Berriak Kultura

Eusko Jaurlaritzak NPLDren sarearen bileretan parte hartuko du

2011.eko urriak 24

Eusko Jaurlaritzak Europako hizkuntzen sarearen bileretan parte hartuko du Suedian

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek urriaren 25etik 27ra NPLDren (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea) inguruko hainbat gai aztertuko dute Suedian, Europako beste hizkuntzen ordezkariekin batera.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Iván Igartuak eta Araceli Díaz de Lezanak, gaur egun NPLDko presidenteordeetako bat denak, osatuko dute Suedian bihartik aurrera burutuko diren bileretan parte hartuko duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza.

Network to Promote Linguistic Diversity (NPLD), hau da, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea, 2007aren bukaeran sortu zen. Sarearen helburua da, hizkuntza-plangintzaren alorrean, bertan integratuta dauden hizkuntza-komunitateen arteko praktika onak trukatzea nahiz partekatzea, eta ideia berriak, berritzaileak garatzea. NPLD sareak ondorengo hizkuntzak hartzen ditu bere baitan: galesa, bretoiera, katalana, estoniera, frisiera, Eskoziako gaelikoa, euskara, finlandiera, suediera, okzitaniera, lituaniera, kornubiera, galiziera, irlandera, samiera eta meänkieli.

Europa eleanitzaren testuinguruan hizkuntza-aniztasuna sustatzearen alde lan egiten du. Sareak hedapen gutxiko Europako hizkuntzen interesak ordezkatzen ditu eta bere barruan Europar Batasuneko estatukideak, gobernu autonomoak, gobernuz kanpoko erakundeak eta hizkuntza-plangintzan lan egiten duten bestelako erakundeak hartzen ditu. Politika maila guztietan proaktiboak izateko aukera eskaintzen du, bai eta sareko hizkuntzentzat ahots independente eta dinamikoa duen erakunde integratzaile berri bat garatzeko ere. Hortaz, plataforma garrantzitsua da Europar Batasunaren arduradun politikoek hizkuntza-aniztasun balore transbertsala helburu politiko moduan susta dezaten.

Suedian urriaren 25etik 27ra burutuko diren bilerak Suedian finlandieraz egiten duten gutxiengoak antolatu ditu, eta bertan NPLDren kontuen jarraipena egiteaz gain, aurrera begira proposamen berriak egingo dira:

  • - Estatutuak eta Arautegia aldatu direnez, haiek onartu eta berrestea.
  • - 2011ko aurrekontuaren jarraipena egitea.
  • - 2012ko aurrekontua proposatzea.
  • - Abian diren proiektuen jarraipena egitea.
  • - NPLDren egitura eta funtzionamenduaren gaineko proposamenak aztertu eta onartzea.
  • - Europar Batasunaren barruan egindako ekimenak aurkeztea.
  • - Kide berriak onartzea.

Gai horien guztien inguruan, euskal ordezkariek beren iritziak plazaratu, proposamenak egin eta sortzen diren eztabaidetan parte hartuko dute. Horrez gain, hitzordu honetan hauteskundeak egingo dira NPLDren presidentea eta presidenteordea hautatzeko. Ez da ahaztu behar, azken bi urteotan Araceli Díaz de Lezana Eusko Jaurlaritzako teknikaria izan dela presidenteordea.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea aldian behin biltzen da esku artean dituzten gaiak aztertzeko. Euskadin, Donostian eta Bilbon ere elkartu izan dira kideak eta hainbat gai jorratu izan dituzte bilera horietan, besteak beste: terminologia, hizkuntza plangintzak, ikerketa-arloak, informazioaren eta komunikazioen teknologiak...

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)