Berriak Osasuna

Osakidetzak mugikoarren bidez herritar guztiei odol-emateari buruzko informazioa emateko eta hura sustatzeko aplikazioa garatu du

2022-06-14

Osasuneko Sailburuak odola ematera animatu du; urtean milaka bizitza salbatzen dituen ekintza solidarioa da

Iaz, 17.000 pertsona baino gehiago izan ziren ia 49.230 euskal herritarrek eginiko 85.000 odol-emateen onuradun

 

Odol Emailearen Mundu Egunaren aurreko egunetan, Gotzone Sagarduik gogorarazi du odol-emateak jarraitzen duela transfusiorako edo plasmaren deribatuak diren medikamentuak egiteko hainbat eta hainbat osagai eskuratzeko modu bakarra izaten, osasun-jardueran ezinbestekoak direla aintzat hartuta. Hori dela eta, euskal herritarrak odola eta plasma ematera animatu ditu, urtean milaka bizitza salbatzen dituen ekintza solidarioa baita.

Hala, bada, herritar guztiengana iristeko, Osakidetzak mugikorrerako aplikazio berria jarri du abian, Osakidetzaren app-ean integratuta. Herritarrentzako komunikazio-kanal berria da, eta Euskadin odola ematea sustatzeko funtzionaltasun berriak eskaintzeko aukera emango du, urteko denboraldi zehatzetarako kanpaina berezietan oinarrituta. Osakidetzak beti egin du bere zerbitzuak modernizatzearen eta eguneratzearen aldeko apustua, eta digitalizazioa izan da azken urteotan haren lehentasunetako bat.

 Aplikazio horren helburua da beste bide bat gehiago zabaltzea Osakidetzak odola eta beste ehun batzuk emateko eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emateko, bai eta Euskadiko sistema sanitarioaren beharrei erantzuteko emaileen kopurua handitzen jarraitzea ere.

Aplikazioa deskargatzen duten erabiltzaileek emateen guneen leku geolokalizatuak ikusi ahalko dituzte bertan, bai eta odolaren eta haren deribatuen emateen gaineko informazio pedagogikoa ere. Gainera, galdetegi baten bidez, bertara sartzen den pertsonak jakin ahalko du une horretan gai den odola emateko; hala, Emate Unitateetan ez du ilararik itxaron beharko. Bestalde, odol-emaileei haien emateen historikoari eta odol-taldeari buruzko informazioa emango zaie, eta hurrengo emate-dataren berri izango dute. Azkenik, erabiltzaileek komunikazio zuzena izan ahalko dute Osakidetzako profesionalekin.

NOLA LORTU APLIKAZIOA?

Aplikazio hau Osakidetzako Mugikorren Atariaren barruan integratuta dago; beraz, hura deskargatuz gero, erabiltzaileek edukia ikusi ahalko dute. Google play edo appstrore bidez egingo dute, gailuaren arabera: https://www.osakidetza.euskadi.eus/on-line-zerbitzuak/-/osakidetza-zure-mugikorrean/

 

EMATE-DATUAK

     Bestalde, joan den urtean, Euskadik, guztira, 49.230 emaileren 84.411 emate erregistratu zituen; gehienak ohiko emaileak dira, eta erregulartasunez ematen dute (urtean bi aldiz edo gehiago), baina nabarmentzekoa da, halaber, beste 6.918 emaile gehiago daudela. Globulu gorrien 76.581 kontzentratu, 11.560 plaketa-dosi eta 76.283 unitate plasma lortu ziren eta, haietatik, 21.504 litro honako hauek egiteko erabili ziren: immunoglobulinak, koagulazio-faktoreak edo albumina. Medikamentu horiek immunoeskasiak dituzten pazienteei, gaixo kronikoei eta abarrei bideratzen zaizkie.

Guztira, 17.777 pertsona baino gehiago izan ziren Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren bidez Euskadiko 23 ospitale publiko eta pribatuetara banatutako produktu horien guztien onuradun, eta, hala, haien bizitza salbatu edo osasuna hobetu zen. 

2022ko ekainaren 2ra arte, 35.632 emate egin dira aurten, orain arte. Sailburuak eskerrak eman ditu, zentzu horretan, euskal herritarren erantzun bikainagatik. Hilabete hauetan ere ematearekin duten konpromisoari eutsi diote; izan ere, udaldian, erreserbek behera egin ohi dute eta, hori dela eta, urteko aldi horretan ere garrantzitsua da emateari arreta eskaintzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak