Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakari: "Aurrerapen teknologiko-digitala eta energetiko klimatikoa arlo estrategikoak dira Euskadiren etorkizunarentzat eta baita Gasteizeko Mercedes Benz-entzat ere"

2022-06-14
  • Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Mercedes-Benzqueren arteko Memorandumaren sinaduraren buru izan da. Memorandumak hiru lankidetza-arlo estrategiko ezartzen ditu: garraioaren Elektrifikazioa, Digitalizazioa eta Iraunkortasuna

  • Lehendakaria: "Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Mercedes-Benzek indarrak batu ditugu pandemia osteko tokiko ekoizpen egitura eraldatzeko eta indartzeko"

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da, gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Mercedes-Benz Vitoriak elkar ulertzeko memoranduma (MdE) sinatzeko ekitaldian. Lankidetza honen helburu nagusia COVID osteko berreskurapenean tokiko produkzio-egitura eraldatzeko eta indartzeko prozesuari ekitea da.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Emilio Titos Mercedes-Benz Vitoria, MBVko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena jasotzen duen dokumentua. Horren arabera,  eraldaketa teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa izango dira jarduera-oinarriak eta lau urteko epeldirako izango da.

Lehendakariak sinatu ondoren emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, konpromisoaren helburua da hiru arlo estrategiko garatzea eta indartzea eskatzen duen ingurunea ezartzea: garraioaren Elektrifikazioa, Digitalizazioa eta Iraunkortasuna. Eremu horietan, gainera, hainbat lankidetza-eremu identifikatzen dira, hala nola I+G+b, talentua eta industrializazioa eta tokiko hornitzaileen oinarrien indartzea. Horrela, ad hoc lankidetza-akordioak izenpetzeko aukera emango duten lotura juridikoak sortuko dira, tokiko produkzio-egitura eraldatzeari ekiteko.

Lehendakariak automobilgintzaren sektoreak Euskadin duen garrantzia azpimarratu du, eta Euskadiko lehiakorrenetako eta berritzaileenetako bat dela adierazi du. Urkulluk azaldu duenez, automobilgintzako klusterrak garrantzi handia du euskal ekonomiarentzat, bere pisu propioagatik eta industria- eta zerbitzu-sektore aurreratuekin dituen harremanengatik; baita nazioarteko jarduera handiagatik ere.

Ildo horretan, Lehendakariak balioa eman die Mercedes-Benzek Vitoria-Gasteizerako aurreikusitako inbertsioei; izan ere, urrats handia izango dira automobil-industria osoa eraldatzeko eta lantegia konpainiaren lehiakorrenetako bat izateko. "Memorandum honek garrantzi estrategikoa du, eta uztailaren 6an Stuttgarten Mercedes Benz Vanseko CEOarekin izango dudan bileraren esparruan gertatzen da".

Azkenik, lehendakariak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du. Hala, gogorarazi du ez dela lehen aldia euskal erakundeek eta Mercédesek indarrak batzen dituztela. 2016. urteaz geroztik, Mercedes Benzek eta Egibidek batera ematen dute Industria Oso Automatizatuan Produkzio Baliabideak Kudeatzeko espezializazio-programa. Orain arte, 113 ikasle igaro dira programa horretatik. Lehendakariak programa honen laneratze-tasa ( % 95) balioetsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)