Cambridgeko Unibertsitatean ikertzaile bisitari baten egonaldia finantzatzeko laguntza (Gobernu Bilera 2022-6-21)
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaur onartu du 2022-2023 ikasturtean Cambrigeko Unibertsitateko Clare Hall Collegen egonaldia egingo duen ikertzaile bisitari batentzat dirulaguntza. Deialdi honek 55.496 euroko kopurua du.
Dirulaguntza hau bederatzi hilabeteko egonaldia finantzatzeko izango da, nahiz eta izangaiek lau hilabete eta erdiko egonaldi partzialak ere aukeratu ahal izango dituzten.
Deialdi honetara aurkeztu ahal izateko izangaiek egoitza Euskadin eta doktore titulua izan beharko dituzte, eta Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultateren batean onartuak izan beharko dute. Gainera, lehen egunetik lanean hasi ahal izateko eta unibertsitate-komunitatearekin elkarbizitzeko adinako ingeles maila eduki beharko dute.
Ikertzaile bisitariak ondorengo diziplinetan egin ahal izango du ikerketa-lana: Fisika, Biologia zelularra nahiz molekularra eta Arteak (Humanitateak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak).
Izangaia aukeratzeko prozesuak bi fase izango ditu. Lehen fasean hautaketa batzordeak izangaiaren honako alderdiok baloratu eta puntuatuko ditu: curriculum akademiko eta zientifikoa (argitalpenak, ponentziak, zuzendu dituen ikerketa-proiektu edo tesiak, graduko nahiz gradu ondoko irakasle jarduera), ikerketa proiektua, eta izangaiaren disponibilitatea. Bigarren fasea elkarrizketa izango da, non izangaiak bere proiektua aurkeztu beharko duen, ingelesez.
Hautaketa batzordeak aukeraturiko pertsonak Clare Hall Colegen urte osoan egoteko modurik ez balu (9 hilabetez) eta lau hilabete eta erdiko egonaldiaren aldeko hautua egingo balu, haren ondoren puntuaziorik altuena lortu duen pertsonari eskainiko litzaioke gainerako lau hilabete eta erdiko egonaldia egiteko aukera, bederatzi hilabeteak osatu arte.
1966an sortua, Cambridge-ko Unibertsitateko ikasketa aurreratuko ikastetxea da Clare Hall College. Gero eta ikertzaile bisitari gehiago hartzen dituen programa eskaintzen du, hau da, munduko herrialde guztietako akademikoak biltzen ditu, eta ikertzaile horiek Cambridgen bertan bizi eta lan egiten dute bederatzi hilabetez, gehienez ere. Cambridgek bost ikastetxe ditu gradu-ondoko ikasleentzat eta horietako bat da Clare Hall. Bertan Euskadiko ikertzaile bisitari bat izatea, Euskadirekin zerikusia duten gaietan espezializatua hain zuzen ere, oso lagungarria gertatzen da Euskadi gero eta ezagunago izan dadin nazioarteko eremuan.