Donostiako Musika Hamabostaldiak normaltasunerako itzuleraren alde egingo du apustu 83. edizioan

2022-06-17

Kultura sailburuorde Andoni Iturbek 83. Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Musika Hamabostaldia abuztuaren 2an hasiko da Monteverdi abesbatzaren eta English Baroque Soloists ganbera orkestraren emanaldiarekin, eta abuztuaren 27an amaituko da Donostian eta Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan 70 kontzertu eta emanaldi baino gehiago eman ondoren. ▪ Nabarmentzekoa da opera eszenifikatuaren itzulera, pandemia dela eta bi urtetan ospatzerik izan ez dela kontuan hartuta. Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg donostiarrak izango dira La Fille du Régiment operaren ekoizpen berriko zerrendaburuak.
Bestalde, Kursaal Auditorioa musika sinfoniko-koralak beteko du uda honetan. Besteak beste, Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Frankfurteko Irrati Orkestra ariko dira eszenatokian, Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Vocalia Taldea bertako abesbatzekin.

Pablo Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrenak ere hezurmamituko du programazioaren zati bat. Bere La tabernera del puerto zarzuelarekin gozatu ahal izango dute entzuleek Kursaalen, eta Arantzazun omenaldi herrikoia egingo zaio konpositoreari.
Aurtengo edizioan dantzak leku nabarmena izango du Musika Hamabostaldiaren egitarauan: Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak parte hartzeaz gain, euskal sortzaileen lan berriek berariaz haiei eskainitako lekua izango dute Tabakaleran eta Musika Garaikideko Zikloak 2021ean Espainiako Musika Sari Nazionala eskuratu zuen Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarraren erabateko bi estreinaldi hartuko ditu.


Donostiako Musika Hamabostaldiaren 23. ediziorako sarreren salmenta orokorra ekainaren 20ko astelehenean hasiko da, 11:30ean. Sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira.

Informazio gehiago hemen

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak