Kontroleko osoko bilkura (2022/6/17)

2022-06-17

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, legealdiko balantzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoak indartzeko politikak garatu dituela eta garatzen jarraituko duela, horretarako erreminta aurrekontuaren garapena delarik. “Aurrekontu akordioan hartutako konpromisoak betetzen ari gara adostutako arlo guztietan: Lana eta Enplegua; Etxebizitza; Berrikuntza; Osasuna; Klima aldaketa; Ongizate energetikoa; Politika sozialak; eta Gazteria. Akordioa betetzen ari gara eta, horren bidez, sektore publikoa indartzen”, adierazi du.

Ziurgabetasunaz eta zailtasunez konsziente, Herri erronkei erantzuteko “egonkortasuna, elkarrizketa eta akordiorako borondatea” ezinbestekoak direla azpimarratu du Lehendakariak. “Bide hori jorratzen eta zabaltzen jarraituko dugu”, gaineratu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osasuneko sailburuaren pasa den ekainaren 8ko adierazpenei buruz.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du Lehen Mailako Arreta mantenduko dela Euskadin, eta “kultura-aldaketak” esan nahi duela: pandemiaren aurreko egoera ezezagunetara egokitzea; botika berriekin edo tratamendu berriekin ikertzeko aukerak aprobetxatzea; edo teknologia berrien abantailak. “Gure erantzukizuna da aukera horiek aprobetxatzea eta pertsonen arreta hobetzearen zerbitzura jartzea”, adierazi du.

Ildo horretan, lehen mailako arreta hobetzea Gobernu Programaren lehentasun bat dela ziurtatu du: "Lehen mailako arreta indartuko dugu, asistentzia-integrazioan aurrera eginez; plantillak handitu, berritu eta sendotuko ditugu; profesionalen prestakuntza eta aintzatespena hobetuko ditugu; eta desberdintasunik gabeko osasunaren alde eta pertsonen zerbitzura lan egiten jarraituko dugu". "Gobernuak konpromisoa du helburu horiekin, eta bete egingo ditugu", esan du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gizarte-laguntzetako iruzurrei buruz.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du iruzurra beti dela larria eta beti jazarriko dela. Gainera, adierazi du Eusko Jaurlaritzako inork ez diela garrantzia kendu gertakari horiei, kontrakoa baizik. “Datuak testuinguruan jartzea ez da minimizatzea. Errealitatea informatzea eta dokumentatzea esan nahi du, hain zuzen ere, desitxuratzeak edo interpretazio partzialak saihesteko”, azaldu du.

Kontrolei dagokienez, Lehendakariak gogorarazi du Lanbideren Legearen erreformak sistema hori indartzen duela. "Iruzurra saihesteko ikuskapen-unitate espezifiko berri bat sortuko da, eta ohiko zein ausazko kontrol gehiago antolatuko dira, egiten diren egiaztapen guztietan sakontzeko", adierazi du. 2022an 2021arekin alderatuta iruzur kopurua bikoiztu egin dela eta, Urkulluk zehaztu du iruzur gehiago atzeman direla bai, hain zuzen ere jarraipen- eta kontrol-sistemak hobetu direlako.

Interpelazioa, Luis Ignacio Gordillo Pérez euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Aljeriarekiko krisiak Euskadin dituen ondorioei buruz.

Lehendakariak adierazi du Jaurlaritza zorrotz jarraitzen ari dela Aljeriako krisi hori, kezkagarria eta larria dela uste baita, baita zuhurtzia handiarekin ere, ez baitago argi ez egungo egoera, ez etorkizunean izango duen bilakaera. Nolanahi ere, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak egoerari arreta eta jarraipen osoa ematen diola krisi horrek gas-horniduran izan ditzakeen ondorioengatik, bai eta gasaren prezioan eta, ondorioz, familietan eta euskal ekonomian izan ditzakeen ondorioengatik ere. "Krisi hau beste zailtasun bat da susperraldiaren bidean", adierazi du.

Hori horrela, Lehendakariak azaldu du izaera sozial eta ekonomikoko laguntza-programak jarri direla abian, enpresei eta sektore ahulenei Ukrainako gerraren eta Aljeriako krisiaren ondorio negatiboei aurre egiteko aukera ematen dietenak. Era berean, Aljeriarekin krisi diplomatikoak kaltetutako enpresekin etengabeko harremanean jarraituko dela adierazi du, enpresa horiekin eratutako lantalde espezifiko baten bidez, gertaeren bilakaeraren jarraipen zuzen eta iraunkorra egiteko. «Lantalde honek beharrezko laguntza-neurri berriak proposatzeko gaitasuna izango du», gaineratu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Osakidetzan dagoen mediku-urritasunari buruz.

Urkullu Lehendakariak argi adierazi du hizkuntza-eskakizunen araubidea ez dela inolako zailtasunik sortzen ari osasun-arloko profesionalak Osakidetzan sartzeko. Hala, familia-medikuen eta beste espezialitate batzuen gabezia gure inguruan eta Europako beste herrialde batzuetan bizi den arazoa dela azaldu du. "Ez da inondik inora ere gure osasun-zerbitzu publikoan eskatzen diren hizkuntza-eskakizunetatik eratorritako arazoa da", berretsi du.

Bere hitzaldian, profesional horiek aitortu eta zoriondu ditu, gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan arreta bermatzeko lanean parte hartzeagatik. “Osakidetzako profesionalak konprometituta daude kalitatezko arreta elebidunarekin; konpromiso hori profesional elebidunei dagokie, baita ez elebidunei ere. Eskertzen dut zure ahalegina eta prestutasuna”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak