Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik inauguratuko du bihar Eskualde Turismoaren Neurketari eta Azterketa Ekonomikoari buruzko Nazioarteko II. Konferentzia

2011.eko urriak 26

Hainbat herrialdetako turismo-sektoreko 200 ordezkarik baino gehiagok parte-hartze aktiboa izango dute Eskualde Turismoaren Neurketari eta Azterketa Teknikoari buruzko Nazioarteko II. Konferentzian.

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak, Turismo Azterlanen Institutuko zuzendari Vicente Monfortek, Turismoaren Mundu Elkarteko lehiakortasuneko, kanpo-harremanetako eta elkartekideetako zuzendari exekutibo Márcio Favillak eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak parte hartuko dute ekitaldiaren inaugurazioan.

Bihar, urriaren 27an, Eskualde Turismoaren Neurketari eta Azterketa Ekonomikoari buruzko Nazioarteko II. Konferentzia inauguratuko da, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez (Basquetour), Espainiako Turismo eta Barne Merkataritzako Idazkaritza Nagusiak eta Turismoaren Mundu Elkarteak (TME) parte hartuko dute Konferentziaren bigarren edizioan, Bilboko Euskalduna Jauregian, 2011ko urriaren 27an, 28an eta 29an.

Inaugurazioan parte hartuko du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andreak, eta 'Marcando tendencias en el País Vasco: Sistema Inteligente de Turismo' (Euskadin joerak ezarriz: Turismo Sistema Adimenduna) izeneko ponentzia aurkeztuko du arratsaldean. Irailaren hasieran Sailak Turismoaren Euskal Behatokia jarri zuen abian, eta Pilar Zorrillak ekimen berritzaile eta teknologiko horren garrantzia azalduko du ponentziaren esparruan. Behatokia CICTourgunerekin lankidetzan garatu da, sistema teknologiko berritzaileak erabiliz, eta, une arrakastatsu hauetan, Euskadira datozen turisten fluxuak aztertu eta neurtzeko eta fluxu horien jarraipena egiteko aukera ematen du. Euskadik 27 hilabete daramatza hazten etengabe turisten sarrerei dagokienez, eta sektoreak, behatoki berriari esker, bidaiarien portaerak atzemateko aukera izango du, turismo-politikak bideratzeko eta erabaki egokiak hartzeko baliagarri.

Konferentziaren asmoa zera da, turismoaren sektoreko adituen, profesionalen, enpresen eta erakundeen artean jakintza trukatzeko foro bat izatea, turismoarentzat garrantzi berezia duten hainbat gairi buruz ikuspegi azpinazional batetik hausnartzeko aukera emanez. Hiru gai nagusi eztabaidatuko dira konferentziaren hiru egunetan. Lehen gaia 'helmuga turistikoen ahalmen ekonomikoa maximizatuko duten politikek' osatuko dute; bigarrena, berriz, 'eskualde-turismoko agenteak ahalduntzeko berrikuntza eta teknologia berriei' buruzkoa izango da, eta hirugarrenak 'eskualdeko turismoaren, mugikortasunaren eta ekonomiaren arteko loturei aplikatutako ikerketak' hartuko ditu hizpide.

Hainbat herrialdetako (Espainia, Estonia, Argentina, Italia, Erresuma Batua, Mexiko eta abar) hainbat eremu eta erakundetako (unibertsitateak, turismo-behatokia, Cicturgune, Eustat, turismo-azterlanen institutuak eta abar) turismo-adituek parte hartuko dute konferentzian, gai horiek guztiak jorratzeko. Gainera, hainbat herrialdetako (Hego Afrika, Italia, Uruguai, Txekiar Errepublika, AEB, Japonia, Kamerun, Albania eta Dominikar Errepublika, besteak beste) turismo-sektoreko zenbait eremutako 200 interesdunek baino gehiagok izena eman dute konferentzian parte hartzeko.

Konferentziaren helburua da erabakiak hartzeko eta turismo-politika eraginkorrak diseinatzeko orientazioa ematea eskualdeko edo tokiko helmuga turistikoen kudeaketan, inpaktu ekonomikoen ikerketan eta lurralde-harremanetan interesa duten erakundeei, baita eskualdeko eta tokiko turismoa neurtzeko teknologiaren aplikazio berritzaileetan interesa dutenei ere.

ONDORENGO TOPAKETAK

Hau da Euskadin egiten den bigarren konferentzia. 2009an egin zen lehena, Donostian, eta aurreikustekoa da 2012an eta 2013an beste bi edizio egingo direla, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Turismo Azterlanen Institutuak eta Turismoaren Mundu Erakundeak sinatutako akordioari esker. Bilera horietan eskualdeko neurketa eta ikerketa bultzatuko da honako hiru esparru zehatz hauetan: (1) bisitarien fluxua, (2) turismoa eta lurraldea, eta (3) turismoaren ekarpen ekonomikoa.

Konferentziarekin lotutako gai guztietarako erreferentziazko Interneteko orria http://www.inroutenetwork.org/conference/es/ izango da; bertan programa kontsulta daiteke, baita gainerako informazio garrantzitsua ere.

II International Conference on the Measurement and Economic Analysis of Regional Tourism

Idazkaritza Teknikoa

Tel.: +34 943 010 885

Fax: + 34 943 010 846

Email:conference@inroutenetwork.org

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 26a.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)