Berriak Lehendakaritza
Eu

Enplegu politiken transferentzia 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen egingo dela iragarri du Lehendakariak

2009.eko maiatzak 21

Bi gobernuek akordioak lortzeko duten 'gogoa' eta 'borondatea' azpimarratu dute Lopezek eta Chavesek

Enplegu politiken transferentzia 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen egingo dutela iragarri du Patxi Lopez Lehendakariak. Lehendakaria eta Manuel Chaves Herri Administrazio Ministroa izan ditu buru Eusko Jaurlaritzaren eta gobernu zentralaren ordezkariek egiteko daudenak aztertzeko Lehendakaritzan egin duten bilerak. Batzar horretan argi geratu da 'lehenbailehen' akordioetara iristeko bi gobernuen 'gogoa'.

Banan-banan transferitzeko geratzen diren zerbitzuak negoziatuko dituzten mahai sektorialak osatzen hasteko lehentasunak, metodologia eta egutegiak zehazteko balio izan du bilerak, Lehendakariak komunikabideen aurrean egindako agerraldian azaldu duenez.

"Ahalegina egingo dugu, Euskal herritarren interesak eta Gernikako Estatutuan aitortutako eskuduntzak defendatzeari muzin egin gabe, eta hori zeharo onartuta daukate Espainiako gobernuak eta Chaves presidenteordeak".

Lehendakariak lehen bilera hau hain azkar egiteko izan duen "borondatea" eskertu dio Chaves presidenteordeari, eta "bi gobernuei eragiten dagozkien arazoak aztertzeko elkarrekin esertzea" bere aburuz "normala" dela adierazi du.

Gaurko bileran transferitzeko geratzen diren politikak jorratu dituzte, enplegu politiken transferentzia ardatz hartuta, Lehendakariaren ustez "tresna boteretsua" baita langabeek lanpostu berria lortzeko aukera gehiago izan dezaten, hobeto prestatuta egon daitezen eta lan-merkatura sartzen direnean egoera hobean egon daitezen.

Hori horrela, 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen enplegu politikekin zerikusia duten zerbitzu, gai eta bitarteko guztiak euskal gobernuaren "esku" egon daitezen eta hurrengo aurrekontuetan jaso ahal izan daitezen Eusko Jaurlaritzak eta gobernu zentralak bere egindako konpromisoa iragarri du Lopez Lehendakariak.

Gainera, euskal ekonomia eraberritzeko hainbat proiektu estrategiko aurkeztu ditu. Lankidetza eta diru-laguntza eskatu dizkio Lopezek administrazio zentralari egitasmo horiek garatzeko.

Normaltasuna

Manuel Chaves Espainiako hirugarren presidenteorde eta Herri Administrazio Ministroak, bestalde, batzar honen garrantzia azpimarratu du eta nahitaez Eusko Jaurlaritzaren eta gobernu zentralaren arteko harreman instituzionalak "normalizatzeko" beharra azpimarratu du.

"Oso garrantzitsu irizten diot, normalizazio horixe baita lan egiteko testuingururik onena", adierazi du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko