Berriak Hezkuntza

Euskadik Lanbide Heziketako Ikastetxeen Mundu Mailako Biltzarra hartu du

2022-06-16
  • WFCP- World Federation of Colleges and Polytechnics elkarteak antolatuta, Donostian ari da burutzen ekainaren 15etik 17ra bitartean
  • Exellence for All” goiburuarekin, 48 herrialdetako mila lagunetik gora bilduko ditu, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arlokoak guztiak ere
  • Hitzaldi, eztabaida eta saio guztiek lau gai nagusi izango dituzte ardatz: lanaren etorkizuna eta horren inplikazioa Lanbide Heziketarentzat; Ekitatea eta inklusioa; Migrazioa; eta Jasangarritasuna

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ekainaren 15etik 17ra bitartean Donostian egingo den Lanbide Heziketako Ikastetxeen Nazioarteko Biltzarraren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Lanbide Heziketako Ikastetxeen eta Elkarteen Munduko Federazioak (WFCP- World Federation of Colleges an Polytechnics) antolatuta, biltzarrean mila bat pertsona (1.015) elkartuko dira egun hauetan, 5 kontinentetako 48 herrialdetatik etorriak. Biltzarraren izango dituen atal guztietan esku hartuko duten 102 hizlariren azalpenak entzun ahal izango dira. Atalak dira: Breakout Sessions, Affinity Groups, Leadership Summit eta Yuoth Camp, kongresuko osoko saioez gain.

Agenda-arazoak tarteko, Lehendakariak ez du egoterik izan Kursaal Jauregiko inaugurazio-ekitaldian, baina bideo bidezko mezu baten bitartez iritsi dira bere hitzak Biltzarrera. Bertan izan da Pilar Alegría Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa ere.

WFCk bi urtez behin antolatzen du biltzarra. Biltzar hau Europan egiten den bigarren aldia da, eta Euskadin egiten den lehenengoa. Orain arteko edizioak Kanadan, Arabiar Emirerri Batuetan, Erresuma Batuan, Txinan, Brasilen eta, azkena, 2018koa, Australian egin ondoren, Euskadi 2020ko urrian nazioarteko ekitaldi honen anfitrioia izateko aukeratu zuten, baina pandemiak orain arte atzeratu du biltzarra.

Euskadi ez zuten halabeharrez aukeratu Biltzarra hartzeko; izan ere, Euskadiko Lanbide Heziketako sistema mundu mailan erreferenteetako bat da, eta Europako Batzordeak Europako Lanbide Heziketako etorkizuneko eredua eraikitzeko adibide izango diren bikaintasun-plataformen artean hartu du.

Lanbide Heziketako Ikastetxeen Nazioarteko Biltzarraren programa osoa hemen kontsulta daiteke (ingelesez bakarrik).  

“Auzolana”

Bideo-mezu baten bidez, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Euskadirentzat ohorea dela WFCPk munduko biltzar hau egiteko aukeratu izana, eta gogorarazi du Lanbide Heziketak lotura estua duela gure historiarekin, gure herriarekin. “Industria eta merkataritza tradizioko herri bat gara. Lanbide Heziketak gure industria-ehuneko langileak eta sustatzaileak prestatu ditu. Gaur egun 23 jarduera-sektore ezberdini erantzuten die, eta lehenengo mailako lehentasuna da erakunde publikoentzat, bai eta enpresentzat ere”, adierazi du.

Lehendakariaren hitzetan, Lanbide Heziketa auzolanaren adibide ona da. “Enpresekin lankidetza estuan lan egiten dugu, hiru helbururekin: euren formakuntza-beharrei aurrea hartzea; gazteen artean ekintzaile-bokazioa sortzen laguntzea; eta ikasleen formakuntza dual praktikoa bideratzea”. Baina auzolan kontzeptua, adierazi du Lehendakariak, agertoki globalera ere hedatzen da. “Euskadin Europako politikekin eta Europako Batzordearekin koordinatuta lan egiten dugu. Gure anbizioa da Euskadiko Lanbide Heziketaren nazioarteko erreferentzia sendotzea, eta Biltzar hau lagungarria zaigu helburu hori lortzeko. Azken batean, agertoki globalean abian jarri den eraldaketa hirukoitzerako, eraldaketa berde, digital eta sozialerako, prestatutako gazteria nahi dugu”.

Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu du Lanbide Heziketaren sendotasuna ikastetxeetan dagoela, “etengabeko aldaketetara, ikasleen prestakuntza-beharretara eta enpresen erronketara egokitzen diren ikastetxeetan. Bizi dugun iraultza teknologikoa disruptiboa da, eta bi sentimendu sortarazten dizkigu: kezka, baina baita ilusio handia ere. Mundu ezezagun baterantz goaz, errealitate berri baterantz”, adierazi du.

Zentzu horretan, Bildarratzek azaldu du bizi dugun aro berriak “aukera eta onura globalentzako tarte handia dakarrela”, eta Giza Garapen Iraunkorraren ereduan oinarritutako aurrerapenaren aldeko apustua egitearen alde agertu da, “ongizatearen gizartea, gizarte justu eta solidarioa finkatu eta bermatuko duena. Excellence for All dio kongresuko leloak. Guztiontzako prestakuntza-aukerak, bikaintasuneko prestakuntzan, gure gizarteen mesedetan”.

