Berriak Lehendakaritza
qrcode

EcoEuskadi 2020 estrategia Garapen Jasangarriari buruzko Topaketa Iberoamerikarrean (EIMA)

2011-10-26

Joan zen asteazkenean, urriaren 19an, Euskadiren Garapen Jasangarrirako Estrategia (EcoEuskadi 2020) aurkeztu zen Garapen Jasangarriari buruzko Topaketa Iberoamerikarraren (EIMA) 8. edizioan. Ekitaldia CONAMA Fundazioak antolatu zuen, eta urriaren 17a eta 20 bitartean egin zen Getulio Vargas Fundazioan, Sao Paolon (Brasil).

Topaketa bi urtez behin gauzatzen da, jasangarritasunaren arloan Iberoamerikako herrialdeen arteko harremana sustatzeko, eta, aurten, lau ardatzetan egon da oinarrituta: Ura, Hiriak, Energia eta Ekonomia Berdea.

EcoEuskadi 2020 azken ardatz horren parte gisa aurkeztu zen, "Karbono Gutxiko Ekonomia"ri buruzko esparruan.

Koldobike Uriarte Lehendakaritzako Koordinazio zuzendariak eta Fernando Barrenechea Ihoberen zuzendari nagusiak hitzaldi bat eman zuten, EcoEuskadi 2020ren Jarraipen Batzordeko kide bezala, eta Elvira Cortajarenak, Euskadik Mercosur-en duen ordezkariak, bertan parte hartu zuen.

Lehenengo eta behin, aurkezpen-bideo bat proiektatu zen, eta aretoan eragin handia izan zuen. Ondoren, Koldobike Uriartek azaldu zuen estrategia lantzeari esker jasangarritasunaren ikuspuntua sektore-politika guztietan zeharkako ardatz gisa jaso dela, gobernuaren eta Euskadiko gainerako herri-administrazioen estrategien integrazioa eta koherentzia lortzeko. "EcoEuskadi 2020 estrategiaren balio erantsi handiena parte-hartzea eta baterako sorkuntza prozesu baten bitartez landu dela dira, hau da, herritarren parte-hartzearekin eta herritarren parte-hartzean oinarrituz landu dela, eta gizartean oso eztabaida positiboa sortu da etorkizunik jasangarrienari buruz", azaldu zuen. Horrez gain, lehendakariak berak prozesuaren buru izatea erabaki izana oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen, erakunde arteko adostasuna lortzea errazten baitu, baita adostasun teknikoa lortzea ere Euskadiko administrazio-esparru desberdinetako hainbat eragileren artean. "EcoEuskadi eko ekonomiarena, eko ekologiarena eta eko gizarte oso baten ahotsarena", esanez amaitu zuen Uriartek.

Batetik, Fernando Barrenecheak erabili den metodologiaren ezaugarriak azaldu zituen, baita estrategia sortzeko bi faseak ere (diagnostikoa eta lantze-fasea), Euskadin elkarrekin dauden gobernu-mailetan dauden aldez aurretiko estrategia guztien ekarpenetatik abiatuz. 9 helburu estrategiko zehaztera iritsi zela aipatu zuen, eta horien artean honakoa azpimarratu zuen: Euskadik Milurtekoko Helburuak betetzea lortzea, eta, oro har, herrialde txiroenek garapen jasangarria lor dezaten laguntzea. Lehentasunezko arretaren esparruak edo zeharkako fokuak direlakoak -adibidez, berrikuntza, gazteria, ezagutza eta paradigma berriak biltzea- definitzea beharrezkotzat jo zela azaldu zuen. Helburuak lortzeko, Euskadiren estrategia hiru ardatz hauetan oinarritzen dela esan zuen: berdintasuna eta gizarte-ongizatea bultzatzen dituzten politikak mantentzea, ingurumena babestea eta jasangarritasun ekonomikoko irizpideak sortzea, baliabideak eraginkortasunez erabiliz. Barrenetxeak azpimarratu zuen ezin dela garapen jasangarrian pentsatu berdintasunezko gizarte bat, guztiz integratzailea eta lanean, hezkuntzan eta gizartean oinarrituz kohesionatua izan gabe.

Aurkezpen hau Río +20 Lurraren Gailurra prestatzeko agendaren parte izan da. Gailurra 2012an egingo da eta Euskadik EcoEuskadi 2020 estrategiaren eduki osoa aurkeztuko du bertan.

"Karbono Gutxiko Ekonomia" jorratu den egunean, euskal esperientziaz gain, hainbat gobernu-erakundek, GKEk eta enpresak CO2 gasa murriztea sustatzeko proiektuak aurkeztu zituzten. Daniel Chainek, Buenos Airesko Hiri Autonomoko Hiri Garapeneko ministroak, hiri baten planifikatzaile baten begirada eskaini zuen, Buenos Airesen jasangarritasunarekin lotutako adierazleen multzo bat eskaini zuen, eta arteria zentral jakin batzuk oinezkoentzat jarri izanaren adibidea azaldu zuen, hiriaren bizi-kalitatean oso eragin positiboak dauzkan neurri bat baita. Enpresen ikuspegitik, Valentín Alfayak, Ferrovial, S.A. enpresakoak, CO2 gasa murrizteko helburuak lortzeko hartu behar diren neurriek U$ 500 eta U$ 1.000 bilioi dolar inguruko inbertsioak eskatzen dituztela, eta, ondorioz, merkatu-nitxo interesgarri bat sortuko dela agertu zuen, eta interesgarria da enpresentzat bide horren alde apustu egitea. João Furtadok, Brasilgo Jatobás Institutuko aholkulariak, Ekonomia Berdearen aldeko politikak beti udal mailatik abiatu behar direla azaldu zuen; izan ere, "pertsonak bizi diren tokian egin behar da lan", eta hainbat udalerritan -txikietan nahiz biztanle asko dituztenetan- egin duen aholkularitza-lana azaldu zuen. Bestalde, Ecodeseko Victor Viñualesek paradigma-aldaketa bat beharrezkoa dela adierazi zuen: "jabeen ekonomia" batetik "ekonomia partekatu" batera igaro behar dugu, ondasunak eta zerbitzuak "eskuratu ahal izatea" horiek "jabetzan izatea" baino gehiago baloratuz, hiri jasangarriagoak izatea lortzeko. Udal bizikleten adibidea jarri zuen, eta autoak modu kolektiboan erabili behar direla azpimarratu zuen. Azkenik, Orestes Pachecok, Endesa Taldekoak, taldearen proiektuak aurkeztu zituen etorkizuneko hirietarako -"smart cities"- irtenbide teknologikoen bitartez, eta Buzios hiri brasildarrerako proba pilotu bat egingo dela iragarri zuen, hau da, hiri adimentsuaren laborategi handi bilakatuko da.

Topaketa honetako parte-hartzeari esker, Euskadik nazioarteko foroetan Garapen Jasangarriaren esparruan erreferente gisa aurrera egitea sustatzeko aukera izan du, baita esperientziak trukatu, harremanak izan eta bi aldeko bileretan eta workshopetan parte hartu, "networking"a sustatu eta erakunde parte-hartzaileekin batera lan egiteko eta aliantzak sortzeko aukera ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Elvira Cortajarena, Fernando Barrenechea