qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Balear Uharteetako Gobernuak mugikortasun jasangarriari eta arrazoizko alokairuari lotutako proiektuak partekatzen dituzte

2022-06-16
  • Iñaki Arriola EAEko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Josep Marí Balear Uharteetako Mugikortasun eta Etxebizitzako kontseilaria batu egin dira, bi arloetan ingurumen-jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa sustatuko duten ekimenei heltzeko.

 


Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Balear Uharteetako Mugikortasun eta Etxebizitzako kontseilaria, Josep Marí, batu egin dira, ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan, bi gobernuak etxebizitzaren eta mugikortasunaren inguruan haien autonomia-erkidegoetan mugikortasunaren eremuan trantsizio energetikorako bide emateko eta gizarte-justiziako irizpideei jarraikiz garraiorako eta etxebizitzarako sarbidea bultzatzeko sustatzen ari diren proiektu nagusiei heltzeko.

Lan-topaketan Mateu Capellá Serveis Ferroviaris de Mallorcako (SFM) kudeatzaileak, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako kontseilariordeak eta Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak ere parte hartu dute. Hartan, Eusko Jaurlaritzaren mugikortasun jasangarriko lege-proiektuaren ildo estrategikoak aztertu dira; lege-proiektu horren bidez, garraio-modalitate irisgarriak eta ingurumen-inpaktua murrizten dutenak sustatu nahi dira, mugikortasun aktiboa (oinez edo bizikletan) bultzatu nahi da, garraio publikoa garraio pribatuaren aurrean sustatu nahi da, garraioaren titulu publikoen elkarreragingarritasuna, trena bultzatu nahi da eta mugikortasun jasangarriaren alde egin nahi da, autonomia-, foru- eta udal-mailako plangintzaren eremutik.

Testuinguru horretan, Arriolak bere saila buru duten zenbait trenbide-proiektu aipatu ditu, hala nola Hernani-Astigarraga tartea eta abiadura handiko Atotxako geltokia Donostian, Topoaren saihesbidearen obrak Gipuzkoako hiriburuan eta Altza-Galtzaraborda tartea, Vitoria-Gasteizko tranbia Salburuara luzatzea eta Metroaren 5. linea Galdakaora.

Bestalde, kontseilariak Balearretako SFMren sareko autokontsumo energetikoaren estrategiaren eta autobus eta trenen maiztasun handiagoak eta baliabide gehiago ezartzearen xehetasunak eman ditu. Bi gobernuak bat datoz, erabat, herritarrek garraio publikorako sarbidea izan dezaten bide emateko apustu irmoan.

Etxebizitzaren arloan, Marí kontseilariak honako hauek azaldu ditu: zertan datzan gaiaren inguruko Balearretako legeria eta pisu hutsen aldi baterako lagapenaren arauketa; lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eragiketak; erkidegoak bizi duen bizitegi-premia, eta nola eraikitzen ari diren gizarte-sustapen berriak, jasangarriagoak, 0 km-ko materialdunak eta energia-efizientziako arauei jarraikiz.

Bestalde, Arriola sailburuak EAEko Etxebizitza Legearen garapena aipatu du; nahiz eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa ezartzen duen, alokairua bultzatzen du hartara jotzeko aukera bermatzeko, eta zenbait erronkari heltzen die, besteak beste, etxebizitza hutsen parke pribatua mobilizatzea, errentamenduko etxeen eskari handiari erantzuteko. Era berean, 18 eta 35 urte bitartekoentzako alokairurako laguntzak arautzen dituen Gaztelagun programaren emaitzak eman ditu; gaur egun EAEko 2.700 gazte baino gehiago dira haren onuradun. Sailburuak hiri-berroneratzearen garrantzia eta EAEn etxebizitza-parkea irisgarritasuneko eta energia-efizientziako irizpideekin birgaitzeko beharra aipatu ditu, “Europako hegoaldeko zaharrenetako bat baita”.

Josep Marí kontseilariak Iñaki Arriola sailburua ofizialki gonbidatu du Balear Uharteak bisitatzera eta aurrez aurre Balear Uharteetako herritarren beharrak eta bertako gobernuak eskaintzen dituen irtenbideak ezagutzera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josep Marí, Balear Uharteetako sailburua