Añanako Gatz Haranak Ekoetxea sareko Arabako lehen zentroa hartuko du

2022-06-17
  • Eusko Jaurlaritzak aldez aurreko lanei ekin die Gatz Haraneko Añanako biltegi handi zaharra birgaitzeko eta egokitzeko, ingurumen-zentroen sarean sartzeko
  • Horrela, gaur egun dauden lau zentroei gehituko zaie: Meatzaldea-Peñas Negras eta Urdaibai, Bizkaian; Azpeitia eta Txingudi, Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 100.000 euroko dirulaguntza eman dio Añanako Gatz Harana Fundazioa-Fundación Valle Salado de Añana Fundazioari, Gatz Haraneko Añanako biltegi handi zaharra birgaitzen eta egokitzen hasi aurretiko ikerketak eta lanak martxan jartzeko, Euskadiko Ekoetxea Sarea-Ingurumen Zentroen ekipamendu gisa erabiltzeko helburuarekin.

Zehazki, dirulaguntza honako hauetarako erabiliko da: barneko betelanak modu mekanikoan husteko; dokumentazio geometriko osorako; irakurketa estratigrafikorako; barnealdeko arkeologia-zundaketetarako; eraikinaren barnealdea husteko; eta aldez aurreko azterketa eta lan tekniko-arkitektonikoetarako (Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak planteatutako beharren programaren azterketa, eraikinaren azterketa bolumetrikoa behin birgaitutakoan eta eraikinaren energia-azterketa behin eraikina birgaitutakoan).

Añanako Gatz Haranaren biltegi handiak Ekoetxea Sareko Arabako lehen zentroa hartuko du, eta lehendik zeudenei gehituko zaie: Meatzaldea-Peñas Negras eta Urdaibai Bizkaian, eta Azpeitia eta Txingudi, Gipuzkoan.

Ekoetxea ingurumen-hezkuntzako zentroen sareak naturarekin eta biodibertsitatearekin lotutako jarduera- eta proposamen-eskaintza zabala dauka, eta urtero gure inguruneko natura- eta kultura-balioak kontserbatzeko interesa duten 120.000 pertsona baino gehiagoren bisita jasotzen du.

Era berean, Añanako Gatz Harana Fundazioa–Fundación Valle Salado de Añana espazioaren natura-balioez arduratzen da, eta saiatzen da gatzaren ekoizpena, azpiegituren mantentzea eta ingurumenaren kontserbazioa bateragarri egiten. Alde horretatik, 2013an berreskuratze-plan bat diseinatu zen, jasangarritasun-irizpideetan oinarrituta, ekoizpen-eremuak ingurumen-balioko eremuetatik argi bereiziz.

Azken urteotan, landaredia eta fauna aztertzeko eta inbentariatzeko ahaleginak egin dira, bai eta haien balioak indartzeko ere, hala nola iturburuetako lekune botanikoa eta Arreo lakua nabarmentzea edo ingurumen-bide berria.

Añanako Gatz Harana, espazio bakar bat

Caicedo Yuso eta Arreoko lakua, Haranari ura hornitzen diona, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu dute, eta Añanako Diapiroa Biotopo Babestua da. Beraz, Añanako Gatz Haranaren espazio fisikoan espazio babestuen bi figura daude: Biotopo Babestua eta Kontserbazio Bereziko Eremua. Añanako Diapiroaren biotopoan, Batasunaren intereseko 14 habitat daude, eta nabarmentzekoak dira, hezeguneei lotutako habitatez gain, albitz-belardi eta sastrakadi mediterraneoak eta Quercus generoko zuhaitzen basoak, bai eta haiei lotutako flora eta fauna basatiak ere. Katalogatutako flora eta fauna ere garrantzitsuak dira, batez ere espezie halofiloak eta tapete mikrobianoak.

Caicedo Yuso eta Arreoko lakuko eta Añanako Gatz Haraneko hezeguneen berezitasunari esker, Nazioarteko Garrantziko Hezegune gisa katalogatu dituzte Ramsar-eko Hitzarmenaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialeko Hezegune Babestuen Inbentarioan sartu dituzte. Añanako Diapiroaren mugen barruan sartzen dira, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lau leku: Caicedo Yuso lakua, Añanako Diapiroa, Añanako gatzagetako larrainak eta Paulgo igeltsu-meatzeak.

2017an, FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak) “Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsu (MNOSG)” izendatu zuen Añanako Gatz Harana. Aitorpen hori lortu duen Europako lehen paisaia da.

Iruzkin bat
  • @v_en_c
    2022-06-20

    Comentario de Twitter:
    El Valle Salado de Añana acogerá el primer centro de la red Ekoetxea en Araba
    https://t.co/j2cYzjdJRM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak