Artolazabal: “Danimarkan kasu errealak entzuten ari gara, eta, batez ere, irtenbide errealak"

2022-06-22
  • Euskadiko ordezkaritzak, Gasteizko Barnahusen talde eragileak, gaur hainbat bilera egingo ditu Naestved-eko Psikologia eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin
  • Ignacia Arrabarren EHUko Psikologia Fakultateko irakasleak adierazi duenez, "aukera bikaina da Danimarkako lankideekin elkartzea esperientzia hori Euskadin berme guztiekin hasteko"
  • Daniel Gottrup Naestvedeko Adingabeen Arretarako Zerbitzuko buruak esan du: “Udalerri guztiek Barnahusera jo behar dugu adingabea den biktima batekin arazo bat konpontzeko, eta gure lana haren segurtasunean eta eskubideetan bideratu behar dugu”

Naestved, 2022/06/22

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabal, pozik agertu da gaur Danimarkako Naestved herrira egin duen bisitaren lehen eguna dela eta. Arratsaldean, Barnahus etxeak bisitatuko ditu. Euskal ordezkaritza bilera sektoriala egiten ari da Barnahusen kudeaketan eta sexu-abusuak jasaten dituzten adingabeei laguntza espezializatuan diharduten eragileekin goizeko lehen orduetatik.

“Bilera horiek oso lagungarriak dira gure proiekturako, kasu errealak eta, batez ere, konponbide errealak entzuten ari garelako. Eta kudeaketa-kontu zehatzak argitzeko aukera dugulako. Aurrerapauso bat da eragileen arteko jarduera koordinatuko protokoloak egiteko”, esan du Artolazabalek.

Naestvedera joan den lantaldean, sexu-abusuen biktima adingabeak artatuko dituzten erakunde guztiak daude ordezkatuta. Beatriz Artolazabal sailburua eta Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendaria buru dituztela, eta Save The Children aholkularitzarekin, Danimarkara joan dira: Carmen Cotelo, Arabako Fiskal Nagusia, Sara Mallen magistratua, Fernando Álvarez talde psikosozial judizialeko koordinatzailea, Basurtuko Ospitaleko Haur Garapenaren eta Pediatriaren Unitateko arduraduna, Karmele Díez;, Ignacia Arruabarrena EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea eta haurren babesean espezializatua; Nuria Alday, Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko eta Beatriz Ugarte Berritzegune Nagusiko ordezkaria; eta Carlos San Emeterio Ertzaintzaren Arabako Etxeko Indarkeria eta Haurtzaroa taldeko arduraduna.

“Interesgarriena da bidaia honetan adin txikiko biktimari arreta ematen dioten estamentu, erakunde eta organismo guztiak daudela ordezkatuta. Informazio bera entzuten eta jasotzen dugu, gure Barnahusa aplikatu eta aberasteko. Lan bateratu eta koordinatuaren adibiderik onena da”, esan du Artolazabalek.

Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa lehenengo Barnahusa irekitzea da, “urte honen amaieran edo hurrengo urtearen hasieran”, “beharrezko deritzogun baliabidea delako”. “Oso talde eragile kontzientziatua eta inplikatua daukagu; eta, biktimen giza eskubideen urraketaren aurrean, gure baliabideak eraginkorrago bihurtzeko borondatea dugu”, esan du.

Barnahus etxea sexu-abusuen biktima adingabe bat joaten den zentroa da. Han laguntza integrala jasoko du biktimak, eta biktimari laguntzen dioten zerbitzu guztiak eremu horretan bertan koordinatuko dira, bai polizia, bai justizia, osasuna edo haurrak babesteko zerbitzuak.

Horregatik programatu dira hainbat bilera diziplina horietako batzuetako adituekin. Hala, Merete Bonde Jorgensen psikologoarekin eta Ongizate Batzorde Nazionaleko aholkulariarekin izan da lehen bilera, eta Danimarkan indarrean dauden ekimen eta legeei buruz hitz egin die.

Ondoren, Daniel Gottrup Naestved eskualdeko Haurrak Babeserako Zerbitzuko buruak azaldu duenez, adingabeei egindako sexu-abusuen aurrean, “udalerri guztiek Barnahusera jo behar dugu arazo hori konpontzeko, eta haurren segurtasunean eta eskubideetan jarri behar dugu arreta”.

Horri dagokionez, Gottrup-ek azaldu du udalerrietako gizarte-langileek aktibatzen dutela protokoloa, biktima adingabe baten aurkako delitua baten susmoaren aurrean. “Pedagogoak edo irakasleen norbaitek ere hauteman dezake delitua, eta gizarte-zerbitzuei jakinarazi. Horiek, era berean, baloratu eta erabakitzen dute Barnahus batera joan behar den”, gaineratu du.

Ondoren, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasle Ignacia Arruabarrenak azaldu duenez, “oso topaketa interesgarriak dira, Danimarkaren esperientzia ekarri digulako, urte asko baitaramatza eredu horrekin; aukera bikaina da esperientzia hori Euskadin berme handienekin hasteko”.

Arruabarrenak nabarmendu du “garrantzi handikoa” dela ebidentzian oinarritutako programak eta esku-hartze estrategiak erabiltzea. “Esku-hartze guztiak ez dira eraginkorrak, kasu horietarako eraginkorrenak direnak erabili behar dira, eta horiek erabiltzen dira Barnahusen”, adierazi du. "Adingabearen testigantza jaso ondoren, garrantzitsua da hari nola lagundu jakitea, esku hartzeko tresnen zein teknika erabil daitezkeen indarkeriaren ondorio negatiboak gainditzeko eta haren ongizatea bermatzeko. Hor esku hartzeko estrategia guztiak ez dira eraginkorrak, eraginkortasun handiena lortu behar da, eta hor iparraldeko herrialdeek, AEBk eta Kanadak ekarpen handia egiten dute".

Goizeko saioa amaitzeko, Kim Risom Rasmussen eta Trine Berger, Naestved-eko Barnahus operazioetako manager nagusia eta kudeatzailea, hurrenez hurren, izan dira. Biek etxearen funtzionamenduaren berri eman dute, eta arratsaldean bisita gidatua egitera gonbidatu dute euskal ordezkaritza.

Ikus-entzunezko informazio gehiago Irekian: https://labur.eus/GqyQX

Iruzkin bat
  • @SaveChildrenEus
    2022-06-22

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🧠 Artolazabal: “Danimarkan kasu errealak entzuten ari gara, eta, batez ere, irtenbide errealak”.
    📎 https://t.co/BufvXvAyM0

    🧠…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Barnahus Euskadi taldea