arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duten dekretu eta lege guztiei buruzko txostenak emateaz arduratuko da, eta Lan Harremanen Kontseilua, aldiz, lan-legeriarekin eta -araudiarekin zerikusia duen guztiaz arduratuko da.

Hiru blokek osatzen dute Ekonomia eta Gizarte Kontseilua: zortzi lagun erakunde eta konfederazio sindikal nagusiak ordezkatuz; zortzi lagun enpresa-konfederazioak ordezkatuz eta beste zortzi lagun autonomia-erkidegoko sektore bakoitza, instituzioak, erakundeak edo elkarteak ordezkatuz. Nobedade gisa, gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzea sartzen da hirugarren bloke horretan, gai ekonomiko eta sozialak ulertzeko modu desberdinen erakusgarri direlako. Hortaz, bloke horretako zortzi ordezkarietako bat erakunde horiei egokituko zaie.

Gainera, erabakiak hartzeko sistema aldatuko da, beto- edo blokeo-aukera gainditzeko. Lehen gehiengoek hiru taldeetako bakoitzean ere gehiengoak behar zituzten, eta orain, aldiz, bozkatzeko eskubidea duten Kontseiluko kide guztien (24) gehiengo sinple bidez hartuko dira erabakiak.

Beste nobedadeetako bat unibertsitateak izango duen parte-hartze nabarmena izango da, zortzi adituk osaturiko talde batek lagunduko baitu Kontseiluak garatuko dituen eginkizunekin loturiko gaietan. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta lehendakariak izendatuko ditu ospe eta prestakuntza handiko pertsonen artean, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duen guztiari gagozkiola, eta unibertsitate-arlokoak izango dira lehentasunez.

Botoa emateko eskubidea duten hiru taldeek hautatuko dute Kontseiluko presidentea lehenik. Hautagaiak kideen bi herenen botoak jaso beharko ditu gutxienez hautatua izateko, eta talde bakoitzaren botoren bat bildu beharko du betiere. Lehen bozketan gehiengo hori biltzen ez badu, lehendakariak hautatuko du presidentea, Kontseiluko kideei entzunaldia eman ondoren.

Lege-proiektuak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren oniritzia du eta Legebiltzarrera eramango da orain, bertan izapidetu eta lehenbailehen onar dezaten. Irailean eraman zen Legebiltzarrera Lan Harremanen Kontseiluaren lege-proiektua, eta horrela, bere kontsulta-organo nagusien aldaketak osatuko ditu Jaurlaritzak, operatiboagoak eta eraginkorragoak izan daitezen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan