
Lehiaren Euskal Agintaritzaren X. urteurrenean, Azpiazuk aditzera eman du agintzaritza horren ebazpenek 2,5 milioi euroko inpaktua izan dutela azken bost urteotan
“Lehiaren Euskal Agintaritzak lan handia egin du bere jarduera sustatzeko eta hedatzeko. Euskadiko enpresen % 96k badaki lehia librea existitzen dela. Haren lanari esker, Agintaritzaren ebazpenek 2,5 milioi euroko inpaktua izan dute azken 5 urteotan”.
Hitz horiekin, goraipatu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak erakunde autonomo horren jarduna, gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian egin den X. Urteurrena ospatzeko ekitaldian.
Azpiazuk nabarmendu du lehia-eskubidea garrantzi handiko tresna eraginkorra dela plataforma digitalen merkatuaren boterea orekatzeko, eta, era berean, “helburu soziala duen tresna dela, azken helburua kate-mailarik ahulena babestea duena”.
Ildo horretatik, Lehiaren Euskal Agintaritzaren xedea da merkatuan lehia- eta gardentasun-baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea, Euskadin egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.
Ekitaldiko beste hizlari batzuen hitzetatik, Azpiazuk Joaquín Almuniaren hitzak nabarmendu nahi izan ditu, eskumen-politikari buruz esan baitu “Europako merkatu bakarrean sakontzeko tresnarik eraginkorrenetako bat” dela; halaber, Danniel Inneratity filosofoarenak ere aipatu ditu, gizarte-ikuspegitik aztertu baitu lehia-agintaritzen zilegitasuna.