Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Orkonera-Lutxana, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa bisitatu du

2022-06-22
  • Barakaldoko Lutxana auzoan dauden bi pabilioik hartuko dute Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma
  • Gaur egun bilduma 1.800 objektu inguruk osatzen dute eta Euskadiko industria sektore ia guztiak daude ordezkatuta
  • Hegoaldeko eta iparraldeko pabiloiak lotzeko erdian beste bat eraikiko da. Horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika sailan 2,4 milioi eurotako aurrekontua du
  • Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez Orkonerak erreferente izan nahi du industria ondarearen arloan

Iñigo Urkullu Lehendakariak Orkonera-Lutxana Bilduma, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa bisitatu du gaur. Bisita horretan Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Barakaldoko alkate Amaia del Campo, Araba eta Bizkaiko foru aldundietako kultura zuzendariak, María Inmaculada Sánchez Arbe eta   Begoña de Ibarra Zuazo, eta Barakaldoko herritar talde bat izan ditu lagun Lehendakariak.

Orkonera-Lutxana Bildumak, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Zentroak Eusko Jaurlaritzaren mendeko kultura-erakunde iraunkor eta ireki bat izan nahi du, komunitatearen interes orokorrera bideratuta egongo dena. Bere helburua da Euskadin industriaren eboluzioa  nolakoa izan den erakustea, aldaketa teknologiko eta fabrikei esker gauzatutako garapen ekonomikoa.

Gaurko ekitaldian Lehendakariak adierazi duenez ondare industrialak “gure herriaren ehun ekonomikoa sortzen, hazten eta aurrera egiten ikusi du. Hemendik aurrera, gure zeregina zer ordezkatu duten gogoratzea izango da; eta tresna horien erabileratik aberastasuna sortzea lortu zuten pertsonei, emakumeei eta gizonei, esker ona eta aitortza eskaintzea”.

Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko jardun-eremu bezala, ZAP eremu bezala ezagutzen direnak, ezarrita dauka Ezkerraldea eta bertako proiektuetako bat da Orkonera. Lehendakariak gogoratu duenez “Orkonera espazioa eraikitzen ari den proiektu bat da, industria-ondarearen arloan erreferente izan nahi duena eta eskualdearen eta Lurraldearen garapen sozio-ekonomikoan lagundu nahi duena”.

Jatorria

Orkonera-Lutxana Bildumaren jatorria 1980ko hamarkadan dago, industria-birmoldaketaren ondorioz euskal industriaren zati handi bat galtzeko arriskua ikusi zenean eta Teknika Museoa egiteko ideia sortu zenean. Industria-ondare hori gal ez zedin, makinak, objektuak, materialak, piezak, tresnak, koadroak, planoak, liburuak, etab. biltzen hasi ziren. Hau da, bilduma euskal industriaren historia dokumentatzen duten piezak eskuratzeko prozesu luze baten emaitza da.

Gaur egun, bilduma 1.800 objektu inguruk osatzen dute, eta materialak askotarikoak dira, gehienak XX. mendekoak, eta ia Euskadiko industria sektore guztiak daude ordezkatuta: arte grafikoak, meatze-industria, energia, metalurgia, makina-erreminta, elikadura, ontzigintza... Bitxikerien artean daude Gasteizko Ajuria enpresako garia jotzeko makina; Lube motozikleta;

1944ko suhiltzaileen kamioi bat eta bere garaian oso puntakoa izan zena; Galletas Artiach lantegiko kakaoa egiteko txokolate makina bat; Zang korapilo sare-ehungailua; Leitzarango zentral hidraulikoaren banaketa-koadroa; edo Goss errotatiba. Aurtengo urtarriletik Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma formalki sortuta eta  Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dago.

Bilduma Zorrotzaurreko Konsoni Lantegian egon da 2002tik orain arte, urte askotan bisitarientzako itxita, 2017an, Europako Kultura Ondarearen jardunaldiak zirela-eta, bisita gidatuak antolatzea erabaki zen arte.

2020tik aurrera, Bilboko Zorrotzaurre auzoko hirigintza-garapena dela-eta, eta Barakaldoko udalarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Orkonerako pabilioiak egokitzeari, biltegia muntatzeari eta bilduma garraiatzeari ekin dio. Gaur egun, bi pabilioi egokitu dira: hego pabilioiak biltegi bisitagarria jasoko du; ipar pabilioia, berriz, bildumaren gordailua izango da.  Bi pabilioi hauek tren mantentze lanak egiten zituen Orconera Iron Ore Company LTD enpresako eraikinak izan ziren.

