Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskadiko Poliziaren Akademiak polizia eta giza eskubideen inguruko jardunaldi batzuk hartuko ditu

2011.eko urriak 26

Urriaren 27an eta 28an, Herrizaingo eta Justizia Sailek antolatuta

Arkautiko Akademiak ''Giza eskubideen alorreko polizia jardunbide egokiei buruko jardunaldiak'' hartuko ditu urriaren 27an eta 28an. Hainbat polizia taldetako adituek hartuko dute parte topaketa horietan, eta polizia lanaren alor ezberdinak eta pertsonen eskubideak betetzeko eta babesteko neurriak aztertzeko txostenak aurkeztuko dituzte bertan. Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak eta Mª Victoria Cinto Justizia sailburuordeak inauguratuko dituzte jardunaldiak, eta amaiera ekitaldiak Arkautiko Zuzendaria, Elena Moreno, eta Giza Eskubideen Zuzendaria, Inés Ibáñez de Maeztu, izango ditu buru.

Bihar hasiko diren jardunaldietan parte hartuko duten txostengile guztiak Estatuko hainbat polizia erakundetako kideak dira eta, nola edo hala, giza eskubideekin lotutako zereginak dituzte. Topaketa horietan ordezkariren bat izango duten polizia talde eta erakundeen artean, Ertzaintza, Esquadra Mossoak, Nafarroako Foruzaingoa, Udaltzaingo batzuk eta Barne Ministerioa daude.

Lehen egunean, polizia jarduna aztertuko dute delituzko hainbat fenomenoren aurrean (emakumeen aurkako erasoak edo sexu erasoak, emakumezkoen genitalak mozteari aurre egitea eta nahitaezko ezkontzak). Halaber, Ertzaintzak atxilotzeko prozesua arautzeko abian jarri duen sistema xehetasun handiz azalduko dute, atxiloketa legeak agintzen duen moduan egiteko bermeak inplementatzen baitu.

Bigarren egunean, gai hauek landuko dituzte: bitartekotza lana, arrazakeria edo xenofobia kasuei aurre egiteko moduak eta aniztasuna kudeatzea.

Horretan interesa duten hedabideek jardunaldi horiek ireki (urriaren 27an, 10:00etan) eta ixteko (urriaren 28an, 14:00etan) ekitaldiak ikusi ahalko dituzte Akademian, eta, oro har, jardunaldi horien berri eman ahalko dute. Horretarako, baina, agiriak eskatu beharko dituzte Ertzaintzaren Prentsa zerbitzuaren bidez, 94 607 92 82 telefono zenbakian edo prensa@ertzaintza.net helbide elektronikoan; izen-abizenak, hedabidea, nortasun agiria eta ibilgailuaren marka eta modeloa eman beharko dituzte.

Jardunaldien programa osoa, atxikita.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko