Berriak Ekonomia eta Ogasuna

Exekutiboak eta zuzendariak euren urteroko biltzarra egiten ari dira Bilbon

2011.eko urriak 27

CEDE Espainiako Zuzendari eta Exekutiboen Konfederazioa bere zazpigarren biltzarra egiten ari da Bilbon, gaurtik ostiralera bitartean, Zuzendu, hazteko lelopean

Enpresa, ekonomia eta politika arloko lider nabarmenak hartzen ari dira parte programan eta bi egunez zuzendariek hazkunde jasangarri bat eta lana zein aberastasuna sortuko dituen bidea berreskuratzeko hartu behar diren estrategia egokienei buruz eztabaidatzeko aukera izango dute. Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa sailburuak Biltzar honetan egin den saioetako batean hartu dute parte, Demografia eta gizarte piramidea: hezkuntza, pentsioak eta osasuna izenburupean egin den saioan, hain zuzen ere.

Zuzendu, hazteko biltzarrak hainbat garapen ardatzetan oinarriturik, gure sistema ekonomikoan sustatu beharreko hobekuntza zehatzak jorratzen ditu: berrikuntza eta diseinua, nazioartekotzea, energia jasangarriak eta lehiakortasunari eman beharreko bultzada. Dena oreka finantzarioa nagusi den inguru baten barruan egon behar da.

Bilboko Euskalduna Jauregiak CEDE Espainiako Zuzendari eta Exekutiboen Konfederazioaren urteroko Biltzarra hartuko du ostirala bitartean.  Biltzar honek hainbat saio eta ponentzia hartuko ditu. Haietako bat, Demografia eta gizarte piramidea: hezkuntza, pentsioak eta osasuna izenburukoa hain zuzen ere,  Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa sailburuak eman eta Antonio Garrigues, Garrigues-eko presidente eta CEDE-ko Senatuko kideak zuzendu du. 

Ekonomia eta Ogasun sailburua biztanleriaren etengabeko zahartzeak gure orainean eta geroan izan dezakeen eraginaz mintzatu da, ikuspuntu ekonomiko batetik. Carlos Aguirreren hitzaldia pentsioen etorkizunean oinarritu da. 

Bere aldetik, Osasun sailburuak osasun sistema iraunkor batera iristeak duen garrantzia nabarmendu du, biztanleriaren zahartzeak ere duen eragina aintzat hartuz. Bere mintzaldian, eritasun kronikoen kudeaketak eskatzen duen ahalegin berezia azaldu du Rafael Bengoak.

Azkenik, Isabel Celaak bere sailak garai berriei egokitu behar zaien hezkuntza sistema baten inguruan duen ikuspegia azaldu du, eta adierazi du hirueletasunak eta teknologia berrien erabilerak hezkuntzaren oinarria izan behar dutela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak