Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak “Krimenaren agertokiaren kudeaketa judiziala eta poliziala”, gertaeren lekuan egiten den ikerketa-lan zehatza erakusteko uda-ikastaroa, inauguratuko du

2022-06-15
  • Poliziako, Judikaturako eta UPV/EHUko adituek azalduko dute bi egunez Donostian polizia-ikerketarako eta ikerketa judizialerako zein garrantzitsua den krimenaren agertokia behar bezala kudeatzea delitu bat argitzeko.
  • Ikastaroan krimen baten agertokia berregiteko simulazio-ariketa bat ere egingo da. Esperientzia Francisco Etxeberria irakasle eta antropologo forentseak, Iñaki Irusta 2021era arte Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren arlo burua izan zenak eta Laura Pego UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile doktoreak zuzenduko dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean antolatu dute Krimenaren agertokiaren kudeaketa judiziala eta poliziala (La gestión judicial y policial de la escena del crimen) izeneko uda-ikastaroa. Urtero Donostiako Miramar Jauregian antolatzen diren UPV/EHUren udako ikastaroen esparruan, Ertzaintzako Polizia Judizialeko eta Zientifikoko, Judikaturako auzitegi-medikuntzako eta UPV/EHUko adituek delitu bat argitu ahal izateko lekua ikertzeak eta bertan hartu beharreko kontrol- eta segurtasun-neurriek duten garrantziaren inguruan hitz egingo dute bi egunetan zehar.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Isabel Germán Mancebo ikastaroaren zuzendari eta Zientzia Kriminaletako ikertzaile doktoreak eta Francisco Etxeberria antropologo forentseak inauguratuko dute ekainaren 20an eta 21ean egingo den ikastaro hau.

Egitateen tokia, “krimenaren agertokia” deitzen dena, ikertzeko, diziplina anitzeko lana egin behar da, eta lan horretan analisi teknikoko hainbat faktorek eta eragilek parte hartzen dute. Horregatik, ikastaro honetan aztertuko dituzte, besteak beste, krimenaren agertokian Polizia Judizialak eta Polizia Zientifikoak dituzten eskumenak, agertoki horretan hartu beharreko segurtasuneko eta kontroleko neurriak, gorpua jasotzeko eginbidea, polizia atestatua eta peritu tostena edo krimena gertatu den lekuan aplikatu beharreko teknologia berriak.

Ertzaintzaren ponentziak

Ertzaintzaren aldetik, lau adituk parte hartuko dute honako ponentzia hauekin:

  • “Polizia Judizialaren eta Polizia Zientifikoaren eskumenak krimenaren agertokian”, hizlaria Juan Vicente Bilbao Ertzaintzako Polizia Zientifikoko intendente burua izango da.
  • “Krimenaren agertokia prozesatzea”, hizlaria Alberto Orgaz Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Begi Ikuskapenak Ataleko burua izango da.
  • “Teknologia berriak krimenaren agertokian”, hizlaria Unai Lejarza Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Begi Ikuskapenak Ataleko teknikari aditua eta zuzendari teknikoa izango da.
  • “Polizia atestatua”, hizlaria Alberto Gredilla, Ertzaintzako Ikerketa Kriminalaren eta Polizia Judizialaren Unitatekoa eta Arabako Polizia Judizialeko Ataleko burua izango da.

Krimenaren agertokia berregitea

Ertzaintzako, Judikaturako eta UPV/EHUko adituen ponentziez gainera, astelehenean “Krimenaren agertokia berregitea: ariketa praktikoa agertoki simulatuan” esperientzia programatu da. Ariketa Francisco Etxeberria irakasle eta antropologo forentseak, Iñaki Irusta 2021era arte Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren arlo burua izan zenak eta Laura Pego UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile doktoreak zuzenduko dute.

Jardunaldiei Rodrigo Gartzia Azurmendi Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak emango die amaiera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)