Euskadi Lagunkoiak ibilbideko lehen hamar urteak ospatuko ditu, EAE-ko udalerriak “gero eta inklusiboagoak, irisgarriagoak eta lagunkoiagoak” izan daitezen

2022-06-29
  • Ekimenak, gaur egun, 70 udalerri ditu atxikita: 25 Gipuzkoan, 27 Bizkaian eta 18 Araban
  • Lagunkoitasunaren aldeko mugimendua EAEn 2009. urtean hasi zen, Donostia OMEren Mundu Sarean sartu zenean
  • Ospakizuna osatzeko, erakusketa ibiltari bat antolatuko da; uztailaren 11n inauguratuko da, Donostian, eta, ondoren, EAEko beste udalerri batzuetatik ibiliko da
  • Lehendakariak "mugimenduarekin bat egitera” gonbidatu du 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Euskadi Lagunkoiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia inauguratu du, Tabakaleran. Ekimen hori haren sailak sustatzen du eta Matia fundazioak jarri du abian; ekimenaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, EAEko auzoak, herriak eta udalerriak garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren eremuetan hobetzeko, bai eta eraikinak eta aire zabaleko espazioak ere.

Hitzordua Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du, eta, hartan, Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak ere parte hartu dute.

Beatriz Artolazabalek eskerrak eta zorionak eman dizkie "azken hamarkadan pertsonalki eta konpromisoz Euskadiko udalerriak espazio irisgarriagoak eta lagunkoiagoak egiteko funtsezko eginkizunean inplikatuta daudenei”; aldi berean, “hainbesteko indarra duen gizarte-egitura izatea” zer pozgarria den nabarmendu du.

OMEk hiri lagunkoiak pertsonen eta zahartze aktiboaren arteko bizikidetza sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarri gisa definitzen ditu. Hori horrela, Artolazabalek esan du “proiektuaren jatorrietatik, lagunkoitasuna funtsezko elementu izan dela Eusko Jaurlaritzaren politiketan. Modu berean, gobernamendu-ereduari lotuta dago, herritarren beharretan oinarritzen diren erabakiak hartzeari eta entzute aktiboan oinarritzen diren erabakiak hartzeari”.

Ideia hori azpimarratu du, era berean, Lehendakariak: “bizitza aktiboa eta autonomoa, neurri handi batean, hiri-espazioen eta etxeko inguruneen diseinuaren, segurtasunaren eta egokitzapenaren arabera luzatuko da”. Urkulluk adinekoak honela definitu ditu: “aldaketaren eragileak, Euskadi Lagunkoia ekimenaren arduradunak eta protagonistak. Udalerriak espazio lagunkoiagoak izatea lortzeko baterako lanean gainerako herritarren inplikazioa sustatzen duen eragilea”.

Beatriz Artolazabalek ospatu du 2012an Euskadi Lagunkoiaren abiapuntu izan ziren helburu nagusiak bete direla: “Herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzea, EAEn lagunkoitasun-mugimendua garatzeko; adinekoen herritartasun aktiboa sustatzea eta, horretarako, erabakiak hartzean eta inguruneen hobekuntzan parte har dezaten sustatzea, eta, ongizatearen sortzaile gisa, EAEko herri eta hirietako bizitzan duten ahalmena aprobetxatzea”.

Euskadi Lagunkoia, abian jarri zenetik, hazten joan da, eta, orain, EAE osoko 70 udalerrik osatzen dute sarea: Gipuzkoa 25ek, Bizkaiko 27k eta Arabako 18k.

Lagunkoitasunaren aldeko mugimendua EAEn 2009. urtean hasi zen, Donostia OMEren Mundu Sarean sartu zenean

Erabaki horrek, Nekane Arzallus alkateordeak nabarmendu duenez, aukera eman dio Donostiari “lan egiteko modu berritzaileak sustatzeko, ikuspegi integraletik eta sistematikotik; hura udaletxeko sailen eta hiriko eragileen bidez egituratu da”. Euskadi Lagunkoia oso tresna baliagarri bilakatu da “biztanleriaren % 24 65 urte baino gehiagokoa duen hirian. 2030ean, % 50ek 50 urte baino gehiago izango ditu”.

Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Durango ere ekimenari atxiki zitzaizkion, handik gutxira.

Hiri horiek guztiak aitzindariak izan dira estatu-mailan lagunkoitasunaren garapenean, eta, 2016an, formalki atxiki zitzaizkion Euskadi Lagunkoia sareari; sareak udalerriak, erakundeak eta pertsonak barne hartzen ditu, bai eremu pribatukoak bai publikokoak eta sozialekoak.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateak eta EUDELeko presidenteak honako hau esan du: “zahartzea da gure gizartearen erronkarik handienetako bat, eta udalok funtsezko zeregina dugu udalerrietan isolamendu- eta bakardade-egoerak prebenitzeko. Esate baterako, toki-erkidegoaren alde adinekoen partaidetza eta belaunaldien arteko topagunea sustatzen duten programen bidez egin daiteke hori”.

Euskadi Lagunkoiak honako hau ekarri du: “batik bat, balioen sarea da: elkarlana, elkartasuna, berdintasuna, inklusioa… Benetako balioak; herri eta hiri osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak eraikitzeko ezinbesteko balioak".

Ospakizun-ekitaldian Julian Iantzi aurkezlea izan da zeremonia-maisua, eta mahai-inguru bat ere izan da; mahai-inguru horretan, Abanto Lagunkoia, Amurrio Lagunkoia, Aretxabaleta Lagunkoia eta Farmacias Lagunkoia esperientziak ezagutu dira. Interes berezia piztu dute, era berean, Loli Astoreca aktorearen hitzek; bertaratu direnekin estereotipoetatik asko aldentzen den zahartzearen ikuspegia partekatu du.

Beatriz Artolazabalek hitzaldian “lan handiko hamar urteotan” lortu diren zenbait helburu aipatu ditu, besteak beste: saltoki lagunkoien programa –500 establezimendu baino gehiago ditu atxikita–; Euskadiko Botikak elkartearekin eta hiru lurraldeetako farmazialarien elkargoekin elkarlanean eginiko lana; Alzheimerren gaixoen eta senitartekoen elkarteekin batera abiarazitako ekimenak; adinkeriari heltzeko Legatua programa –OMEk bereizkeria-modu horri aurre egiteko mundu-mailan dagoen ekimen onenetakotzat hautatu du–, eta Euskadi Lagunkoiaren Jardunbide Egokien saria abiaraztea, lagunkoitasuna hobetzeko ekimen berritzaile, eraginkor, jasangarri eta erreplikagarrienak ezagutzera emateko eta haien balioa nabarmentzeko.

Hamargarren urteurrenerako aukeratu den lemari dagokionez –Bizitzaz betetako bidea–, sailburuak “beste bultzada bat” hartzeko nahia adierazi du, “orainean eta etorkizunean udalerriak eta haietako zokoak gero eta leku inklusiboagoak, irisgarriagoak eta lagunkoiagoak izateko haietan bizi diren guztientzat”. Eta hala egin du, era berean, Iñigo Urkullu Lehendakariak. Lehendakariak “erakunde publiko eta pribatuak, profesionalak, unibertsitate eta zientzia-elkarteak, adinekoak ordezkatzen dituzten erakundeak, boluntarioak, zerbitzu-hornitzaileak eta komunikabideak lagunkoitasunaren mugimenduarekin bat egitera” gonbidatu ditu. 

Ospakizunarekin amaitzeko, erakusketa ibiltaria egingo da; hura uztailaren 11n inauguratuko da, Donostian, eta, ondoren, EAEko beste udalerri batzuetan izango da.

6 iruzkin
  • @mikel_uriguen
    2022-06-30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🤝 Euskadi Lagunkoiak ibilbideko lehen hamar urteak ospatu ditu.
    📎 https://t.co/3Xbecpx5uQ

    🤝 Euskadi Lagunkoia celebra sus pri…

  • 2022-06-30

    Ingeniaritzako eta arkitekturako profesionalen arteko eskumen-sinergiak edo elkargoko kide gehiago izateak, irisgarritasun merkeagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa bilatzeak, gatazka iraunkorra utzi behar izan gabe errazera joan beharrik gabe, eragin soziala ere badakar.

  • 2022-06-30

    Que valgan sinergias competenciales entre profesionales ingeniería y arquitectura o más con colegiación mejor, en buscar solución accesibilidad menos costosa y con menor impacto ambiental sin tener que ir a lo fácil necesariamente dejando conflicto durarero supone también impacto social.

  • @GipuzkoaCOF
    2022-06-29

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🤝 Euskadi Lagunkoiak ibilbideko lehen hamar urteak ospatu ditu.
    📎 https://t.co/3Xbecpx5uQ

    🤝 Euskadi Lagunkoia celebra sus pri…

  • @B_Artolazabal
    2022-06-29

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🤝 Euskadi Lagunkoiak ibilbideko lehen hamar urteak ospatu ditu.
    📎 https://t.co/3Xbecpx5uQ

    🤝 Euskadi Lagunkoia celebra sus pri…

  • @Gob_eus
    2022-06-29

    Comentario de Twitter:
    🤝 Euskadi Lagunkoiak ibilbideko lehen hamar urteak ospatu ditu.
    📎 https://t.co/3Xbecpx5uQ

    🤝 Euskadi Lagunkoia cele… https://t.co/HHy4JAyApQ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nekane Arzallus Iturriza