Agurtzane Llano: "Gazteen Euskal Behatokiak aldian behin egiten dituen inkestek aukera ematen dute joerak ezagutzeko eta gure gazteen erronka eta beharrekin lotutako jarduerak diseinatzeko"

2022-06-22
  • Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, Legebiltzarrean, gazte-kolektiboek indarkeria homofoboaren inguruan duten pertzepzioaren xehetasunak eman ditu
  • “Funtsezkoa da belaunaldi gazteenak tolerantziaren eta errespetuaren balioetan sentsibilizatzea”

 

 VG 2022 06 22

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, honako hau esan du: “Gazteen Euskal Behatokiak aldian behin gure gizartean eragina duten gaien inguruan egiten dituen inkesta eta zundaketei esker, gazteen egoera eta haien joerak ezagutzen dira, eta, hala, administrazio publikoek eta gizarte-eragileek politika publikoak aktibatzen dituzte indarkeria homofoboko prebenitzeko eta haren segimendua egiteko jarduketak hobetzeko”.

“Gazteei galdetzen zaienean gizartean indarkeriazko edozein jarrera homofobiakoren inguruko pertzepzioaren gainean, indarkeria zentzu zabalean hartzen da, eta haren maila guztiak barne hartzen dira: indarkeria sotilenak –edozein pertsonaren edo kolektiboren aurkako indarkeria sinbolikoa, batzuetan ikusezin ere esaten diotena, errespeturik gabeko umorea eta publizitate baztertzailea edo estereotipatua– eta indarkeria larrienak eta esplizituenak eta sexu-erasoak eta fisikoak”, esan du Llanok, Legebiltzarreko Gizarte Politiketako eta Gazteriako Batzordean.

Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak 15 eta 30 urte bitarteko gazteen inguruan Behatokiak dituen zenbait daturen berri eman du, besteak beste: EAEko gazteen % 40,8ren iritziz, indarkeria homofoboa “nahiko zabalduta” dago, eta % 22,2k uste dute “oso zabalduta dagoela”.

Emakumeak

Gazteen Euskal Behatokiak jaso dituen apunte horietan, honako hau zehazten da: “emakume gazteek gizonek baino kasu gehiagotan aipatu dute indarkeria mota hori oso hedatuta dagoela gazteen artean. Emakumeen % 72,5 dute iritzi hori, eta gizonen % 53,9k”. “Ziurrenik, datu horren arrazoia da emakumezkoen kolektiboak sentsibilizazio handiagoa duela edozein indarkeria motaren aurrean”, esan du Gazteriako zuzendariak. Agurtzane Llanoren iritziz, “eragileen ekintzaren helburuak izan behar du gazteen artean prebentzio- eta sentsibilizazio-politikak lantzea, esku hartzeko ekimenekin batera, besteak beste: Emakunderen kanpaina eta 2022ko jaietan indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida.

Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, Legebiltzarrean, honako hau esan du: “gazteek sentsibilitate gehiago eta tolerantzia gutxiago dutenez, duela 40 edo 50 urte baino indarkeriazko jokabide gehiago antzematen dituzte eta agerian jartzen dituzte. Duela urte gutxira arte, esaterako, “mikro matxismo” batzuk inor ohartu gabe gertatzen ziren, eta, orain, hori gertatzea askoz ere zailagoa da; izan ere, gizartea, oro har, eta gazteak, zehazki, sentsibilizatuago daude”.

Argazkia

“Gazteen Euskal Behatokiaren lan teknikoari esker, gazteek zenbait eremutan bizi duten egoeraren egungo argazki etengabea dugu, eta, hala, politika egokiak diseina eta susta ditzakegu. Gaur, homofobiaren inguruko datuak eman ditugu”, esan du.

“LGTBI pertsonen eskubideen alde borrokatzeko eta haietako askok gaur egun oraindik bizi duten bazterkeriaren aurka egiteko, era berean, LGTBI kolektiboko elkarteen parte-hartzea behar da, sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta esku hartzeko politikak diseinatzeko”, esan du Llanok.

Irakasleak

Era berean, Agurtzane Llanoren iritziz, “funtsezkoa da gazteekin lan egiten duten eragileen prestakuntza, besteak beste, irakasleena; horren bidez, eskola-eremuan aniztasunari dimentsio zabaletik hel dakioke, LGTBIfobiaren zantzuak antzeman daitezke eta egoera bakoitzera egokitzen den erantzuna eman daiteke. Hori dela eta, Berdinduk prestakuntza eman die 58 ikastetxetako –Haur eta Lehen Hezkuntzako 34 zentro, DBHko eta Batxilergoko 21 zentro eta beste tipologia batzuetako 3 (LH eta HLPP)– klaustroari. 2021ean, 2.079 irakasleri eman zaie prestakuntza eta aholkularitza, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren datuen arabera”.

Berdinduk lehentasuna eman die ikasle baten mugimendu kasu bat duten zentroei. Hala, 2021ean, tailerrak egin dira 159 ikasgelatan: 76 Haur eta Lehen Hezkuntzakoak eta 83 Bigarren Hezkuntzakoak. Hala, 3.220 ikaslerengana iritsi gara: 1.516 neska, 1.605 mutil eta 99 ez-binario.

Prebentzioa

“Horiek dira Gazteen Euskal Behatokian LGTBIfobiaren inguruan ditugun datuak, eta horiek dira Gobernuko zuzendaritzek abian jarri dituzten eta garatzen ari diren ekintzetako batzuk. Aurrera egiten jarraitu behar dugu. Datuak batzen ditugu jarduketa positiboa izateko. Datuak etengabe biltzen egoteak –besteak beste, Gazteen Euskal Behatokiarenak– erraztu egiten du eta errealistagoa da diagnostiko egokia ezartzea eta administrazio publikoek estrategia, programa eta tresnak diseinatzen jarraitzea, gure gizartean edozein motatako indarkeriarekin amaitzeko”, esan du Agurtzane Llanok, amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Oskar Longo, Nieves Corcuera