Eusko Jaurlaritzak Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia onartu du
- Gobernu Kontseiluak 679,3 milioi euro bideratzea onartu du ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunak finantzatzeko
- Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak hamabost milioi euroko aparteko laguntzak onartu ditu Euskadiko txikizkako merkataritzarako
- Eusko Jaurlaritzak “Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna” dela-eta adierazpen bat onartu du
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarekin batera.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak Erronka Demografikorako Euskal Estrategiaren berri eman du. Azaldu duenez, estrategiak guztira 36 ekimen osagarri bildu ditu, helburu berarekin: susperraldi demografikorako neurri eta baldintza mesedegarrien ekosistema eratzea. Onartutako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 3 urtera arteko seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza hilean, ekintzailetzako, prestakuntzako edo gazteentzako etxebizitzako proiektuetarako maileguak, edo 0 eta 2 urte bitarteko haurreskolen doakotasuna. Estrategiaren jarduera-esparruek bost ardatz nagusi jorratzen dituzte: gazteen emantzipazioa, familiak eratzea, zahartze osasungarria, migranteen gizarteratzea eta landa-balioa handitzea.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak azpimarratu du jarduera guztiak genero-ikuspegian oinarritzen direla eta estrategiak familia-aniztasuna aitortzea eta babestea duela helburu. “Helburua, azkenik, pertsonek nahi duten seme-alaba kopurua nahi dutenean eduki ahal izateko baldintzak sortzea da”, esan du.
Gainera, Fernándezek nabarmendu du, maiatzaren 18an, Erronka monografikoari buruz Eusko Legebiltzarrak egindako Osoko Bilkura Monografikoan onartutako ebazpen guztiak (74) jaso direla estrategiaren aurreikuspenetan.
HEZKUNTZA
Bere aldetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bere sailari dagozkion eta gaur Gobernu Kontseiluak onartutako zenbait erabaki aipatu ditu.
Horien artean dago, hezkuntza-itunak berritzeko eta hezkuntza-itunen araubidera sartzeko deia egiten duen agindua, 2022-2023 ikasturtetik 2027-2028ra bitartean indarrean izango dena. Bildarratzek azaldu duenez, deialdi berri honek 679 milioi euroko diru-kopurua izango du, 2022-2023 ikasturterako. Kopuru hori, indarrean dauden moduluen arabera kalkulatu da, eta 2021-2022 ikasturtean itunduta dauden gelen kopuru bera da. Baina hezkuntza-itunetan izan daitezkeen aldaketen baitan, diru-kopuru hori ere aldatu egin daiteke.
“Agindu berriarekin, Hezkuntza Sailaren asmoa itunak gizarte-testuinguru berrira egokitzea da, jaiotza-tasaren bilakaerak eta hezkuntza-premia aldakorrek aurreko irizpideetako batzuk egokitu eta eguneratzea eskatzen baitute”, nabarmendu du.
Bestetik, datorren ikasturterako unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beketarako deia egiten duen agindua ere onartu da, guztira, 28 milioi eta erdi bideratuko direlarik beka hauetarako. Barne hartzen dituzte mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak ere.
Sailburuak azpimarratu du esleitutako diru-kopuru hori handitu egin daitekeela, beharrezko gertatuko balitz. “Baldintzak betetzen dituen ikasle orok laguntza jasoko duela bermatzen dugu, edozein delarik ere jasotako eskaera kopurua, eta edozein delarik ere onuradun gertatzen diren eskaeren kopurua”, adierazi du.
LAGUNTZAK TXIKIZKAKO MERKATARITZA
Prentsaurrekoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak txikizkako euskal merkataritzaren ekipamendu pertsonalaren eta etxekoen unitatearen azpisektoreari eusteko laguntza-programa aurkeztu du. Gaur onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak, eta 15 milioi euroko zuzkidura du. Programa hori Ukrainako inbasioaren ondorioak arintzeko neurriak ezartzeko Osoko Bilkura Monografikoaren esparruan hartu zen tokiko merkataritzari laguntzeko Planaren barruan dago. Hala, Hurtadok azaldu duenez, 20 milioi euro bideratuko dira tokiko merkataritzari laguntzeko, 5 milioi uztailaren 3ra arte martxan dagoen merkataritza-bonurako, eta beste 15 milioi zuzeneko laguntzetarako, gaur onartuko direnak. Laguntza 2.000 eurokoa izango da gehienez 9 langile dituzten saltokientzat, eta 3.000 eurokoa 10 langiletik gorakoentzat.
“Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna”
2019an Eusko Legebiltzarrean “Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna” dela eta aho batez hartutako erabakiaren harira, Eusko Jaurlaritzak adierazpen bat onestea erabaki du eta bozeramaileak irakurri du bilera ostean. Bertan jasotzen denez, “tortura bereziki iraingarria da, eta gizakiaren duintasunaren aurka egiten du. Haren praktika sistematikoa eta orokorra gizateriaren aurkako krimena da. Nazioarteko komunitateak espresuki gaitzetsi du praktika hori, akordio, adierazpen, ebazpen eta tresna ugariren bidez. Bereziki, Torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien aurkako hitzarmenaren bidez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1984an onartua eta 1987tik indarrean dagoena”.
Torturaren biktimei laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak bat egin du ospakizun horrekin, eta, aldi berean, berretsi egin du jarduera horretara kondenatu izana, eta biktimei laguntzeko eta aitortzeko borondatea, eta egia, justizia, konponketa eta ez errepikatzeko bermea jasotzeko eskubidea duela”.
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK
Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:
Gobernu Kontseiluak baimena eman dio honako arau honi: etxebizitza eta bizitegi-eraikinak energia-efizientziaren irizpideekin birgaitzeko Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik etorriko diren laguntza ekonomikoen deialdia irekitzeko Gobernuak baliatuko duen araua. Era berean, baimena eman du 2022aren eta 2023aren artean 39,14 milioi euro gastatzeko.
Bestetik, Osasun sailak jakitera eman du, Euskadik eta Ginea Bissauk elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zutela martxoan eta horren ondorioz lankidetza-hitzarmen bat sinatu da, gaur Gobernu Kontseilutik igaro dena. Osakidetza eta Garapen Lankidetzako Agentzia dira hitzarmen honen buru eta honen helburua da, Euskadiko osasun-sistema erreferentziatzat hartuta, beren osasun sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna indartzen laguntzea.
Kirol arloan, Gobernu Kontseiluak 355.000 euroko dirulaguntza onartu du gaur Euskal Kirol Federazioen Batasunarentzat. Dirulaguntza horren helburua federazioen nazioartekotzea ahalbideratuko duten kirol ekimen eta jarduerak finantzatzea da. Horrela, proiektu pilotu baten bidez, euskal kirol-selekzio desberdinen nazioarteko partaidetzak bultzatuko dira.