5 gune

Orkonera-Lutxana Biltegi Bisitagarria antolatzeko 5 gune aurreikusi ziren: Sarrera, Burdina (siderurgia), energia, historiako elementuak eta arte grafikoak, eta 100 objektu inguru aukeratu ziren, honako irizpide hauek jarraituz:

  • Objektuen hasierako balorazioa
  • Lurralde historiko, aro eta sektoreekiko adierazgarritasuna
  • Kontserbazio egoera
  • Balio ikonografikoa
  • Interpretazio gaitasuna

Orkoneran ez daude Euskadiko industria-sektore guztiak, baina, bai adierazgarrienak. Aintzat hartu ziren bereziki bi sektore: siderometalurgia eta energia. Hain zuzen ere, bi horiek ez dira zuzenean landu Euskal Autonomia Erkidegoko industria-arloko museoetan, makina-erreminta, trenbidea, armagintza, meatzaritza, arrantza eta ontzigintza, eta abar bezala.

Aukeratutako objektuek bisitarientzat murgiltze esperientzia sortu nahi dute, emozioak historiarekin eta teknikarekin nahastuz. Ikusleei gakoak emango zaizkie, agerikoaz harago, bilduma baten garrantzia nabari dezaten, bereziki bilduma hori osatzen duten piezen helburua ez denean inoiz izan erakusgai ipintzea. Horrela obra adierazgarri edo ikonikoenak inoiz ikusgai jartzeko helburuarekin eskuratutako beste batzuekin ikusteko aukera emango da.

Erdiko pabilioia

Gaur egun Orkonera helgoaldeko eta iparraldeko pabilioiek osotzen dute baina asmoa bi espazioak batuko dituen beste pabilioi bat eraikitzea da. 32 metroko zabalera duen lursailean elkarrekin lotuta egongo diren beste bi pabilioi eraikiko dira. Barrutik espazio irekiak izango dira, ondare industrialeko piezak erakusteko aukera desberdinak eskainiko dituenak. Bi solairutan erakusketarako, administrazio lanetarako, bisitarientzako eta biltegirako espazioak izango ditu. Guztira 2,5 milioi euroko aurrekontua dute erdiko pabilioiaren eraikitze lanek.

Lanak azaroa inguruan hastea eta 2023ko abendurako bukatuta izatea aurreikusten da. 

Bisita gidatuak

Barakaldoko herritarrak izan dira Orkonera-Lutxana, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa bisitatzeko aukera izan duten lehenak. Joan den astean hasita hainbat bisita gidatu egin dira bertako herritar eta auzo elkarteek espazioa eta bilduma bisitatzeko. Herriko 40 lagunek, hainbat elkarteetako kideek, kultura eta turismo teknikariek, udaleko alderdi politikoetako ordezkariek… aukera izan dute dagoeneko Orkonera bisitatzeko.

Ostiral honetatik, ekainaren 24tik, aurrera edozein herritarrek bisitatu ahal izango du Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orkonera-Lutxana Bilduma. Bisita gidatuak antolatuko dira horretarako eta beharrezkoa izango da aurretik hitzordua hartzea izan ere, Orkonera ez da egunero bisitagarri egongo. Interesa duten herritar, ikastetxe, elkarte edo taldek688 670 705 telefonora deituta edo orkonera@euskadi.eus helbidera idatzita hartu ahal izango du Orkonera bisitatzeko hitzordua.

5 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @fcvportdesagunt
    Orain dela 7 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @AVPIOP: El Lehendakari visita Orkonera-Lutxana, Centro de Patrimonio Mueble Industrial de Euskadi🏭⚙️⚒️🚂
    https://t.co/0Ke5fKMtmu https:/…

  • @somos_TICCIH
    Orain dela 7 egun

    Comentario de Twitter:
    RT @AVPIOP: El Lehendakari visita Orkonera-Lutxana, Centro de Patrimonio Mueble Industrial de Euskadi🏭⚙️⚒️🚂
    https://t.co/0Ke5fKMtmu https:/…

  • @martazab16
    2022-06-22

    Comentario de Twitter:
    RT @AVPIOP: El Lehendakari visita Orkonera-Lutxana, Centro de Patrimonio Mueble Industrial de Euskadi🏭⚙️⚒️🚂
    https://t.co/0Ke5fKMtmu https:/…

  • @JabiDoors
    2022-06-22

    Comentario de Twitter:
    RT @AVPIOP: El Lehendakari visita Orkonera-Lutxana, Centro de Patrimonio Mueble Industrial de Euskadi🏭⚙️⚒️🚂
    https://t.co/0Ke5fKMtmu https:/…

  • @NekaneGartzia
    2022-06-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🪑 Lehendakariak Orkonera-Lutxana, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren zentroa bisitatu du.
    📎 https://t.co/PWR23kwKsg

    🪑…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak