Artolazabalek esan duenaren arabera, indarkeria matxistari aurre egiteko modurik onena desberdintasunaren aurka borrokatzea da

2022-06-30

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak UPV/EHUren genero-indarkeriari buruzko Uda Ikastaroaren seigarren edizioa zabaldu du, gaur, Donostia / San Sebastiánen. Bertan esan duenez, ziur dago “emakumeen aurkako indarkeria matxistaren jatorria desberdintasuna dela” eta, beraz, “desberdintasunaren aurka borrokatzea indarkeriari aurre egiteko modurik onena dela”.

Inaugurazio-ekitaldian, sailburuaz gainera, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Izaskun Porres ikastaroko zuzendaria ere izan dira, eta Artolazabalek eskerrak eman ditu unibertsitatea EAEko gizartearen egungo beharretatik hurbil egoteagatik.

Intereseko eta hurbileko gaiak aztertzeko ahalegin horren erakusle izan da Violencia oculta, maltrato económico, violencia vicaria y realidad social ikastaro espezializatu hau antolatu izana, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren arloei lotutako gaiak dituen bigarrena.

Haur eta nerabeenganako indarkeriaren inguruan atzo eginiko ikastaroaren ondoren, unibertsitateak, bihar, garrantzi bereziko beste gai bati helduko dio: klima-aldaketa eta feminismoa

Artolazabal sailburuak, hitz egiten hastean, EAEko indarkeria matxistaren inguruko egoera deskribatu du, zenbait daturen bidez. Hala, honako hau esan du: “2019an, bikotearengandik edo bikote ohiarengandik indarkeria jasan zuten eta Ertzaintzak identifikatu zituen 3.098 emakumeetako askok seme-alabak zituzten”.

Era berean, honako hau nabarmendu du: “18 urtetik gorako 1.375 pertsona, 2019an, aita eta amen arteko banantze-prozesu gatazkatsuetan edo zailetan zeuden”. Pertsona horiei guztiei arreta eman behar izan zitzaien familia-topaketarako guneetan, epaileak agindutako kontsulta bidez.

Ondoren, Artolazabalek ezkutuko indarkeriaren edo indarkeria ikusezinaren adierazpen argienetako bat hartu du ardatz, osagai ekonomiko bat duena.

Indarkeria mota hori dirua erabiltzeko eta ondasunak administratzeko murrizketan adierazi ohi da, dirua gastatzeko moduari buruzko erreklamazioan, lan egiteko debekuan edo pentsioak ez ordaintzean, besteak beste. Sailburuaren iritziz, “indarkeria ekonomikoak ondorio suntsitzaileak ditu emakume biktimen autonomia pertsonalean”.

Testuinguru horretan, Uda Ikastaroak biktimek salaketen aurretik eta ondoren bizi duten egoerari heldu dio, bai eta salaketak aurkeztean biktimen denborak errespetatzeak duen garrantziari ere. “Horrek ez du esan nahi arreta, orientazioa eta babesa eman ezin zaizkienik, nahiz eta dagokion salaketa aurkeztu ez”, esan du Justiziako arduradunak.

Hori horrela, Artolazabalek nabarmendu du biktimari laguntza emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, duela hiru hamarkadatatik hona, laguntza eske zerbitzura jotzen duten emakume guztiei ematen diela arreta, eta orientazioa, laguntza eta tratamendua eskaintzen dizkiela, nahiz eta salaketarik aurkeztu ez.

“Biktimari, salatzeko baldintza egokietan dagoela uste duenean, salaketa jarri ondoren zer gertatuko den jakinarazi behar zaio, eta laguntza eman behar zaio ibilbide horretan”, esan du sailburuak. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Subijana (EAEANko Presidentea)