Eusko Jaurlaritzak gudarien eta milizianoen memoria ohoratu du Artxandan, Bilbo erori zeneko 85. urteurrenean

2022-06-19
  • Protagonismo berezia izan dute hiriaren defentsan hil ziren borrokalarien familiek. Desagertutako gudarien eta milizianoen 50 bat senide izan dira ekitaldian
  • Iñigo Urkullu Lehendakaria izan du buru ekitaldiak eta erakundeen ordezkaritza zabala eta anitza izan da bertan

 

Eusko Jaurlaritzak gudariei eta milizianoei egindako omenaldian parte hartu du gaur goizean Bilbon, hiria matxinatuen eskuetan erori zela 85 urte betetzen direnean.

Fundazioek, sindikatuek eta alderdi historikoek antolatutako urteroko hitzordu honek Eusko Jaurlaritzaren, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Bilboko Udalaren laguntza izan du.

Oroitzapen- eta omenaldi-ekitaldiak Jose Antonio Agirre lehendakariaren estatuaren aurrean hasi dira, Carlton Hotelaren ondoan, lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Puntu horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu du hitza, eta atzera begiratu du 1937ko ekainaren 19an Bilbon izan zen hura irudikatzeko: tropa frankistek okupatzeko zorian eta milaka familia hiritik irteten, Enkarterrirako eta Kantabriarako bidean, gerratik ihesi.

Artolazabal sailburuak gogora ekarri nahi izan du EAJ-PNV, EAE-ANV, PSOE, PCE-EPK, Izquierda Republicana eta Union Republicana alderdiek osatutako batasuneko lehen Eusko Jaurlaritza hura, eta nabarmendu du, nahiz eta haien arteko ezberdintasun ideologikoak izan, helburu komun batek lotu zituela, hau da, herri bati egoera kritiko batean (gerra batean, hain zuzen) zerbitzua emateak, eta hortik dator “lezio historikoa eta XXI. mendeko euskaldunentzako ibilbide-orri oso bat”.

Gobernu hartatik, sailburuak bere humanismoa azpimarratu nahi izan du: “gerra humanizatzea izan zen bere ibilbide-orria hilabete nahasi haietan, humanismoa ere bai, autokritika egiteko eta norberaren akatsak onartzeko», esan du, 1937ko urtarrilaren 4an Bilboko espetxeetan egindako erasoari buruz, 200 preso baino gehiago epaiz kanpo exekutatu zituztenean. Gertaera horri buruz Agirre lehendakariak bere Gobernuaren erantzukizuna aitortu zuen, ezin izan zuelako kontrolatu.

Gaurko oroitzapen ekitaldietan, Artxanda inguruan hiriaren defentsan bizia galdu zuten gudarien eta milizianoen senitartekoen parte-hartzea nabarmentzen da. Eusko Jaurlaritzak agindutako azken ahalegina izan zen, hirian babesten zen biztanleria zibilaren ebakuazioa ahalbidetzeko denbora irabazten saiatzeko. Gudulari horien familiei ere zuzendu zaie sailburua; izan ere, kasu batzuetan, oraindik ez dakite non lurperatu dituzten beren hurbilekoak, eta eskerrak eman dizkie Gogorarengan eta Eusko Jaurlaritzarengan jarritako konfiantzagatik, haiek aurkitu ahal izateko.

Begoñako hilerrian 42 borrokalariren gorpuzkiak aurkitu ostean, Gogorak ikerketa historiko eta genetikoko prozesu bati ekin dio, pertsona horien nortasuna zehazten laguntzeko eta, azkenik, gorpuzkiak familiei eman ahal izateko.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hartu du hitza, eta Agirre lehendakaria goraipatu du. Agirre lehendakariak “Euskadin eta munduan bere lidergoa erakutsi du, umiltasun osoz, eta beti bake-gizona izanik”. Gaur egun berari eta bere Gobernuari egiten zaion omenaldia, “herri honen garra inoiz ez itzaltzeko egin zuten guztiagatik esker onekoa ere bada”, Aburtok esan duenez. “Diktadura bati, faxismo ideologikoari eta militarrari aurre egiten jakin zuen herri horrek, baina horri buelta eman eta gaur inoiz baino ozenago aldarrikatzen ditubere askatasuna eta bakean oinarritutako bizikidetza”.

Puntu honetan, Arantza Ugarte Lopetegi, Inazio Lopetegi batailoiko gudariaren ilobak ere parte hartu du. Begoñako hobian lurpetik ateratako 42 gorpuzkiak identifikatzeko txapa zeramaten bost borrokalarietako baten kasua da berea.

Hitzaldien ondoren, ohorezko aurreskua, lore eskaintza eta Artxandako batailari buruzko testu historikoen irakurketa Aitor Miñambres ikertzailearen eskutik. Garaizarko Matxorriak abesbatzak eta Frente de Euzkadi 'taldeak ere parte hartu dute, gudari eta milizianoekin.

Omenaldia ‘Aterpe 1936-La Huella’n

Bilboren defentsan eta desagertuen familien errekonozimenduan borrokatu zuten gudariei eta milizianoei omenaldia egin zaie, askatasuna, demokrazia eta euskal autogobernua defendatuz, Artxandako batailan, urtero bezala, ‘Aterpe 1936-La Huella’ eskulturaren ondoan. Aurretik, Bilboko Udalak zaharberritu berri duen inguruko lubakira bisita gidatua egin dute.

Hiriko leku enblematiko honetan, “gure nortasun demokratikoaren ikur eta aztarna den honetan”, duela 16 urtetik memoria-ekitaldi hau sustatzen duten fundazio, sindikatu eta alderdi historikoek adostutako testuaren irakurketan azpimarratu duten bezala, “demokraziaren alde eta askatasun sozial eta politikoen alde borrokatu eta galdu zuten guztien marka ezabaezina ere bada, baina ez zuten porrot egin”.

Hauek dira omenaldi-ekitaldi hau sustatzen duten erakunde historikoak: Elai-Alai, Sabino Arana, Eusko Lurra, Ramón Rubial, Manu Robles-Arangiz Institutua, Investigaciones Marxistas eta Estudios Libertarios Luis Arrieta fundazioak; ELA-STV, UGT eta CNT sindikatuak eta EAJ-PNV, PSE-EE (PSOE), EAE-ANV eta PCE-EPK alderdiak.

Gerra Zibilaren ondorengo protestak eta frankismoaren aurkako borroka ekarri dituzte gogora, eta, batez ere, “gure belaunaldiak bere asmo demokratikoen lekukoa hartu zuelako hil zirenak” ekarri dituzte gogora.

Gudarien eta milizianoen familia guztiei ere zuzendu zaizkie, han baitzeuden, gerran hildako asko, batzuk oraindik desagertuta daude eta orain 85 urte Artxanda inguruan borrokatu ziren. “Gorpuzkiak, oroimena, eta banakako historiak berreskuratzeko beharra” nabarmendu dute, baita “haiengandik ikasi eta demokrazia defendatzeko lekukoa hartu” ere.

Manifestu hori irakurri ondoren, bi pertsonak hartu dute hitza, hiriaren defentsan hil ziren milizianoen senideak biak, eta haien arrastoa galduta zegoen, harik eta identifikazio-txapak Begoñako hilerrian aurkitutako hobi komunean aurkitu zituzten arte. Honako hauek dira:

Fernanda Lahera, Fernando Lahera Urrutiaren alaba, eta Begoña Guerra Crespo, Ramón Cresporen iloba, biak Jean Jaures batailoiko milizianoak 'UGT sindikatuari atxikita

Horiekin batera, 50 pertsona inguru, guztiak Artxandako batailan hil ziren gudarien eta milizianoen senitartekoak, Begoñako hilerriko hobi komuna aurkitu ondoren Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zirenak.

Erakunde ordezkaritza zabala

Puntu horretara erakunde-ordezkaritza zabala eta anitza hurbildu da, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela, zein Lucia Arieta-Araunabeñarekin bertaratu den.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariordea eta Idoia Mendia bigarren lehendakariordea izan dira, baita honako sailburu hauek ere: Olatz Garamendi, Arantza Tapia, Iñaki Arriola, Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere memoria-politika publikoen arduraduna da, eta José Antonio Rodríguez Ranz, arloko sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria izan ditu alboan.

Bilboko Udalaren ordezkari izan dira Juan Mari Aburto alkatea eta alderdi politiko guztietako udalbatzako kideak, Alderdi Popularrekoak izan ezik.

Hauek ere hurbildu dira: Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkideak; Denis Itxaso Gobernu ordezkaria eta Patxi Lopez lehendakaria.

Begoñako hilerriko hobi komuna identifikatzeko prozesuaren laburpena

Gorpuzkiekin batera aurkitutako 5 identifikazio-plakei esker, bost pertsonaren identitatea jakin ahal izan da, familiak aurkitu dira eta Gogora bere identitatea genetikoki ziurtatzeko lanean ari da, DNA laginak erkatuz. Orain arte jakin da plakak honelakoak direla:

  • Ramón Crespo Ortiz, Fernando La Hera Urrutia y Ángel Pérez Puertas, milicanos del batallón ‘Jean Jaures’ adscrito al sindicato UGT
  • Inazio Lopetegi Oliden, gudari del batallón ‘San Andrés’ de STV.
  • Lucas Galvete Gainza, miliciano del batallón ‘Capitán Casero’ de Izquierda Republicana.

Gainerako 37 pertsonen identifikazioan aurrera egin ahal izateko, Gogora Institutuak harremanetan jarraitzen du beste 65 familiarekin, eta horien kasuak bat datoz bilaketa-ereduarekin. Hau da: gudariak eta milizianoak, 1937ko ekainaren 14 eta 18 inguruan hildakoak, hiriaren defentsa-borroketan, beraien gorpuzkiak non dauden jakinekoa ez dena.

65 kasu horiek babes dokumentalaren eta lekukotzaren maila ezberdina dute, hau da: kasu batzuetan, kasuari babesa ematen dioten dokumentazio historikoa, ikerketak eta/edo elizako dokumentuak daude, eta beste batzuetan, familiaren testigantza baino ez dago, Artxandako borroketan senide bat desagertu zela egiaztatzeko.

65 familia horietatik, 12k lagina eman zioten Gogoraren DNA bankuari. Gainerakoak lagin genetikoa hartzeko prozesuan daude, ondoren hobitik ateratako gorpuzkiekin ateratako laginekin alderatzeko. Uste da identifikazio-lanak datorren urteko udaberrirako amaituko direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ana Otadui Biteri; Juan Maria Aburto