BDCC-k euskal kultura eta sormenaren industria bultzatzen du sektoreko eragile nagusiak biltzen dituen CM Malaga nazioarteko foroan

2022-06-20
  • Basque District of Culture and Creativity (BDCC) erreferentziazko zazpi enpresa eta eragilerekin joango da: Basque Culinary Center, Donosti, Elektrart, Donosti Frame, Jarkatza, Last Tour, We are clickers eta Virtualware
  • Ekitaldia ekainaren 20 eta 21ean izango da, eta gutxi gorabehera mila profesional eta zortziehun erakunde bertaratuko dira
  • BDCC herrialde-proiektu bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailek modu bateratuan koordinatzen dutena

BDCC -Basque District of Culture and Creativity- Malagara joango da sektorea sustatzera, erreferentziazko zita batean: Museo eta Kultura Erakundeen Nazioarteko Sinposioaren bigarren edizioa. Nazioarteko foro honek irtenbide teknologikoak eta berritzaileak kulturaren arloan garatzearen alde egiten du, motor ekonomiko eta sozial gisa duen posizioa ikuspegi jasangarri eta irisgarri batetik hobetzeko. Sinergiak sortzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko aukera bat da, eta baita euskal kultura eta sormen industria ezagutzera emateko eta posizionatzeko aukera bat ere.

BDCC izen handiko zazpi enpresa eta erakunderekin joango da ekitaldira, hots, diseinuaren, artearen, musikaldien antolaketaren, ikus-entzunezko ekoizpenaren eta komunikazioaren arloetan –besteak beste- duten lidergoagatik eta egindako ibilbideagatik aitortutako zazpi enpresa eta erakunderekin. Halaber, Foroaren agendak aurreikusten ditu Leire Ruiz de Asua Basque District of Culture and Creativity-ren (BDCC) Arduradunaren eta Ander López Basque Culinary Centerreko (BCC) Ekintzailetza Arduradunaren hitzaldiak, kultura eta sormenaren sektoreen lehiakortasunari, indartze ekonomikoari eta lidergoari buruz antolatutako aurkezpenen baitan. 

BDCCren aldetik bertaratuko diren industriak 

  • DONOSTI FRAME: ikus-entzunezko zerbitzuetan, 3D infografian eta bideo-marketinean espezializatutako enpresa bat da, 20 urtetik gorako esperientzia duena. Honako produktu hauek egiten ditu: bideo korporatibo eta industrialak, publizitate-spotak, elkarrizketak, publizitate-erreportajeak, mikroespazioak, produktuen bideoak, bideo tutorialak, dokumentalak, konferentziak eta streaminga. Beraren infografiek sektore industrialetako salmenten ingeniarien lana errazten dute, besteak beste sektore hauetan: automobilgintza, trenbidea, eraikuntza, uraren tratamendua, energia berriztagarriak eta makina-erreminta. 
  • ELKEKTRART: diziplina anitzeko artisten estudio sortzaile eta kolektiboa, kultura erakundeei laguntzen diena teknologia emergenteekin eta mundu birtualarekin lotutako errealitate berrietara egokitzen eta bertan kokatzen. Arte digitaleko instalazio immertsiboak diseinatzen ditu, eta baita ikus-entzunezko proiektuak eta proiektu artistiko berritzaileak ere, ondarearen balioa nabarmentzeko, edo turismo kulturala bultzatzeko, argiaren, arte elektronikoen, teknologiaren eta emozioen erabilera zainduaren bitartez. Gainera, ELEKTRARTek trebakuntza-proiektutan parte hartzen du, hala nola egonaldi artistikoak ingurune teknologikoetan abiatzea, edo tokiko talentua bultzatzeko proiektuak. Orobat, ikus- eta soinu-arteen erakusketak edo jaialdiak komisariatzen ditu, inpaktu handiko beste proiektu batzuen artean. 
  • JAKARTZA: NIREStream eskaintzen du, hau da, Interneten dagoen plataforma bat, enpresen eta instituzioen komunikazioa ahalbidetzen duena euren balio erantsiko ikus-entzunezko edukien bitartez, hala nola zuzeneko emanaldiak eta berariaz eskatutako bideoak (Biltzarrak, Masterclass, Webinars, Bideo-marketina, Prestakuntza, Batzarrak, Akziodunen Batzarrak, etab).NIREStreamek bere bezeroen ikus-entzunezko edukia babesten du, zuzeneko sarrera ekonomikoak ekarriz, informazioaren kudeaketa erraztuz eta erabakiak hartzera zuzendutako datu estatistikoak eskainiz. 
  • LAST TOUR: Eragile kultural eta sortzailea, esperientzia musikalak sortu eta ekoizten dituena hainbat marketarako. 15 urtetik gorako esperientzia du artistei eta jaialdi zein ekitaldi handiko eragileei laguntzen. Last Tour beti egoten da bide berriak bilatzen pertsonei eta markei balio erreala eransteko; izan ere, bere premisa da gauza sinestezinenak geratzen direla abangoardiako teknologia esperientzia musikal paregabeekin uztartzen denean, betiere pentsaera sortzailetik. 
  • WE ARE CLICKERS: euskal startup bat da, machine learningeko irtenbideen diseinu, garapen eta inplementazioan espezializatua, marketin eta –commercearen alorrean. Irtenbideak eskaintzen ditu adimen artifizialaren ahalmen azkartzailearen bitartez, proiektu digital efizienteagoak diseinatu ahal izateko, marka eta negozio digitalei euren marketin-aurrekontuak optimizatzen lagunduz. 
  • VIRTUALWARE: 2004an sortua, Virtualwarek teknologia immertsiboetan oinarritutako irtenbideak eskaintzen dizkie hainbat sektoretako enpresei. Baditu Fortune 500 zerrendako bezeroak, hala nola GE Hitachi, Petronas, Iberdrola, Repsol,ArcelorMittal, Danone, Johnson & Johnson, Bayer eta Merck.  Bere ekimen nagusia VIROO da, hots, “guztia batean" daukan Errealitate Birtualeko plataforma bat, EBa mugarik gabe sortzea, kudeatzea eta hedatzea ahalbidetzen duena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak