Berriak Osasuna

Osasun Sailak gomendatzen du eguzkiaren eta beroaren aurrean babestea, egunotarako bero-bolada bat aurreikusten delako

2022-06-15

Ura etengabe edatea, eguzkitan egotea saihestea eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan, izerditan jarriko zaituen ahalegin fisiko handirik ez egitea bero handieneko orduetan eta bereziki adineko eta adingabeekin kontuz ibiltzea dira Osasun Sailak eta Osakidetzak 2022rako beroaren ondorioak prebenitzeko prestatu duten Planean jasotzen diren gomendioetako batzuk.

 

 

Datozen egunotan muturreko tenperatura altuak etengabe izango direla aurreikusten denez, Osasun Sailak eta Osakidetzak are gehiago gogorarazi nahi dute komeni dela beroaren eta eguzkiaren aurrean babesteko neurri batzuk hartzea. Tenperatura altuek ondorio negatiboak eragin ditzakete biztanleen osasunean, baina, bereziki, kalteberenengan, hala nola ume, adineko eta gaixo kronikoengan.

 

Beroaren ondorioak prebenitzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak 2022rako Euskadin tenperatura altuegien ondorioak prebenitzeko jarduketa-plana prestatu dute eta, hartan, egunotan egon daitezkeen muturreko tenperaturen aurrean zer neurri hartu jasotzen da:  

  • Likidoak kontsumitzea: ura etengabe eta egun osoan zehar edatea, egarria izateko zain egon gabe. Izerdiak eragindako galeretatik berreskuratzen lagunduko du horrek.

 

  • Kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak ez kontsumitzea.Ez dute egarria asetzen eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute.

 

  • Entsalada, barazki eta fruta gehiago jatea, izerdiagatik galdutako gatz mineralak berreskuratzeko.

 

  • Gantz edo koipe askoko janaririk ez jatea eta otordu oparoak ez egitea, berora egokitzea zailtzen baitute.

 

  • Eguzkitan ez egotea eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan. Kalera irten behar baduzu, jantzi txapela, eguzkitako betaurrekoak eta azala eguzkitik babesteko produktua.

 

  • Etxean: leihoak itxi eta pertsianak jaistea, eguzkiak jotzen badu. Bero gutxieneko uneak baliatzea etxea aireztatu eta freskatzeko. Zu zauden gelan haizagailu bat edukitzen saiatzea. Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza ur hotzarekin, aurpegia eta eskuak batez ere.

 

  • Izerditan jarriko zaituen ahalegin fisiko handirik ez egitea, bero handieneko orduetan.

 

  • Eguzkitan lan egin behar baduzu, burua txapelen batekin estaltzea, eta gorputza arropa arin eta transpiragarriarekin. Ur asko edatea, 2-4 edalontzi ur orduro.

 

  • Pertsona ahulenak zaintzea: arreta berezia jartzea ume txikietan, adineko pertsonetan eta gaixo daudenetan.

 

  • Inor SEKULA aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan EZ GERATZEA, nahiz eta itzalean egon.

 

  • Adineko pertsonek zailtasunak eduki ditzakete babes-neurriak hartzeko, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendeko direnek; beraz, egunean behin, gutxienez, haiek bisitatzea komeni da.

 

Azkenik, honako hau nabarmendu nahi da: kontsulta ezazu osasun-arloko langileekin, ordubetetik gora irauten duen eta tenperatura altuekin lotuta dagoen sintomaren bat baduzu (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea...).

 

Gainera, azala zaindu eta eguzkiaren ondorio kaltegarriak prebenitu behar dira, pixkanaka azalean pilatzen baitoaz bizitzan zehar. Eguzkiaren erradiazio ultramoreen (UVA eta UVB) eraginpean egotea ingurumen-faktore garrantzitsuena da azaleko minbizi mota gehienak agertzeko orduan, eta, gainera, erredurak, azalaren zahartzea eta begietako zenbait afekzio eragiten ditu. 

 

Hala, eguzki-erradiazioaren epe laburreko eta luzeko kalteak saihesteko, honako hauek kontuan hartu behar dira:

 

  • Eguzkitan ez egotea eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan (12:00etatik 16:00etara); izan ere, eguzki-erradiazioa handiagoa da.

 

  • Gure azal motarako eta aurreikusitako eguzki-intentsitaterako egokia den krema fotobabeslea erabiltzea, inoiz ez 15-20 baino babes-faktore txikiagoarekin, eta UVA eta UVB erradiazioetatik babesten duena.

 

  • Eguzki-krema kantitate oparoan aplikatzea gorputzaren zati guztiak babesteko, esposizioa baino 20-30 minutu lehenago.

 

  • Denbora-tarte jakin batean behin aplikazioak ematea (2 edo 3 orduan behin), eta bainu bakoitzaren ondoren, izerdi edo transpirazio biziaren ondoren eta toallarekin lehortu ondoren.

 

  • Kapela erabiltzea, eguzkitako betaurreko homologatuak edobabes-arropa.

 

  • Gogoratusendagai batzuek erreakzioak eragin ditzaketela hartzen ditugun bitartean eguzkitan jartzen bagara.

 

  • Eskuak hidrogelarekin ez garbitzea eguzkitan jartzean; izan ere, alkoholak erredurak eragin ditzake.

 

  • Haurrak sentikorragoak direnez, haiekin zuhurtasun-neurriak areagotu behar dira, bizitzako lehen urteetan eguzkiaren gehiegizko esposizioa eta haurtzaroko erredurak saihesteko.

 

 

 

Argibide gehiagorako:

Beroaren ondorioak prebenitzeko gomendioak (euskadi.eus)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau