Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak euskal gizarte osoari eskatu dio bat egiteko Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko herri itunarekin

2022-06-15
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak “Berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna”-rekin bat egiteko eskatu dio gaur euskal gizarte osoari. Itun hori, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bitartez bultzatua, gaur arratsaldean aurkeztu da Azkuna Zentroan egindako ekitaldi batean. Atxikipena esteka honen bidez egin daiteke.

Emakundek Euskadiko errealitatera egokitu duen NBE Emakumeen "Generation equality" ekimen globalaren esparruan egindako lan-prozesu baten emaitza da Ituna. Ekimen horretan, herrialdeko ehun bat eragile sozial, politiko eta ekonomikok hartu dute parte. Eragile horiek prozesuan hartutako konpromisoetatik, berdintasunaren aurrerapena bizkortzea helburu duen itun bat sortu da, eta honako eremu hauekin lotutako hamar konpromiso ditu: Justizia ekonomikoa, Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea, Emakumeen aurkako indarkeria matxista, Haurtzaroa eta nerabezaroa, Zaintza, Gizonen inplikazioa, Trantsizio ekologikoa, Eraldaketa digitala, Emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak eta Gobernu ona.

Lehendakariak bereziki eskertu du ekimenean parte hartu duten ehun euskal erakundeen inplikazioa, eta nabarmendu du Euskadi etorkizunera begira dagoela hurrengo belaunaldientzat mundu hobe bat irudikatzeko aukera ematen duen itun baten bidez.

Urkulluk adierazi duenez, "gaur berresten dugu berdintasunarekin herri gisa dugun konpromisoa", eta gizarte osoari eskatu dio harekin bat egiteko. Nabarmendu duenez, "oraindik aurrean ditugun erronka erraldoiei aurre egin behar diegu, eta aurrera egingo dugu elkarrekin egiten badugu, herri gisa". Adierazi duenez, "uste horrekin Berdintasunerako Lege berri bat onartu dugu, gai honetan aurreratuen dauden herrialdeen mailan kokatzeko aukera emango diguna, eta uste horrekin berarekin aurkezten dugu Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Itun hau".

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duen bezala, ituna sortzeko prozesuan 38 lantalde eratu dira. Lantalde horietan, tokiko erakunde, enpresa, ikastetxe, unibertsitate, kirol-erakunde, hirugarren sektoreko elkarte, alderdi politiko eta sindikatuetako 450 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Prozesuaren laburpenaren bideoa

Sailburuak adierazi duenez, belaunaldien arteko transmisioan sinesten duen ituna da: “Berdintasunaren ondarea euskal gazteriari transmititzean sinesten dugu; berdintasunaren arloan dituzten eskubideak nola eraiki diren ulertu eta ikasi behar du gazteriak, haren garapenarekin konprometitzeko”. Artolazabalen hitzetan, itunak mezu bat bidaltzen dio gizarteari: Beharrezkoa da berdintasunaren aurrerapena bizkortzea.   

Hain zuzen ere, horregatik abiatu zen "Generation Equality" ekimena Euskadin, Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak adierazi bezala, "gure herrian berdintasunari bultzada emateko". 

Prozesuan parte hartu duten zenbait erakundetako ordezkariek ituna osatzen duten hamar konpromisoak irakurri dituzte gaurko ekitaldian. Hizlarien artean izan dira entitate hauetako zenbait ordezkari: UGT sindikatua, Sartu Álava elkartea, Lauaxeta ikastola, Emakunderen aholku-batzordeko emakumeen elkarteak, Gizardatz Bizkaiko ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundea, EDE Fundazioa, Gasteizko Udala, Unesco Etxea, Famek Kongoko euskal emakumeen elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Ekitaldian azken 25 urtetan EAEn berdintasunak izan duen ibilbidearen errepasoa egin da baita ere. Ibilbide honen mugarri batzuk Emakundek Ituna osatzeko prozesuan eratutako honako dokumentuan jasotzen dira:  Beijing-etik gaur egunera, aurrera pausoak berdintasunean Euskadin.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)