Berriak Osasuna

Osasun Sailburuak hurbileko Lehen Mailako Arreta defendatu du profesionalen talde-lanean oinarrituta

2022-06-13
  • Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak UPV/EHUren udako ikastaroa inauguratuko du, gaur eta bihar Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den Lehen Mailako Arretaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko duena
  • Programaren helburua Lehen Mailako Arreta balioan jartzea da, haren jatorria eta egungo egoerarainoko bilakaera eraikuntzaren ikuspegitik aztertuz.

 

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur goizean, UPV/EHUren “Lehen Mailako Arretaren iragana, oraina eta etorkizuna” izeneko Uda Ikastaroa ireki du. Sailburuak, 200 pertsona baino gehiagoren aurrean, “hurbileko” Lehen Mailako Arreta defendatu du, “hartako profesionalen talde-lanean” oinarritzen dena, bakoitzak bere gaitasunak dituela eta guztiak elkarren “osagarri” direla kontuan hartuta. Esan duenez, asistentzia-maila horretan lan egiten dutenak “herritarrentzat haien bizitzan zehar osasuneko erreferentzia” dira.

 

Sailburuak azaldu du Lehen Mailako Arretak egoera “zaila” bizi duela, zenbait baldintzaren ondorioz, hala nola lanbide-profil batzuk falta direlako, gizartea gero eta zaharkituagoa delako eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsona gehiago daudelako, etab. Arazo hori Europa osoan dagoela esan du.

 

Gotzone Sagarduik asistentzia-maila hori sendotzeko neurriak aipatu ditu, besteak beste: kontratazioak sendotzea eta beste antolamendu-neurri batzuk abian jartzea. “Eskuragarri dauden profesional guztiak kontratatzen ari gara”, eta beste neurri batzuk ere aipatu ditu, besteak beste egoiliarrei kontratuak eskaintzea prestakuntza amaitu aurretik, egiturazko plazak sortzea edo familiako medikuntzako eta pediatriako prestakuntza-eskaintzako errekorra. Era berean, honako hau azaldu du: “gaur egungo gizartea ez da duela 20 edo 30 urtekoa, eta horrek hausnarrarazi egin behar digu beste antolamendu-neurri batzuk hartzeko orduan, hala nola talde-lanean eta hurbiltasunean oinarritzen direnak hartzeko orduan”.

 

Lehen Mailako Arretak diziplina anitzeko taldea izateko ari da lanean; talde horretan profesional bakoitzak bere gaitasunak garatuko ditu, denak “beharrezkoak eta elkarren osagarri”. Sailburuaren hitzen arabera, sartzeko atea baino askoz ere gehiago dira, “herritarrentzat haien bizitzako osasun-erreferentzia dira”.

 

 

 

IKASTAROAREN EDUKIA

 

Osakidetzak antolatu duen ikastaroaren bidez, asistentzia-maila horren balioa nabarmendu nahi da; horretarako, haren sorreraren testuinguru historikoa azaltzen da, gaur egun arteko bilakaera modu kritiko-eraikitzailean ulertzeko. Helburua da Lehen Mailako Arretak datozen 20 urteotan zer izan behar duen hausnartzea.

 

Ikastaroan, Lehen Mailako Arretaren eta Osakidetzaren eta lehen taldeen sorrera aztertuko da, maila horren oinarri diren hiru zutabeetako ordezkarien eskutik: administrazio-eremua, erizaintza eta medikuntza. Gaur egun arte iritsiko da, eta “argi-ilunetan” sakonduko da; ospitale-eremu, kudeaketa-eremu edo arreta-eredu berriekiko integrazioa aipatuko da. Etorkizunera begira, ikastarora bertaratzen direnek pertsonentzako arreta inguratzen duten teknologia berrien xehetasunak ezagutuko dituzte (Osasun Karpeta, Web bidezko Aurretiko Hitzordua…), bai eta osasun-arazoak sustatzeko eta haiei heltzeko atal pedagogikoa (Osasun Eskola), herritarren ahalduntzea (Paziente-Bizia), zerbitzu-zorro berria edo Lehen Mailako Arretan sartzen ari diren profilak (Fisioterapia, farmazia…) ere, besteak beste.

 

Ikastaro honetan, arrakastadun esperientziak ere jasoko dira, haien berri emateko eta beste osasun-sistema batzuekin partekatzeko.

 

Argibide gehiagorako: https://www.uik.eus/eu/jarduera/atencion-primaria-pasado-presente-futuro

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak