Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako euskal kontseiluak, i+g+b babesteko ekimen nagusiak eta proiektu estrategikoak aurkezten ditu
- Ezagutzaren arloko enplegu intentsiboak, Europako patente-eskaerek eta nazioarteko argitalpen zientifikoek gora egin dute
- ZTBP Euskadi 2030 planaren zeharkako trakzio ekimenen batzordeak eratu dira
- Foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko ekimen eta proiektu estrategiko nagusiak aurkeztu dituzte
- Hezkuntza Sailak Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia 2022-2026 aurkeztu du
Lehendakaria Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko buru izan da, gaur arratsaldean. Kontseilu hori Euskadin I+G+b babesteko politikak orientatzeko, aholkatzeko eta sustatzeko organo gorena da. Bileran, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren (ZTBP 2030) esparruan zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko bultzatutako ekimen eta proiektu estrategiko nagusiak aurkeztu dira.
Lehendakariak nabarmendu du ZTBP 2030 ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoa dela. Publikoaren eta pribatuaren arteko konpromiso partekatua da. Konpromiso horren arabera, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta administrazio publikoek elkarrekin lan egin behar dugu, guztien ongia lortzeko. Plan hori Giza Garapen Jasangarriaren eredu baten barruan kokatzen da. Eredu horretan, zientzia, teknologia eta berrikuntza politikek aberastasun ekonomiko jasangarria sortzen eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzen dute.
Etorkizuneko ikuspegiari dagokionez, lehendakariak pertsonen eta talentuaren garrantzia nabarmendu du, funtsezkoak izango baitira I+Gko inbertsioak emaitza ekonomiko eta sozial bihurtu ahal izateko. Talentua baliabide urria izaten hasi da, eta, beraz, garrantzi handiagoa hartzen du bere prestakuntzarako, sustraitzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gaitasunak indartzeak.
Lehendakariak balioa eman dio Euskadik Eskualde Berrikuntzarako Elkartean (PRI) duen partehartzeari. Elkarte hori Europako Batzordeak maiatzaren 17an Bruselan aurkeztutako ekintza pilotuan. Helburua da partehartzen duten eskualde eta lurraldeek ekonomia eta gizartea eraldatzeko ikuspegi eta politika berriak esploratu ahal izatea, trantsizio berdearen eta trantsizio digitalaren esparruan.
Lehendakariak, amaitzeko, adierazi du Euskadik ekonomia, gizartea eta ingurumena eraldatzeko eta iraunarazteko konpromisoa duela, eta konpromiso horretara bideratzen direla gure zientzia, teknologia eta berrikuntza-politiken emaitzak. Hori guztia lankidetza publiko-pribatutik bultzatuta, guztion onerako.
Ezagutzaren arloko enplegu intentsiboak, Europako patente-eskaerek eta nazioarteko argitalpen zientifikoek gora egin dute.
2021eko ZTBPren Aginte Taulako adierazleen artean, ezagutzako enplegu intentsiboaren hazkundea nabarmentzen da, % 20,1era iritsi baita (2019ko abiapuntuko balioaren % 17,7aren aldean). Horrela, esan daiteke Euskadin enplegatutako bost pertsonatik batek teknologia-maila altu eta ertain-altuko industrian edo ezagutza-zerbitzu intentsiboetako enpresetan lan egiten duela. Adierazle honek ikerketak eta berrikuntzak epe ertain eta luzean duten eragina islatzen du, baita berrikuntzan oinarritutako ekonomia batek gizartearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko duen gaitasuna ere.
Ekoizpen zientifikoari dagokionez, nabarmen egin du gora nazioarteko lankidetzan indexatutako argitalpenen kopuruak: 1.967 argitalpen argitaratu ziren 2021ean (2019an baino %19 gehiago). Nazioarteko lankidetzako artikulu zientifikoak, euskal ikerketaren irekiera eta ezagutza-sare globaletan duen integrazioa neurtzeaz gain, produktibitate zientifikoa hobetzen duen faktore gaitzailea dira.
Ezagutzaren babesari dagokionez, Europako patente-eskaerak ugaritu egin dira, 2021ean 223 izan arte (+%15, 2019ren aldean). Patente horiek balio erantsiko produktu berriak garatzeko gaitasuna neurtzen dute, eta enpresen lehiakortasun-ahalmena zehazten duten elementuetako bat dira.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren nazioartekotzeari dagokionez, Horizon 2020 programan (Europako ikerketa eta berrikuntzako esparru-programa) lortutako emaitza onak baloratu behar dira. Euskadik % 84 handitu zuen finantzaketa aurreko FP7 programarekin alderatuta, eta biztanleko ekarpen handiena egin zuen Europako bederatzigarren eskualdea izan zen (240 eskualde artean). Aurkeztutako proposamenen arrakasta-tasa ere %19koa izan zen, Europako batez bestekoa (%12) baino handiagoa.
ZTBP Euskadi 2030 planaren zeharkako trakzio ekimenen batzordeak eratu dira.
Joan den maiatzaren 5ean, Zeharkako Trakzio Ekimenen Batzordeak eratu ziren, honako eremu hauetan: "Zahartze osasuntsua", "Mugikortasun elektrikoa" eta "Ekonomia zirkularra". Eusko Jaurlaritzaz gain, foru-aldundiek, erakunde publikoek eta RIS3 espezializazio adimenduneko arloetako ordezkariek ere partehartzen dute.
Zeharkako trakzio ekimenak ZTBP 2030en berrikuntzetako bat dira, RIS3 arloen arteko zeharkako lankidetza indartzeko sartu zirenak. Ekimen horien helburua da lankidetzako trakzio-proiektu berriak bultzatzea eremu estrategiko jakin batzuetan, helburu zehatzak izan beharko dituztenak eta emaitzak euskal gizarteak ikusteko modukoak izango direnak.
Ekimenen aurrerapenen artean, aipatu behar da lidergo bat zehaztu dela, sail arduradunak eta Lehendakaritzak parte hartuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuaren bitartez. Bakoitzaren gai-irismena definitu da, eta garatu beharreko erronka eta helburu nagusiak formulatu dira, baita erronka eta helburu zehatzetan horiek hedatzea ere. Gobernantza-eredu bat ezarri da abiarazte-faserako, eta, horren barruan, ekimenen batzorde horiek ezarri dira, besteak beste, aholkularitza emateko, partehartzeko eta lankidetzako trakzio proiektuak baliozkotzeko, bai eta horien jarraipena egiteko ere. Azkenik, trakzio proiektu horiek identifikatzeko lagungarri izango den laguntza-programa izapidetzen ari da.
Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko ekimen eta proiektu estrategiko nagusiak aurkeztu dituzte.
ZTBP 2030en esparruan, gogoeta-prozesu partekatu batetik sortutako proiektu eta ekimen estrategikoak dira, Euskadiren indarguneetan eta gaitasunetan oinarritzen direnak. Hortaz, Planaren RIS3 espezializazio adimenduneko arloekin lerrokatzen dira, eta teknologia eta digitalaren, energia eta ekologiaren, eta osasunaren eta gizartearen trantsizio hirukoitzari berme handiagoz aurre egiten lagunduko dute.
Euskarri instituzional sendoa izateaz gain, proiektu horiek tokiko trakzio enpresen lidergoan oinarritzen dira, eta, aldi berean, balio-kate osoko enpresen parte-hartzea eta konpromisoa bilatzen dute.
I+G+b-ko 40 proiektu enblematiko baino gehiago aurkeztu dira. Horien artean, honako hauek azpimarra daitezke:
Trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren eremuan:
Basque Net Zero Industrial Super Cluster, hidrogenoaren euskal korridorea, Demosath, Turbowave, Global Smart Grids Innovation Hub, Egokitzapen klimatikoaren EB misioa, HyValue, Hidrogenoaren ekosistema, CIC EnergiGUNE, Energy Araba SAU, Energy Intelligence Center, Mubil, Naturklima, Ekoberrikuntza proiektuen fabrika, CI+IRU Hiria Berroneratzeko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa eta Zero Plus.
Trantsizio teknologikoaren eta digitalaren eremuan:
Basque CCAM.Lab, Basque Digital Innovation Hub, Berrikuntza-irekia zentroa, Automozioko fabrikazio aurreratuko zentroa, Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab, Araba Digital, Datu ekonomia, Automotive Intelligence Center, Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, B Accelerator Tower, 42 Urduliz (Bizkaia), Industri kuantika ekimena, Ziur Industrial Cyber Security Center, Quantum Euskadi, Digital Gastronomy Lab eta Gaitu.
Trantsizio sozial eta sanitarioaren eremuan:
PharmaLab 4.0, Etxean Bai, Araba a punto, Araba Talent, Nagusi Intelligence Center, Gantt, Adinberri, Illumina NovaSeq 6000 sekuentziadorea, Health Data Access Body Ikerkuntza, Behatoki, BDCC (Basque District of Culture and Creativity) eta herritarren partehartzean berrikuntzako ilab-a
Aurkeztutako proiektu batzuetan foru-aldundien ahalegina eta Eusko Jaurlaritzako sailena koordinatu eta konbinatzen dira. Horren emaitza irismen eta dimentsio estrategiko handiagoko proiektuetan integratzea eta finkatzea da.
Hezkuntza Sailak Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia 2022-2026 aurkeztu du.
2030erako ZTBPren hedapena indartu egiten da Euskal Sistema Zientifikoaren gaitasunekin, eta, bereziki, berriki onartu den Unibertsitatea+Enpresa 2022-2026 II. Euskal Estrategiarekin. Estrategia berria, aurrekoa bezala, sinetsita dago Unibertsitatea+Enpresa klabean oinarritutako lankidetza funtsezko motorra dela Euskadi XXI. mendean eraikitzeko. Unibertsitateek eta enpresek, unibertsitate-ekosistema osatzen duten eragileekin batera, estrategia honetan duten erantzukizuna partekatzen dute helburu komun batekin: Euskal gizartea garatzen laguntzea.
Unibertsitatearen eta Enpresaren II. Euskal Estrategiak honako helburu hauek ditu 2022-2026 aldirako: 1) Ezagutzaren sorrera eta transferentzia: ezagutza sortzea eta transferitzea, bikaintasun zientifikoa enpresa-esparruan aplikatzearekin lotuz; 2) Kualifikazio handiko talentua prestatzea: gaitasun handiko giza kapitala prestatzea, enpresa-esparruko premiei aplikatutako eta egokitutako osagai batekin; eta 3) Unibertsitatea+Enpresa euskal ereduaren jarduera-ildo berrien jarraipena, ebaluazioa, proposamena eta zabalkundea egitea.
Unibertsitatea+Enpresa estrategia horrek are gehiago indartuko ditu Hezkuntza Saila eta euskal enpresen eta enpresa-erakundeen arteko harremanak, Euskadiren etorkizunari berme handiagoz aurre egitea ahalbidetuko diguten prestakuntza eta talentu-beharrei aurre egiteko.