Sailburuaren esanetan, norabidea eta helmuga kohesio sozialak markatu behar ditu. “Gizarte-kohesioa lehentasuna da gizarte prestatu, moderno, aurreratu eta solidario batentzat”. “Etorkizun teknologiko eta adimentsu baterantz goaz, azken finean, aukera gehiago dituen gizarte baterantz. Baina, hala dirudien arren, ez goaz teknologiaren arorantz. Egia esan, gizateriaren aro berri baterantz goaz. Eta ezin dugu ahaztu, pertsonak direla edozein eraldaketaren protagonista nagusiak”.

"Excellence for all"

Excellence for all” (“Bikaintasuna denontzat”) lelopean, biltzarreko saio guztiak lau gai-multzoren inguruan egingo dira, guztiak ere Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotuta: lanaren etorkizuna eta horren inplikazioa Lanbide Heziketarentzat; Ekitatea eta inklusioa; Migrazioa; eta Jasangarritasuna. “Excellence for all” leloak, bestalde, aldarrikatu nahi du, Lanbide Heziketa sendo eta abangoardista bat behar dela, etorkizuneko erronkei aurrea hartzen jakingo duena, inor atzean gera ez dadin.

Biltzar honetako ponentziak, eztabaidak eta lan-saioak topaleku bihurtuko dira Lanbide Heziketaren etorkizuneko erronkekin lotutako ideiak eta proposamenak trukatzeko, azken batean esperientziak partekatzeko eta besteengandik ikasteko foro bat izango baita.

Lehen mailako hizlariak

Biltzarraren inaugurazio instituzionalaren ostean, hizlarien talde nagusian esku hartu duen lehena Jorge Arévalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea izan da, “The uncertainity of moving towards the unthinkable. Creating opportunities” (“Imajinaezina denerantz mugitzearen ziurgabetasuna. Aukerak sortzen”) izenburupean. Sailburuordearen ondoren Joao Santos Europar Batzordeko Enplegua, Gizarte Gaiak eta Inklusioa saileko zuzendari nagusiak eta Anne Caroline OIT/Cinterforeko zuzendariak Biltzarreko gai nagusietako bati helduko diote: lanaren etorkizuna eta Lanbide Heziketan dituen inplikazioak.

Biltzarreko adituen taldeak 17 herrialdetako lehen mailako 21 hizlari elkartuko ditu egun hauetan Donostian., herrialde eta antolakunde ezberdinetako formakuntza eta enplegu politiken arduradunak,
Lan-saioak

Hizlarien talde nagusian ez ezik, gaur eta bihar Kursaalen egingo diren eta esperientziak eta proiektu berritzaileak trukatzeko foroa izango diren lan-saioetan ere eginkizun garrantzitsua beteko du Euskadiko Lanbide Heziketak. Egun hauetarako programatuta dauden hogeita hamar saioetako 8 Euskadiko Lanbide Heziketaren ordezkariek gidatuko dituzte, eta izango dira Hezkuntza Sailaren mende dagoen Tknika – Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren arduradunak nahiz Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunak. Euskadiko Lanbide Heziketak saio horietan aztertuko eta azalduko dituen gaietako batzuk izango dira ikastetxeen eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, adimen artifiziala Lanbide Heziketan, formakuntzaren eta enpleguaren etorkizuna, ekonomia zirkularra Lanbide Heziektara aplikatuta, teknologia humanizatua edo sare sozialak hezkuntzara aplikatuta.

Donostiako Adierazpena

Nazioarteko Biltzar honen esparruan, eta joan den astelehenetik, ekainaren 13tik, Kanadako, Herbehereetako, Brasilgo, Erresuma Batuko eta Euskadiko Lanbide Heziketako hainbat ikasle workshop saioetan parte hartzen ari dira Biltzarreko Youth Camp programazioaren barruan. Hainbat gairen inguruan hausnarketa eta bateratze-lana egingo dute; eta gaiak izango dira, besteak beste, migrazioa, jasangarritasuna, ekitatea, inklusioa edo lanaren etorkizuna.

Gazte talde honek ere bere ekarpentxoa egingo dio WFCP-k biltzarrean jasotako ekarpenekin eta ondorioekin landuko duen Donostiako Adierazpenari.

2 iruzkin
  • @ErrekaldeEAJPNV
    2022-06-16

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 📚Euskadik Lanbide Heziketako Ikastetxeen Mundu Mailako Biltzarra hartu du.
    📎 https://t.co/XHjGBJWXbq

    📚 Euskadi acoge el Co…

  • @Gob_eus
    2022-06-16

    Comentario de Twitter:
    📚Euskadik Lanbide Heziketako Ikastetxeen Mundu Mailako Biltzarra hartu du.
    📎 https://t.co/XHjGBJWXbq

    📚 Euskadi… https://t.co/qkGbc2QZFB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak