Egoera ekonomikoaren pertzepzioa pandemia aurreko mailara itzuli da
- Eusko Jaurlaritzak argitaratu du azken Euskal Soziometroa
Euskadiko egoera politikoaren balorazio positiboa egiten dute biztanleek; % 66k uste dute ona edo oso ona dela. Halaber, egoera ekonomikoari buruz egiten den balorazioa positiboa da. Hala, % 69k uste dute Euskadiren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela. Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako azken Euskal Soziometroaren datuak dira.
Euskadiko arazo nagusiei dagokienez, gizartearen lehenengo kezka iturria berriz ere lan-merkatuarekin lotutako arazoetan kokatzen da. Biztanleriaren % 55ek aipatzen du hiru arazo nagusietako bat bezala. Nabarmentzekoa da otsaileko azken datuarekiko 10 puntu jaitsi dela.
Bigarrenik, distantzia handira bada ere, arazo ekonomikoak (% 23), osasun-arretarekin, Osakidetzarekin eta, oro har, osasungintzarekin lotutakoak (% 19) eta egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoarekin (% 15) lotutako arazoak kokatu dira. Arazo ekonomikoen aipamenak gora egin du otsailarekin konparatuta, % 15 ziren.